Haurreskolak Partzuergoko mahaia: 2023-2024 ikasturteko Funtzionamendua eta haurren izen ematearen jarraibidea

364

Atzo, hilak 16, mahai negoziatzailea izan genuen; doakotasunarekin batera familiei eskainiko zaien Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza, funtzionamendua eta haurren izen ematearen inguruko dokumentuari egindako ekarpenak izan genituen aztergai.

Egiten diguten proposamenak gaur egun dugun lan hitzarmena errespetatu behar dutela oinarri hartuta, Haurreskoletako hezkuntza zerbitzua kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izan dadin, langileak eta haurrak erdigunean jarriz, LABek ekarpen sozial, antiarrazista eta feministak egin zizkion dokumentuari.

Arlo sozialari dagokionez, haurrak onartuak izateko lehentasun-irizpideen atalean LABetik egin genituen ekarpenak onartu dizkigute atzo aurkeztutako azken zirriborroan, egoera zaurgarrian dauden familien kasuistikaz gain, guraso edo tutore legal bakarreko familiak, gaixotasun larriak dituzten familiak, dokumentaziorik gabe daudenak edo preso dauden gurasoen egoerak gehituz.

Bestalde, ordutegiari dagokionez, Partzuergoaren azken proposamenean berriro ere 6 orduko oinarrizko ordutegia proposatzen dutenez, LABetik Haurreskola guztiek eta familia guztiei 8 orduko zerbitzua eskaintzea eskatu dugu. LABek aldebakarrez 2018ko akordioan sinatutakoa aintzat hartuz eta berdintasun printzipiori helduz, familia guztiei 8 orduko zerbitzua eskaini behar zaiela adierazi diegu.

Ordutegien proposamenarekin ados ez gaudela adierazi badugu ere, batez ere. arratsaldeko ordutegiarekin (14:00-19:00), Partzuergoko Zuzendaritza batzordeak hala erabakita eta udalekin elkarlanean, 2023-24 ikasturterako eta froga pilotu bezala, arratsaldeko ordutegia eskainiko du, hiriburu bakoitzeko haurreskola banarako. Iraileko matrikulazioari lotuta egongo litzateke. Familien aldetik eskaerarik ez balego, gainontzeko haurreskolen ordutegi bera izango dute. Haurreskola horietan, gehienez ere, gela bat eskainiko da arratsaldeko zerbitzurako eta hiriburuetako haurreskolei pilotaje hau borondatez egiteko aukera emango zaie.

Bestalde, haurrak matrikulatzeko familiei eskatzen zaien dokumentazioari dagokionez eta egoera zaurgarrian dauden familiak kontuan hartuta, proposamen ezberdinak egin ditugu prozesua errazteko, bai familiei zein koordinatzaileei.

LABetik familiei findantzarik ez kobratzeko eskatu dugu. Izan ere, haurren asistentzia bermatzeko neurri moduan aurkeztu badute ere, LABek egindako azalpenen aurrean, fidantza kobratzea haurren asistentzia bermatzeko neurri egokia den aztertuko dute.

Haurreskolarik ez duten udalerrietako familiak orain arte ezberdintasun egoeran zeuden, ez zutelako puntuaziorik jasotzen bizilekuaren gertutasunari zegokionez. LABek egindako ekarpenari esker, familia hauek gertuen dagoen haurreskolan puntuazio bera lortuko dute.

Gauzak horrela, atzoko ekarpen eta azalpenekin ikusteke dago zein izango denZuzendaritza Batzordeak ebatsiko duen funtzionamendurako behin-betiko jarraibidea. LABek familientzako den dokumentu honekin batera, hezitzaileentzako azalpenen dokumentua eta koordinatzaileekin bilera informatiboa egiteko eskatu du.

Zuzendaritza Batzordeak argitaratuko dituen funtzionamendu arauak argitaratuta, irailean izango ditugun 1035 hezitzaileen finkoen lanpostuen zerrenda zein irizpideren baitan osatuko den negoziatu nahi du. Hurrengo ikasturterako lanpostuen proposamen zerrenda desberdinbat aurkeztu digute baina aurrekoan bezala, irizpide eta zehaztasunik gabe. Beraz, lanpostuen zerrendaren negoziazioa atzeratu da.

Bestelakoak

EAEko langile publiko guztiei urtarriletik aplikatu zaien %2,5eko sodata igoerari buruz galdetu genuen. Martxoko edo apirileko nominan aplikatuko digute txosten bat falta zaielako ordaindu ahal izateko.

Haurreskolak-INFO-17._-Mahai-negoziatzailea.-Funtzionamendua-eta-haurren-izen-ematea