Haurreskolak Partzuergoko etorkizuna kolokan jartzen ari da Eusko Jaurlaritza

415

(EAE, Haurreskolak)

Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza sindikala dugun sindikatuok, LAB, STEILAS eta ELAk, ikasturte korapilatsu hau hasi eta ia hilabete bira Partzuergoko gerentziarekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin inolako harremanik izan ez dugunez, eta langileen eta hezkuntza- proiektuaren egoera gogorra aintzat hartuta, mobilizazioei hasiera ematera behartuta ikusten gara.

Izan ere, hezkuntza-arloko beste sektore batzuetan (hezkuntza berezian, zerbitzuetako langile eta irakasleen) mahai negoziatzaileak deituak izaten ari diren bitartean, Haurreskolak Partzuergoko aurrez aurreko negoziazio-mahaia oraindik ez da deitu, nahiz eta ikasturte honetan behin baino gehiagotan eskatu izan dugun.

Era berean, Hezkuntza Sailburu eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria den Jokin Bildarratzek ez du oraindik Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailetara etorriko den ordezkaria izendatu, partzuergoarekiko duen arduragabekeria erakutsiz. Guretzat ezinbesteko garrantzia du Hezkuntza Saileko ordezkariak mahai negoziatzailetan parte hartzea, azken finean gai batzuen negoziazioak Hezkuntza Sailaren ardura izanda, gainditu egiten baitu haurreskoletako eremua.

Bestalde, Zorione Etxezarraga gerente berriak kargua hartu zuenetik, sindikatuekiko inkomunikazioa eta jarrera autoritarioak gailendu dira oro har. Egoera larriagoa da oraindik pandemia egoeran gaudenetik, gerentziak gure lan eta lanbide-etorkizunari zuzenean eragiten dioten erabakiak hartzerakoan langileen ordezkariak kontuan hartu ez dituelako.

Bestalde, haurreskolen egungo egoerari dagokionez, gerenteak hartutako aldebarkareko erabakien ondorioz Haurreskolak Partzuergoaren hezkuntza-proiektua arriskuan jartzen ari dela salatu nahi dugu. Hori dela eta, neurri horiek geldiaraztea izango da gure helburu nagusia.

  • Negoziazio kolektiboa ukatu egiten zaigu, dagoen hitzarmen eta araudi guztiak urratuz eta langileen ordezkaritza gutxietsiz.
  • Ordezko langileen kontratazio berria geldiarazi egin da; horrela, beste langile batzuen baja medikoak, baimenak edo lizentziak betetzeko, kontratupean dauden hezitzaileak haurreskola batetik bestera egunero mugiaraztera jotzen da, zentroen hezkuntza proiektua, irizpide pedagogikoak eta haurren egokitzapenak hankaz gora jarriz
  • Horrez gain, aparteko orduak egitera behartzen dituzte langileak, ordezkoak bidaliko ez dituzten mehatxupean. Gure hitzarmenean aparteko egoeretarako bakarrik aurreikusita badira ere, gaur egun aurreikusi daitezkeen egoera arruntei aplikatzen zaizkie aparteko ordu horiek.
  • Beharrezkoa den kontratazioa blokeatzeko erabakia hartu du, Haureskolak Partzuergoa enpresa pribatua balitz bezala. Horrekin, ehunka ordezko lanik gabe utzi ditu, partzuergoak eskaintzen duen hezkuntza-proiekturako urte askotan zutabe garrantzitsua izan direnak, gaur egun erakunde publikoetatik abandonu egoeran daudelarik.

Beraz, salatu behar dugu hezkuntza eta gizarte zerbitzua eskaintzen duen enpresa publiko bat izanda, pandemia egoerari aurre egiteko kontingentzia planerako gehigarririk izan ez duen aurrekontutik ez gainditzeko erabakia hartu duela Haurreskolak Partzuergoko Gerentea den Zorione Etxezarragak, eta egoera hau erabiltzen ari dela lanpostuak suntsitzeko eta langileon lan-baldintzak okertzeko.

Gauzak horrela, negoziazioa berreskuratzeko, kontratazioa desblokeatzeko eta langileen lan-baldintzak hobera egiteko, mobilizazio dinamika hau jarriko dugu abian:

-Datorren asteazkenean, hilak 28, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordea ospatuko denez, goizeko 11:00etan kontzentrazioa egingo dugu Lakuan. Batzorde honen garrantzia azpimarratu behar dugu, bertan hartu behar baitira haurreskoletako langileei eta hezkuntza-proiektuaren bilakaerari eragiten dieten erabakiak. Batzorde horretan ere ez da langileon ordezkarien ahotsa entzuten.

-Hurrengo astean, era deszentralizatuan EAEko 3 hiriburuetako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan. Egunak eta ordutegiak zehazteke daude.

Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna kolokan jartzen ari da Eusko Jaurlaritza, egoera honi buelta emateko eta jaiotzatik hezkuntza eskubidea bermatu dadin Haurreskolak doakoa eta hezkuntza sailean integratua nahi dugu.

Gaur goizean LAB, Steilas eta ELA sindikatuen prentsa-aurreko bateratua