Haurreskolak Partzuergoa berehala doakoa izateko, Hezkuntza Sailean integratzeko, indartzeko eta hedatzeko borrokatuko da LAB

610

LAB Sindikatuak salatzen du irailak 27ko EAEko Gobernu Bileran onartutako 25 milioi euro haur hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten eskola pribatuetara bideratutako diru-partida.

Gaur gaurkoz ziklo honi dagokionez honako hau salatzen dugu:

  • Haurreskolak Partzuergoko aurrekontua zehaztu gabe dago.
  • Hezkuntza akordioan lehenik eta legearen aurre-proiektuan ondoren jasota dagoen doakotasuna oraingoz ez da gauzatu. Are gehiago, 2022-23 ikasturtean aplikatu zitekeen arren, PNV, PSE eta PP-Ciudadanos alderdi politikoek maiatzaren 18an Gasteizeko parlamentuan Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna 2023ko bukaera arte atzeratzeko mozioa onartu zuten.
  • Ekainaren 24ean salatu genuen ildotik, Jaurlaritzaren ituntze-sistemaren agindu berriak orain arte itunduta ez zegoen haur hezkuntzako etapako lehen zikloko 2 urteko gela itundu du.

Haur hezkuntzako lehengo zikloa finantzatzeko mekanismoak soilik patronalekin negoziatu izana kritikatzen dugu, baita patronalei ad hoc egindako ituntze-sistemaren aurrean gaudela ere. Eta, gainera, txeke-politika bati erantzuten dion 0-3ko diru laguntzak mantentzen dituztela. Horrez gain, berriro ere salatu nahi dugu haur eskola pribatuei ematen zaien diru publikoaren kontrol falta dagoela eta hezkuntza proiektuen jarraipen eza.

Beste aldetik, LABek Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio:

  • Haurreskolak Partzuergoaren eta udal haur eskola publikoen bitartez haur hezkuntzako lehen zikloa berehala doakoa izatea, berau Hezkuntza sailean integratuz eta edozein  haur eskola pribatu finantzatzen duen txeke politika bertan behera utziz.
  • 0-3 zikloa ez apurtzea eta 3-6arekin harremana izatea.
  • Udalen parte-hartzea eta eskumena handiagoa izateko hautua egitea,
    deszentralizazioan sakonduz.


Gauzak horrela, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraiki bidean, LAB Sindikatuak Haurreskolak Partzuergoa, titularitate publikoko eta udal eskumeneko 0-3 ziklo euskalduna, doakoa, unibertsala eta kalitatekoa, Hezkuntza Sailean integratzea eskatzen du. Berau indartzeko eta hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzearekin batera.