Heziketa Bereziko lan legepeko langile finkoen 2024/2025 lekualdatze lehiaketa

350


Dakizuenez, martxoaren 20an mahai parekide bat izan genuen lekualdatze lehiaketaren inguruan aritzeko. Bertan jakin genuen 2024ko irailaren 1erako LEPa ez dela bukatuta egongo, urte bukaeran bukatuko da. Gauzak horrela, egoera aztertuta LABetik mahai negoziatzaile bat eskatu genuen lan hitzarmenaren 14.artikulua aldatzeko, hau da, lekualdatze-lehiaketaren arautegia gaur egungo egoerara egokitzeko, sententzia batek finko eta aldi baterako gisa metatutako antzinatasuna zenbatu behar dela esaten baitu eta prozesua behin bukatuta lanpostuak jabetzan hartzeko aukera desberdinak aztertzeko.

Gure ustez 24/25 ikasturteko lehenengo hiruhilabetean egin beharreko esleipen prozesu ezberdinak, lekualdatze-lehiaketa eta LEP elkarri lotuta egon beharko lukete. Prozesu guzti hauek, hurrengo ikasturterako aurreikuspenak izanda, noiz eta nola egingo diren negoziatu beharra adierazi genion administrazioari.

Gure eskaerari entzungor eginda, Hezkuntza sailak aldebakarrez erabaki du, lekualdatze-lehiaketa martxan jartzea, ebazpen bidez aipatutako sententzian jasotakoa aldatuz. Eskaerak betetzeko epea 2024ko apirilaren 8tik 09:00:00 15era 23:59:59 bitartekoa, biak barne, izango da eta informazio guztia ( Pozesuaren oinarriak, informazio orokorra, eskainitako lanpostuak eta aplikazio
informatikoaren gida) hurrengo LOTURAn duzue

Kolektibo bakoitzean eskaintzen diren lanpostuak

  • Hezkuntza Laguntzako Espezialistak
  • Fisioterapeutak
  • Okupazio-terapeutak
  • Transkriptoreak eta materialaren egokitzaileak

Lan-legepeko aldi baterako langileek betetako jardun osoko lanpostu hutsak eskaintzen dira eta lehiaketa ebaztearen ondoriozkoak gehituko zaizkie, beraz lanpostu adina aukeratu daiteke, beteta zein hutsik daudenak.

Lehiaketan parte hartzeak esleitutako destinoan derrigorrean 2024ko irailaren 1etik hastea dakar eta lekualdatzean finkoek beteko dituzten lanpostu hutsak betetzen ari diren bitarteko langileen kontratuak abuztuaren 31n bukatuko dira.

Bateraezintasun eszedentzian dauden langileak inkorporazioa eskatu beharko dute lanpostuaren jabetza egiteko. Erretiro txanda kontratua duten langileek ezingo dute parte hartu.