Heziketa Berezia EAE: atzo Lan Hitzarmenaren negoziazio mahaia burutu zen

117

Administrazioak urriaren 15ean helarazi zigun zirriborroari egin dizkiogun ekarpenak aztertu eta aste honetan bertan beste hitzarmen proposamen bat bidaliko digu. Urriaren 29rako sinatu edo ez erabakitzea eskatu zaigu sindikatu guztioi. Uztailean Lan Hitzarmena negoziatzeko mahaiak bertan behera gelditu ondoren egindako mobilizazioek eta eskaerek eragina izan dute. Hezkuntza saila berriak Lan Hitzarmenaren negoziazioa berrekitea lortu dugu.

Balioan jarri nahi dugu alderdi guztiek egindako lana. Adostasunetara ailegatzeko jarritako borondatea ezin daiteke ukatu. Bide honetatik, hezitzaileon kolektibo guztien aitortzan aurrera urrats bat egiteko aukera historiko bat daukagu mahai gainean.

Hitzarmen honetan LABek Hezkuntza Legearen kontestuan bultzatu eta sinatutako akordio laboraleko neurriak daude, baita Heziketa Bereziko kolektiboaren aldarrikapen historikoak ere.

Testu honek, orube bat ezarriko luke Hitzarmenaren indarraldia amaitu arte, hau da, 2026ko abenduaren 31ra arte. Garaia iritsita, borroka fase berri baten bitartez, beste urrats batzuk emateko momentua iritsiko litzateke. Bien bitartean lan hitzarmenean jasoko litzatekeen guztia indarrean jartzeko beharrezkoak diren ekimenak eta negoziazioak burutuko genituzke.

Besteak beste, Hitzarmen honek, ordezkoen araudia, plantillak esleitzeko irizpideak, ratioak, intentsitateak/ejeak eta lanpostu erdiak osora pasatzeko plan bat negoziatzea ekarriko luke.

Hau horrela bada ere, Hitzarmenaren azken proposamenean ekarri diren artikulu batzuen inguruan ekarpen eta zuzenketa batzuk proposatu ditugu. Hala nola, uztaila eskolarik gabeko aldi bezala aitortzea, jangelan lan eginez gero bazkaria jasotzeko eskubidea izatea, Fisio eta Otetan eguneko lanaldiaren hasiera eta bukaera Berritzegunea izatea, Zeinu Hizkuntzako Interpreteen titulazio balizkoak bakarrik onartzea edota zerrendetan sartzeko euskara eskakizuna C1 izatea.

Ez dugu ahaztu behar aipatutako hobekuntza hauek eta soldata igoerak sortuko duten kostu ekonomikoa aurrekontuetan jaso behar dela 2024 urtea amaitu aurretik. Horrek lehen bailehen erabaki bat hartzea eskatzen du.

Gauzak horrela, LABetik hitzarmen hau aurrera atera nahi baldin badugu gehiengoaren sinadurarekin izan beharko da. Gaur egungo ordezkaritza hau da:
LAB %36,36 STEILAS %27,27 ELA %25,45 CCOO %7,27 UGT %3,63

Hau ez bada sinatzen ez da hitzarmen honetan jasota dagoen inolako hobekuntzarik aplikatuko, egun indarrean dugun lan hitzarmenarekin geratuko ginateke. Gainera, ez dakigu noiz irekiko litzatekeen Lakuako atea berriro hitzarmena berrizteko.

ZHI titulazioa

Ordezkoen araudiaren atalean sartuta. akordio partzial baten bitartez Zeinu Hizkuntzako Interpreteen titulazioan gehikuntza bat sinatzea eskatu zitzaigun. LABek titulazioen aldaketa hori lan hitzarmenean sartzeko eskatu genuen. ZHIen zerrendetan sartzeko titulazio hauek izatea eskatu dugu:

· Zeinu Hizkuntzaren interpretazioko goi-mailako teknikari titulua
· Gradua Espainiako zeinu-hizkunzako eta gorren komunitatean

Hala ere, argi utzi dugu dagoeneko lanean edo jada zerrendetan dauden langileak, kolektiboan mantendu behar direla. Egoera ikusita, administrazioa euren kezkei erantzuten dien proposamena helaraztekotan gelditu da.

LEP Merezimendu Lehiaketa

Jabetzaren inguruko proposamen zehatza urriaren 29an egingo den mahairako bidaliko zaigu. Hala ere, atzoko mahaian Hezkuntza sailak aurreratu zigun azaroaren lehenengo hamabostaldian eskainiko diren lanpostuen behin behineko zerrenda argitaratzea aurreikusten duela, merezimenduen behin betiko zerrendarekin batera.

Mahai parekidea

Gizarte Funtsa eta formakuntza funtsan onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak aurkeztu zizkiguten. Gaur argitaratuko da Hezigunean eta erreklamazioak egiteko epea gaurtik urriaren 30era luzatuko da.

Gizarte funtseko laguntzak onartzeko txosten medikuak baieztatzen dituzten profesionalen falta dago Gipuzkoan. Herrialde honetako mediku falta dela eta, nola jardungo den argitzea eskatu dugu LABetik.

Funtsak onartzeko eskatzen diren dokumentazioetan hutsuneak baldin badaude subsanatzeko prozedimentua zehaztea ere eskatu dugu hurrengo jarraibideetarako.

Horrez gain, LABetik ikasturte hasieran hezitzaileen ordutegiekin desadostasunik badagoen galdetu dugu. Administrazioak ez du honen inguruko berririk ekarri, nahiz eta guk arazoak egon diren jakin badakigu.

Lurralde ordezkaritzetan informazioa eskuratzeko eskatu diegu, baita adostutako prozedimentuen bidez gatazka horiek moldatzeko. Mahai parekidea da ordutegien gatazkak ebazteko tresna. Beraz,ordutegiekin arazoak baldin badituzue jarri gurekin harremanean.

Era berean Ikasturte hasierako jarraibideetan OTei dagokien atalean zuzenketak aurkeztuko ditugula adierazi dugu.

Gogoratu gaur asanblada irekiekin hasiko garela, zure parte hartzea garrantzitzua delako, bertan espero zaitugu.

INFO_Urriak-24-2