Hezkuntza langileok arreta zuzena exijitu dugu EAEko ordezkaritzen aurrean

581

EAEko Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzen bunkerizazioaren aurrean, Hezkuntzako gehiengo sindikalak (LAB, Steilas, ELA eta CCOO) arreta zuzena exijitu dugu Bilbo, Donostia eta Gasteizeko lurralde egoitzen aurrean. Izan ere, urte eta erdi baino gehiago badaramagu langileok arreta zuzenik gabe, eta salbuespenezkoa zen egoera betikotu nahi dutela ematen du.

Osasun krisialdiak eraginda EAEko Hezkuntza Ordezkaritzek arreta eskaintzeko zerbitzua berrantolatu zuten eta harrezkero langileei sortzen zaizkien zalantzak, eskaerak eta kontuak, hala nola, kontratu, baimen eta lizentzien inguruko kontuak, soilik emailez kudeatu ahal dira, maiz, erantzunik gabe edo kudeatu gabe uzten direlarik.

Badira bat-bateko erantzun pertsonala behar duten egoerak eta kudeaketa  kaskar horren ondorioz,  bidean geratzen dira, edo berez errazak beharko luketen kudeaketak oztopoz betetako bide amaigabe bihurtzen dira langileentzat. Honekin batera, erantzun ezak, argibide eskas eta berantiarrek edota Hezkuntza Ordezkaritza ezberdinen arteko irizpide desberdinek eskubide urraketak pairatzera eraman ditzake langileak, kudeaketa txar baten ondorioz  beraien eskubideak zapalduz.

Logikoki arreta eredu honek ezinegona eta ziurgabetasuna eragiten die langileei, izan irakasle, hezkuntza bereziko hezitzaileak, sukaldari edo garbitzaileak. Horregatik, gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizko ordezkaritzen aurrean biltdu garen sindikatuok adierazi nahi dugu onartezina iruditzen zaigula Hezkuntza Ordezkaritzek ematen diguten tratua, eta zuzeneko arretara bueltatzea exijitzen dugu, eta horretarako Hezkuntza Ordezkaritzetan beharrezkoak diren baliabide guztiak  jarri behar ditu Jaurlaritzak.