EAEko Hezkuntza Saila negoziatzen ari dela esan eta kontrakoa egiten ari da, adarra jotzen

444

(EAE, Heziketa Berezia)

Hezkuntza Sailak heziketa bereziko mahaian negoziaziorako borondaterik ez duela erakutsi digu, aurretiaz negoziaturiko edukiak ere atzera botaz. Mobilizazioekin jarraitzea besterik ez daukagu.

Ikasturte hasiera honetan gainerako sindikatuekin aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua exijitzeko egindako mobilizazio dinamikaren ostean, gaur lehenengo mahai negoziatzailea izan dugu, heziketa berezikoa hain zuzen ere. Mahai honetara Hezkuntza Sail berritua edukirik gabe etortzeaz gainera, itzulerarako aurreko bilera batean adierazitako Heziketa Bereziko langileen kontratu gehigarriak ez direla egongo adierazi digu inolako lotsarik gabe.

Heziketa Bereziko kolektiboarentzat ez da dauden beharren inolako diagnostikorik egin eta gainontzeko langile kolektiboetan ez bezala, pandemia egoerari lotutako Covid errefortzurik ez dela egingo adierazi digute. Egoera onartezin da, noiz eta ikasleek izan ditzaketen hezkuntza prozesuetarako beharrak areagotu direnean. Argi esan dute: arlo honi dagokionean ikastetxeetan ez da baliabide material eta pertsonal gehigarririk izango.

Argi esan dute: Heziketa Bereziari dagokionez, ikastetxeetan ez da baliabide material eta pertsonal gehigarririk izango.

Heziketa Berezian ditugun lan baldintzez eta ratioez ez dute hitz egin nahi. Orain arteko NBEen kudeaketa txarra izan da, salaketa jarri behar izan genuen eta material falta dagoela adierazi diegu askotan. Eta gaur gainera, zentroetatik  errefortzuak ez dituztela eskatu entzun behar izan dugu! Gure kolektiboari dagokionean Hezkuntza Saila utzikeriaz jokatzen ari da eta kudeaketa negargarria egiten.

Bestalde, aurreko ikasturtean hasita zegoen lan hitzarmen berriaren negoziazioa ere zerotik abiatzea proposatu dute, aurretiaz egindako negoziazioari jarraipena eman ordez, beste egutegi eta metodologia bat mahai gainean jarriz. Egindako lanari jarraipena eman ordez, bileretan denbora pasa araztera deitzen gaituztela dirudi, negoziatzen ari direnaren plantak eginez. Egoera honen aurrean, mobilizazioekin jarraitzeko bidea baino ez zaigu geratzen.

Gure lan baldintzak hobetu eta aurrez aurreko kalitatezko hezkuntza eskaintzeko berme bakarra, irribarrez eutsiko ditugun pankartekin hasitakoa bidea da.

Langileok dagokiguna elkarrekin defenda dezagun!

Uztailean salatu genuen Heziketa Berezian langileek pairatzen duten egoera