Hezkuntza langileon erronkei aurre egiteko batasun sindikala aldarrikatzen dugu

397

Atzoko egunean komunikabideen bidez jakin dugu Steilas Sindikatuak Hezkuntza sare publikoan eta Haurreskola Partzuergoan apirilaren 7rako lanuztera deitu dituela bertako langileak. Deialdi hau Hezkuntza Akordioaren harira sortutako intersindikaletik at egiten da, aldebakarrez eta aurretiazko inolako komunikaziorik gabe. 

Intersindikalaren azkeneko bileran sindikatu guztiok aho batez erabaki genuen deituta genituen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea. LABek greba bertan behera utzi eta mobilizazioak berrezaugarritzea proposatu zuen; Steilas sindikatuak ordea dinamika guztia bertan behera uztea lehenetsi zuen. Hori guztiarengatik, lanuzte deialdi honen aurrean gure harridura adierazi nahi dugu. Gure ustez, hezkuntzan lan egiten dugun langileok erronka itzelak ditugu lege honen negoziazioaren aurrean. Gure artean hainbat iritzi eta posizio egon daitezke, baina orain arte langileen interesak elkarrekin defendatu eta mobilizazio bateratuetara jo izan dugu. Ez dugu ulertzen alde bakarreko deialdi batek zer ekarpen egingo lukeen. 

Bukatzeko, etorkizuneko hezkuntza legeari begira ditugun erronkak borrokatzeko gure prestutasuna berretsi nahi dugu. Horretarako greba eta mobilizazioak egin beharko ditugula garbi dugu, beti ere sindikatuon eta, garrantzitsuena, langileon adostasuna kontutan hartuta.