Heziketa Berezia EAE: Lan hitzarmenean sinatutakoak garatzen gabiltza

388

2024ko abenduan LABek sinatutako lan hitzarmenari esker, hezitzaileon lan baldintzak hobetuko dituzten akordio berriak erdiesteko bidean gaude eta ordutegien jakinarazpenean LABek egindako ekarpen guztiak txertatzea lortu dugu!

Atzoko mahai negoziatzailean gai hauek landu eta negoziatu genituen bereziki:

Ordezkoen araudia

Ordezkoen araudi berriaren negoziaketaren azken fasean sartu gara eta lan hitzarmenean adostutako denboran garatu da. Atzo, interpretazio ez egokiak saihesteko helburuarekin azken zuzenketak proposatu genituen LABetik.

Zuzenketa hauek jasota geldituz gero, LABek ordezkoen araudi berria sinatuko duela adierazi genuen, beraz, ordezkaritzaren gehiengoak sinatuz gero, aurrera aterako dugu.

2025-2026 ikasturteko ekoizpenagatiko kontratuen akordioa

Hitzarmen berria sinatu izanak 300 lanpostu baino gehiago sortzea ekarriko duela jakinarazi zigun administrazioak. Lanpostu horiek oraingoz ekoizpenagatiko kontratu bidez beteko direla jakinarazi zigun, funtzio publikotik bakante moduan ezin direla atera esan dietelako. LABetik eskatuta, administrazioak kontratu hauen inguruko akordio proposamena ekarri zuen. 25-26 ikasturterako salbuespenez COCUan banatuko diren kontratu hauek, 12 hilabeteko iraupena izateko akordio proposamena lantzen ari gara.

Akordio hau hobetzeko helburuarekin, LABetik ekarpenak lantzen gabiltza; lanpostu hauek estrukturalak bihurtu, langileentzat baldintza egokienak lortu eta lanpostuetan egonkortasuna bermatzeko helburuarekin. Dena ondo bidean, ordezko araudi berriarekin batera akordioa sinatuko genuke.

Hezkuntza laguntzako espezialisten ordutegien inguruko jakinarazpena

Azken INFOan azaldu genizuen bezala, ikastetxeetara bidali den HLEn ordutegi berrien inguruko jakinarazpena LABetik atzera bota genuen eta mahai parekide batean lantzea eskatu genuen.

Atzo, dokumentuari LABek egindako ekarpen guztiak txertatuta mahaira ekarri zuten. Dokumentu berria ikastetxeetara bidaliko dute aurrekoa bertan behera gelditzen dela adieraziz. Dokumentuak aldaketa hauek jasoko ditu:

  • Doako menurik ez dela egongo ezabatu da.
  • Eguneko ordu bateko koordinazio denbora klaustroetan parte hartzeko, eskolan ematen den formakuntzan parte hartzeko, gainontzeko hezitzaileekin, tutoreekin, PTekin eta gainontzeko profesionalekin koordinatzeko, ziklo, maila eta ebaluazio bileretan parte hartzeko, gurasoekin bilerak egiteko eta orientazio taldeko koordinazio bileretan parte hartzeko erabili daiteke.
  • Antzinatasunagatiko norberaren gauzetarako eta norberaren gauzetarako egunak uztailean hartuko direla ez da jasoko, lekuz kanpo zegoela ulertzen genuelako.

    Baliabideak esleitzeko irizpideen negoziaketa

    Aste honetan, hezitzaileak ikastetxeetan eta berritzeguneetan esleitzeko irizpideen negoziaketari ekiteko proposamena jaso genuen. Proposamenak definizio asko falta duela salatu genuen atzo LABetik eta hitzarmenean jasota dagoen bezala, ikasturtea amaitu baino lehen, irizpide hauek negoziatu eta adostu behar ditugula azpimarratu genuen.

Lan hitzarmenean jasotzen den bezala, baliabideak esleitzeko irizpide berriak martxan jarriko dituen akordioa adostu behar dugula adierazi genuen beste behin. LABen helburua, ikastetxeetako beharrak asetzeko nahikoa izango den kolektibo guztietako hezitzaile kopuruak gardentasunez eta modu objetiboan esleitzeko irizpideak negoziatzea izango da.

LABentzako gainontzeko akordioak sinatzeko negoziazio hau bide onean jartzea ezinbestekoa izango dela adierazi genuen.

Hortaz, akordioak isteko eta baliabideak esleitzeko irizpideen negoziaketarekin jarraitzeko bilera berri baterako hitzordua jarri genuen.

Merezimendu lehiaketa ondorioz finkotasunaren kontratu sinadura

Arazo informatiko baten ondorioz kontratuen sinadura atzeratzen ari dela adierazi zitzaigun atzo. Hauek konponduta, kontratua sinatzeko lurralde ordezkaritzetan hitzordua hartzeko SMS bat bidaliko zaigula adierazi zitzaigun.

Hitzordua formulario baten bidez hartu beharko da.

Heziketa-Berezia_INFO-2025-06-13-