Haurreskolak Partzuergoko itzulera plana negoziatzea eta matrikulazio epea zabaltzea eskatzen du LABek

377

Haurreskolak Partzuergoko zentroak gainontzeko hezkuntzako zentroekin batera itxi ziren COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren eraginez. Orain, Espainiar Gobernuak aurkeztutako deseskalada fasean, berriz, maiatzaren azken astean irekitzeko aukera zabaltzen da. Sorpresaz hartu ez bagaitu ere, orain arte Haurreskolak Partzuergoa ez da egon Hezkuntza sailaren ikasturte amaierako planaren barruan. Era berean, ez dirudi Osasun Sailak baimentzen duenerako, geletara itzultzeko aukera posibleak aztertu dituztenik. Zorione Etxezarraga gerenteak atzo arte esan  digun bakarra izan da jakin egin beharko genukeela  maiatzetik aurrera zer, eta oraingoz ez dagoela erabakirik. Langileok kezka handiz bizi dugu azkenengo hilabeteetan eman den alde sozialaren gutxiestea, eta familiek ez dakite itzultzeko aukera izango duten, ezta irailean lana eta familia uztartzeko zein neurri hartu ahal izango duten.

Gauzak horrela, argi dago Eusko Jaurlaritzak saldu nahi digun normaltasunera bueltatze horretan hainbat hutsune daudela, batez ere feminizatu eta produktiboak ez diren arloetan, hezkuntza arloari dagokionez haur hezkuntza, alegia. Orain, Madrilek  eskoletara balizko itzultzera iragarri du 0-6 urteko etaparako, eta hurrengo asteetan hori EAEn nola gauzatuko den definitu beharko du Jaurlaritzak.

Maiatzaren bukaerarako aurreikusten den balizko haur eskolen irekieraren inguruan, bestalde, LABek erabakia ahalik eta lasterren hartzea  eskatzen du. Eta zabaltzen badira, LAB sindikatuak berandu baino lehen prebentzio planak negoziatzea eskatzen du haur, hezitzaile, kudeaketako langile, udaletako langile eta familientzat, bakoitzarentzat beharrezkoak izango diren babes neurriak bermatzea eta espazio eta ratioen berrantolaketaren aurreikuspena egitea.

Horretaz gainera, balizko irekiera baten aurrean, ikasturte honen bukaerarako izen-emate berezia martxan jartzea eskatzen du LABek. Hezkuntza zerbitzu hau kontziliazio neurri gisa planteatu bada ere, doakoa izateaz gain, haurren benetako beharrak asetuko dituen neurria izatea eta eurei begiratutako egokitzapen epe bezala planteatzea eskatzen dugu. Harrigarria iruditzen zaigu egiten den proposamen honetan, ¨deseskalada¨ derrigorrezkoak ez diren etapetatik hastea, eta susmoa dugu, egoera hau baliatuz berriro ere gure zikloa desitxuratzeko apustua egin nahi izango dutela. Hain zuzen ere, kontziliazio neurriekin lotuz eta duen balore hezigarria gutxietsiz.

Bestalde, Haurreskolak Partzuergoan, hurrengo ikasturterako haurren izen-ematea maiatzaren hasieran izaten da urtero; aurten, aldiz, alarma egoerak indarra galtzen duenean egingo dela iragarri dute. LAB sindikatuak kezkaz bizi du inprobisatzeko joera hau eta matrikulazio epea hurbildu ahala hainbat proposamen egin ditu: hala nola, matrikulazioa on-line egiteko aukera zabaltzea, beti ere arrakala digitala kontuan izanik, udalen bitartez izen-ematea gauzatzeko aukerak aztertzea, izen-ematea etengabean irekita mantentzea… Hasiera hasieratik elkarlanerako eskua luzatu diogu gerenteari, baina argi dago hezkuntza komunitatearekin ez duela ezer jakin nahi EAJk. Are larriagoa iruditzen zaigu, hezkuntza saileko eta udal desberdinetako ordezkariak biltzen dituen Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordea, zeinaren lehendakaria Cristina Uriarte sailburua den, ez dela matrikulazioaren gaia  aztertzeko bildu ere egin. Beraz, Haurreskolak Partzuergoaren parte diren udalek, langile eta familiek ere ez dute inongo berririk jaso izen-ematearen inguruan. Gainera hainbat herritan, Haurreskolak Partzuergoaren, udalen, familien, eta orohar, hirugarrenen aurrean haurreskoletakoordezkari ofizialik ez dago, hango langileen ordezkapenak betetzen ez direlako.

Haurreskolak Partzuergoa ez da inoiz EAJrenzat lehentasuna izan, oraingoan ere argi utzi duen moduan, eta orain presaka eta korrika erabakiak hartzen hasi beharko dira. Lotsagarria iruditzen zaigu eta salatu nahi dugu zentru pribatu zein kontzertatuetako haur eskola batzuetan datorren ikasturteko matrikulazioak eginda edota egiten dauden bitartean, Eusko Jaurlaritza eta udalen arteko hitzarmena den Haurreskolak Partzuergoko sarean, izen-emate epea etenda dagoela.

Euskal eskola publiko komunitarioaren bidean, Haur hezkuntzako lehenengo zikloaren alde iruten eta borrokan jarraituko dugu, jaiotzetik aukera-berdintasunean oinarritutako hezkuntzarako eskubidea bermatzea nahi dugulako, 0-3 zikloa, euskalduna, kalitatekoa, doakoa eta unibertsalaren alde.