Hezkuntza departamentuari exijitzen diogu berehalakoan eman ditzala “Musikariak ikastetxeetan” programa bertan behera utzi izanaren arrazoiak

798

Berriz ere euskararen aurkako erasoa burutu du Nafarroako Hezkuntza departamentuak, zuzendari orokorraren baimenarekin eta Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen zerbitzuburuaren oniritziarekin.

Duela hilabete pasatxo salatu zuen LABek Hezkuntza departamentuko atal horretan bizi zen egoera jasanezina zela, bai langileekiko jazarpenarengatik eta baita euskararen aurkako eraso ugariengatik ere.

Oraingoan, Hezkuntza departamentuak A eta D ereduetarako “Musikariak ikastetxeetan” izeneko programa kentzea erabaki du, aldebakarrez noski. Programa horrek ikastetxeetan euskal musika eta euskal kultura zabaltzeko dinamikak bultzatzen ditu, goi mailako musikariek ikastetxeetara joanda ikasleekin sortzen dituzten elkartrukeen bitartez. Parte hartu duten eskola guztiek urtero errepikatu izan dute, eta balorazioak, ikasleen zein ikastetxe eta musikarien aldetik ere, izugarri onak izan dira. Nabarmendu behar da, gainera, Hezkuntza departamentuak baduela emaitza horien berri, izan ere, ikastetxeek formulario bidez egiten baitituzte programa horren inguruko balorazioak.

Alabaina, joan den ostiral eguerdian, ekainak 23, datorren ikasturterako adostuta zegoen “Musikariak ikastetxeetan” programa kudeatzeko luzapen kontratua bertan behera geratzen zela zioen posta bat jaso zuen enpresa kudeatzaileak, aldez aurretik inolako jakinarazpenik izan gabe. Enpresa horrek 2018an egindako lizitazio baten bidez eskuratu zuen programa hori kudeatzeko zeregina, eta orduz geroztik etenik gabe aritu da horretan Hezkuntza departamentuko Euskara atalaren eskariz.

Kontratua 2022-23 ikasturtean bukatzen bazen ere, balorazio positiboak ikusirik, luzapena adostua zuten bi aldeek. Orain, ordea, ekainaren bukaeran eta San Ferminen atarian gaudelarik, Santo Domingoko egoitzan programari jarraipenik ez ematea erabaki dute, aldebakarrez eta inolako azalpenik eman gabe. Honen harira, programaren koordinatzaileek Hezkuntzako zuzendari orokorrarekin bilera eskatu dute, baina gaur-gaurkoz ez dute inolako erantzunik jaso.

LABetik Hezkuntza departamentuari exijitzen diogu lehenbailehen eman ditzala egoera horren inguruko azalpenak. Halaber, euskararen kontrako erasoek jarraitzen duten bitartean aurrean izango gaituela argi utzi nahi dugu berriz ere.