LABetik salatu nahi dugu azken urteetan hezkuntzan urrats ezberdinak eman direla Osasun eta Prebentzioari dagokionean, baina oraindik ez dira nahikoak. Bereziki larritzen gaitu langileen aurkako erasoen gorako joera, bai familien aldetik datozenak baita ikasleengandik. Hortaz gain, arazo psikosozial eta muskuloeskeletikoei ez zaie behar bezala heldu azken urteetan, eta ez dira behar diren adina baliabide jarri arlo honetan.
Apirilaren 28a, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna den testuinguruan, LABetik argi eta garbi adierazi nahi dugu 30 urteren ondoren, lan osasunaren prebentzio araudia ez dela ari betetzen Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazio publikoetan. Horrek ondorio oso larriak ekartzen dizkigu langileoi egunero. Jakin badakigu laneko arriskuen lidergoa hartu dutela arrisku psikosozialek.
Bistan da, Hezkuntza komunitatea osatzen dugun langile guztiak (irakasleak, sukaldariak, garbitzaileak, hezitzaileak, atezainak…) garela arriskuak pairatzen ditugunok. Urteak daramatzagu arrisku psikosozialen aurrean ebaluaketa psikosozialak maiztasunez egin behar direla aldarrikatzen, baita bertan neurri prebentiboak integratzea ere.
Ikastola eta Itunduetako ikastetxeetan ere prebentzio mahaiak martxan badaude ere, urrats berriak ematea ezinbestekotzat jotzen dugu, bereziki arazo psikosozialei dagokionean.
Horretarako ezinbesteko izango da protokoloak eguneratzea, arazo psikosozialen azterketak egitea eta prebentzio neurriak martxan jartzea.
Hezkuntzako langileak arduratuta daude azkenaldian ematen ari diren erasoen gorakadagatik. Eraso horiek ez datoz soilik ikasleengandik, familiengandik ere gertatzen ari dira. Honen aurrean hausnarketa eta babes neurriak eskatu nahi ditugu LABetik.
Oraindik ere gaixotasun psikologikoak laneko gaitzen zerrenda ofizialean onartuta ez daudenez, Mutualitateek badute aukera lanak eragindako kalteak ez onartzeko eta ezkutatzeko. Beraz, aitzakia hori baliatuaz, baja arrunt gisa sailkatzen dituzte.
Gauza berdina gertatzen da Heziketa Berezian, haur eskola zein Haur Hezkuntzako irakasleekin, Sukaldari eta Garbitzaileekin arazo muskuloeskeletikoekin. Bitartean, erakunde eta patronalak absentismoaz hitz egiten jarraitzen dute. Langileon osasuna kolokan jartzen duen sistema baten aurrean gaude.
Zentzu horretan, prebentzioaren ardura ez da betetzen, eta kontrola gero eta gehiago uzten ari dira esku pribatuetan. Izan ere, Espainiako Gobernuak mutuei eskumen gehiago eman dizkie, eta Hego Euskal Herriko administrazioak neurri hori garatzen ari dira. Etekin ekonomikoak lehenetsiz langileon osasunaren gainetik.
Horregatik eskatzen dugu:
- Prebentzio plangintzak eta ebaluazioak langile ordezkariekin negoziatu eta adostea.
- Azterketa medikuak egitea.
- Azterketa psikosozialak egitea eta neurriak hartzea.
- Lanpostu eta lan-zentroen azterketak egitea.
- Ikastetxeetako prebentzio figurei behar besteko baliabideak eskaintzea.
- Egokitzapenak egokiak egitea arazo muskuloeskeletikoei aurre egiteko.
- Gaixotasun profesionalen zerrenda zabaltzea gure lanbidearen arazoei egokituz.
- Arrisku Biologikoak ekiditeko neurriak.


