Administrazioak ez du ordezkoen araudiaren eta atxikipenaren inguruko proposamenik ekarri
Gaurko mahai negoziatzailean ordezkoen araudia eta zentroen atxikipenaren inguruan aritu behar baginen ere, administrazioak ez ditu sindikatuok egin ditugun ekarpenak aztertu eta ez du proposamenik ekarri. Gauzak horrela administrazioaren arduragabekeria salatzen dugu LABetik.
· Zentroen atxikipena eta hurrengo ikasturterako esleipen prozesu guztiak
Zentroen atxikipenaren inguruan azken mahaian esandakoa zalantzan jarri dute gaurkoan. Hau da, ez dago garbi datorren ikasturtean atxikipenaren aldaketa gauzatuko den, momentuz berritzeguneetara atxikuta jarraitzeko aukera plazaratu dute. Beraz, lekualdatzea (kontsolidazioan konprometituta ez dauden plazekin) eta esleipenak nola egingo diren ere ez dute argitu. Argi esan duten bakarra esleipenak egiteko aplikatiboan irizpideak aldatzeko denborarik ez dutela da.
Bestalde, LABetik merezimendu lehiaketan finkotasuna lortuko duten langileek kontratuak lehen bailehen sinatzea eskatu dugu eta prozesu guztiak garaiz eta berme guztiekin egin behar direla azpimarratu dugu, hurrengo ikasturtea behar den bezala hastea helburua dugulako.
Gainera, argi adierazi dugu zentroen atxikipenaren negoziazioarekin batera baliabideak esleitzeko irizpideak, ratioak, intentsitateak eta jardun erdiko lanpostuak oso bihurtzeko plana negoziatu behar dela.
· Ordezkoen araudiaren negoziazioa
Ordezkoen araudiaren negoziazioari begira, administrazioak sindikatuon lehenengo ekarpen gutxi batzuk araudian sartuz proposamen bat bidali zigun. Horretan oinarrituta gaur egungo egoerara egokituko litzatekeen ordezkoen araudi duin baterako ekarpenak egin eta bidali genituen pasa den astean. Gaurko mahaian, sindikatuon ekarpenak kontuan hartzen zituen proposamena aurkeztea aurreikusita bazegoen ere, esku hutsik etorri dira. Ez dituzte gure ekarpenak aztertu eta ez dute proposamen berririk mahai gainean jarri. Hezkuntza saila ez da bere ardura betetzen ari eta gogor salatu dugu egoera hau ez dela onargarria.
Gauzak horrela, LABen egoera aztertuko dugu eta ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu heziketa bereziko hitzarmenaren baitan adostutako negoziazio guztiak burutu daitezen.
· Lan hitzarmenean pare bat zuzenketa
Horretaz gain, gaurkoan zentzuzkoa izan den gauza bakarra, Lan hitzarmen berriko lizentzia eta baimenen inguruko akats batzuk zuzentzeko akordioa sinatzea izan da. Zuzenketek edoskitze metatuan eta senideen heriotzagatiko baimenean hobekuntzak ekartzen dituzte: Edoskitze metatuan egun naturaleko baimena izan beharrean laneguneko baimena izango da; eta heriotzagatiko baimenean aldiz, langilearekin etxebizitza berean bizi den pertsona hiltzen bada ere baimena hartu ahal izango da.
Heziketa-Berezia-EAE_INFO-2025-03-06