A18 Manifestazioa: POLITIKA PUBLIKOAK ALDATU!

103

Zerbitzu publikoetan politikak alda daitezen, apirilaren 18an mobilizatu egingo da LAB.

Euskal Herriko zerbitzu publikoen egoera onartezina da, eta, horregatik, politika publikoak aldatzeko helburuarekin, LABek beste sindikatuekin batera mobilizazioak eta grebak egin ditu azken urtean Ipar Euskal Herrian, Nafarroa Garaian zein EAEn.

EAEko egoera zehatzari dagokionez, salatu nahi dugu EAJk erabateko erantzukizuna duela zerbitzu publikoen gainbehera eta pribatizazio horretan, EAEko administrazio eta erakunde publiko nagusiak kudeatzen baititu. Erabiltzaileok eta langileok argi ikusten ditugu egunero ondorioak: ratio eta langile egitura eskasak, ordutegi neurrigabeak, Madrilgo politikekiko menpekotasuna, erosahalmenaren galera, euskalduntzeko anbizio falta, behin-behinekotasuna, berdintasun plan eskasak, inposizioak, pribatizazioak…

Nahikoa da! Zerbitzu publikoek oinarrizko zerbitzuak ematen dituzte, eta orain arte gobernuan egon direnek langileon miseria aprobetxatu dute negozioa egiteko; zer esanik ez, erabat pribatizatua dagoen zaintzaren eremuarekin. Egoera okerragoa ez bada eta aurrerapenak egin badira, jendartearen eta langileon borrokek bultzatuta izan da, ez agintarien borondateagatik.

Politika publikoak errotik aldatu behar dira. Euskal Herrian badira baldintzak gure zerbitzu publikoak eta bertako langileon lan-baldintzak guk geuk erabakitzeko, eta horren alde gogor borrokatu beharra dago.

LAB beti egon da borrokan, mobilizazio eta borroka propioetan zein elkarlanean; azken hilabeteetan, gehiengo sindikalarekin eta mugimendu feministarekin batera: zerbitzu publikoak indartzeko, zaintzako langileen publikotasuna aitortzeko, pribatizazioak gelditzeko eta publifikazioak egiteko, enplegua sortzeko eta egonkortzeko, erosahalmenari eusteko, soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, zerbitzuak eta langileak anbizioz euskalduntzeko, politika feministak adosteko…
Betiere, Euskal Herrian erabakita eta inposiziorik gabe; guztion artean adostuta.

Horrela, ikasturte honetan egindako borroka honetan, zerbitzu publikoetan deituriko hiru greba egunez gain, beste mugarri bat
jarriko du LABek, eta apirilaren 18an manifestazio jendetsua egingo du Bilboko kaleetan EAJren eredu neoliberala salatzeko eta politika publikoak aldatzeko exijitzeko.

INFOa deskargatzeko

Kartela deskargatzeko