Hezkuntza legea langileokin eraikitzeko mahai sindikal bat osatzeko eskatzen diogu EAEko Hezkuntza Sailari

444

LABek EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektuari eginiko ekarpenek eta izandako elkarrizketek hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzeko akordiorako oinarria jartzea lortu dute.

EAEn hezkuntza lege berria egiteko prozesua martxan jarri zenean, LABek prozesuan eta legean eragin eta hezkuntza eraldatzeko aukera baliatzeko apustua egin zuen, jakinda borroka eta presioa egitea ezinbestekoa izango zela Euskal Eskola Publiko Komunitariorako bidean. Sare publiko bakar deszentralizatu eta burujabean antolaturiko hezkuntza sistemak behar duen eraldaketaren alde.

Sindikatuak hasieratik esan izan du Hezkuntza Lege batek, ezinbestez, eremu politikoan egin beharreko akordioez gain, eremu sindikal eta sozialarekin ere adostasunak eskatzen dituela. Horregatik, alderdi politikoek hezkuntza akordioa sinatu zutenez geroztik legea garatzeko bide orri bat eta mahai sindikal bat eratzea eskatu du LABek. Halaber, mobilizazio eta greben bitartez “publikoa, propioa eta euskalduna” den hezkuntza-sistema eraikitzeko hezkuntza legea langileekin eraiki behar dela aldarrikatu dute.
Bi dira askatu beharreko korapiloak, LABen esanetan; batetik, hezkuntza lege berria; bestetik, hezkuntza-sistemako langileen lan baldintzak. “Euskal Herriko hezkuntza-sistemek eraldaketa sakona behar dute eta horretarako langileen lan baldintzei ezinbestean erreparatu behar zaie” adierazi du sindikatuak.

LABek eremu bietan egin du ekarpena; alde batetik, hezkuntza lege aurreproiektuaren zirriborroari ekarpenak egin zizkioten. Hilabete honen bukaeran aurkeztuko omen da behin-betiko Hezkuntza Lege aurreproiektua. Berriz ere azterketa sakona egingo dute, eta horren arabera beren iritzia eta posizioa ezagutzera emango dituzte. Hala, Hezkuntza Lege on bat lortzeko eragiten jarraituko dutela diote: “Legeak segregazioari aurre egiteko neurriak jaso behar ditu; eskola publikoa erdigunean jarri; ituntze unibertsalarekin amaitu; sare publiko bakar deszentralizatu eta burujaberantz trantsizioa ahalbidetu eta euskal curriculuma, laikotasuna zein eskumenak izatea bermatu”.

Bestetik, eta ikusita bai hezkuntza akordioak bai hezkuntza lege aurreproiektuak ez zutela langileen lan baldintzen inguruko aipamenik egiten, honen inguruko proposamen eta ekarpenak egin zituen LABek: “Hezkuntza sisteman egin beharreko eraldaketak berekin dakar hezkuntzan lan egiten duten langileen lan baldintzak hobetzea”.

Lan baldintzen inguruko ekarpenei dagokienez, hainbat greba eta mobilizazio egin ditu sindikatuak, hezkuntza eremu desberdinetan. Langileek emandako erantzunak indarra sortu du azken asteetan LABek Hezkuntza Sailarekin elkarrizketak izan eta lan baldintzen inguruan aurkeztu zituen ekarpenak lantzeko. “Elkarrizketa horietatik ondorioztatu dezakegu langileen lan baldintzak hobetzeko akordiorako oinarria jartzea lortu dugula eta aukerak daudela langile guztien lan baldintzak hobetzeko adostasun zabalak lortzeko”, azaldu dute.

Sindikatuaren ustez, hezkuntzako langile guztien lan baldintzak hobetu behar dira; langile publikoenak (haurreskoletakoak, heziketa berezikoak, sukalde eta garbiketakoak zein irakasleak), itundutako eremuan ari diren ikastoletako eta gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileenak zein azpikontrataturiko langilenak.Hauek dira LABen iritziz, mahai horretan langileen lan baldintzen inguruan adostu beharreko gaietariko batzuk:

Eremu publikoan:
– Langile kolektibo guztien lanpostuak mantentzea. Jaiotze tasaren beherakadaren aurrean, giza baliabideak mantentzea garrantzitsua baita.
– Funtzio berdina egiten duten langile kolektiboen soldatak parekatzea. Lehentasunez Hezkuntza laguntza espezialisten soldata haur hezitzaileen soldatarekin parekatzea (%10eko igoera)
– Kolektibo feminizatu (sukalde eta garbiketa) eta prekarioenak diren langileen aitortzarako neurriak ezartzea;
langileen lanaren balio politiko, sozial eta ekonomikoa aitortuz.
– Langile guztiak euskalduntzeko neurri zehatzak ezartzea, bereziki euskaldundu gabekoak kolektiboak, Sukalde
eta Garbiketa eta Lanbide Heziketa.
– Jangelen kudeaketa publikorako azterketa egitea.
– Behin-behinekotasun tasa murrizteko neurriak ezartzea.

Eremu itunduan:
– Sare desberdinetan ari diren langileen lan baldintzak parekatzea. Itundutako sarean (ikastoletan eta gizarte
ekimeneko ikastetxeetan) lan egiten duten langileen soldata sare publikoan ari direnekin parekatzea, baita
beste lan baldintzak homologatzeko pausoak aztertzea.
-Itundutako sarean (ikastoletan eta gizarte ekimeneko ikastetxeetan) langileen sarbide gardena bermatzea,
berdintasun, gaitasun eta merituen printzipioetan oinarrituta.
– Itundutako sarean (ikastoletan eta gizarte ekimeneko ikastetxeetan) egon daitezkeen publifikazio prozesuetan
subrogazio eskubidea bermatzea.

Azpikontrataturiko eremuan:
– Azpikontrataturiko zerbitzuen egoera aztertzea, zerbitzu hauen etorkizuneko ereduaren inguruko eztabaida
irekiz. Lehentasuna izanik garbitzaile, jangelako begirale eta garraioko begiraleen azterketak.
Beraz, LABek Hezkuntza Sailari mahai sindikala deitzeko eskatzen dio; hezkuntza legea langileokin eraiki dadin eta hezkuntzako langileen lan baldintzak adostu eta hezkuntza eredua hobetzeko gaiak jorratzeko.