LABek Hezkuntza Departamentuak Alaitz Institutuko batxilergoko lerro bat bidegabe kentzeko asmoa duela salatu nahi du

297

52 ikasle aurre matrikulatu dira Alaitzen Gizarte Zientziak-Humanitateak eta Zientziak-Teknologia baxilergoetan ikasteko datorren ikasturtean, hala ere Hezkuntza Departamentuak talde bakarra osatzea aurreikusten du.

Izena eman duten ikasleetatik 22 Alaitzekoak dira, 25 Jaso ikastolakoak eta 5 beste ikastetxeetakoak. Musika eta Arte Eszenikoko taldeaz gain, historikoki batxilergoko beste bi talde egon dira Alaitzen. Nola justifikatu dezake Departamentuak talde horren beharrik ez dagoela?

Departamentuak Alaitzetik datozen aurrematrikulatutako ikaslegoaren %65 bakarrik batxilergora pasatuko dela aurreikusten du. Baina ehuneko hori ez dator bat Alaitzen azken hiru urteetako matrikulazio datuekin:

– Aurrematrikulatutako ikasleen %80ak baino gehiagok batxilergo ikasketak aukeratzen ditu (2021-2022: %81.08, 2022-2023: %80.49, 2023-2024: %84).

– Kanpotik datozen ikasleen artean ere portzentaia altua da: 2021-2022: %91.38, 2022-2023: %101.85 (epez kanpoko matrikulazioak direla eta %100tik gorakoa), 2023-2024: % 78.57.

Honek bi ondorio ditu. Alde batetik, sortzen den talde bakar hori oso kopurutsua izango da, are gehiago, legeak baimentzen duen ikasle kopuru maximoan itxiko da. Hezkuntza Departamentuak ratioen jaitsiera emateko duen borondatea zalantzan jartzen dute horrelako jokaerek.

Bestalde, ikasle batzuk kanpoan geldituko dira eta ezingo dituzte haien batxilergoko ikasketak Alaitzen egin. Zer gertatuko da ikasle hauekin? Etxetik urrunago dituzten institutuetara joan beharko dute? Bermatuko da euskaraz ikasteko duten eskubidea? Ez ote da hau beste aitzakia bat gehiago D eredua zigortzeko?

LABek, Alaitz ikastetxeak eta familiek egin duten zilegi den eskaerari erantzun bat lehenbailehen ematea eta orain arte bezala bi talde horiek mantentzeko exijitzen dio Hekuntza Departamentuari.