Haurreskolak Partzuergo publikoan plazen eskaintza urria da

195

Haurreskolak Partzuergo publikoan hurrengo ikasturterako izena eman duten haurren behin betiko zerrendak argitaratu dira gaur. LABetik salatzen dugu matrikulazio garaian egin zen eskaintza ez dela mantentzen hainbat herritan, matrikulatzeko itxaron zerrenda dagoen herrietan, alegia.

Besteak beste, 2023an jaiotako haurren familiei ez zaie onartu izen emate honetan parte hartzea gurasotasun baimenarekin egoteagatik, eta askok paperak prest dituzte iraileko izen ematerako. Orain berriz, adin desberdinetako haurren taldekatze gelak sortu dira itxaron zerrendan zeuden 2022an jaiotako haurrak onartzeko. Honekin, 2023an jaiotako haurrei ez zaie aukerarik ematen haurreskola zerbitzua izateko.

Familia horiek, irailean paper guztiekin haurreskoletara joaten direnean plaza librerik ez dagoela ikusiko dute. Apirileko izen emateko eskaintzan libre geratu zirenak beteta egongo dira beste adin tarte bateko haurrekin.

Haurreskolak Partzuergoak egin zuen eskaintza errespetatzea eskatzen dugu, taldekatze gelak beharrezkoak diren haurreskoletan soilik ezarriz.

Halaber, azkenengo urteetan egindako mobilizazioen ostean lortu dugun Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunak izan duen arrakastaren emaitzak ikusita, hezkuntza zerbitzu honen unibertsaltasuna bermatuko duen plaza eskaintza nahikoa egitea eskatzen diegu administrazio ezberdinei.