Harro plataformak azaroaren 5erako deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dugu

343

Gaur goizean “Euskal Eskola Publikoaren alde. Hezkuntza Lege honi ez” lelopean Harro plataformak deitutako manifestazioarekin bat egiten du LABek. Hezkuntzako eta hezkuntzaz gaindiko langileei bertan parte hartzeko deia luzatzen diegu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege zirriborroak ez ditu aintzat hartzen eskola publikoaren beharrak.
Hamarkadetan zehar utzikeria handiz jokatu du Eusko Jaurlaritzak, eta bada garaia eskola publikoari zor zaiona emateko, bada garaia eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa indartzeko.
Ekintza sindikalari esker, batetik, eskola publikoetan irakasle gehiago kontratatzea lortu genuen pasa den ikasturtean eta bestetik, arriskuan egon den Haurreskolak Partzuergoko langile guztiak mantentzea lortu dugu. Orain premiazkoa da eskola publikoetako azpiegituretan eta bestelako baliabideetan inbertsio handi bat egitea, langileen egonkortze prozesua bururaino eramatea eta Haurreskolak Partzuergoan 0-3 eskaintza publiko, doakoa eta unibertsala bermatzea, berau hedatuz. Horrekin batera, ikastetxeei euren hezkuntza egitasmoa aurrera ateratzeko baliabide eta eskumen gehiago eman behar dira.
Ildo honetan, urtea amaitu aurretik eskola publikoaren garapenerako plan estrategikoa garatzea exijitzen du LABek, eta datorren urterako aurrekontu proiektuan bertan inbertsio handiagoa jasotzea.
Itundutako eremuari dagokionez, itundutako ikastetxe guztien finantziazioa handitzen ari da, zernahi dela ikastetxe bakoitzaren egitasmoa. Lege zirriborroan ez dira itunpeko ikastetxeek bete beharreko baldintzak (doakotasuna, euskalduntzea, inklusioa, hezkidetza eta laikotasuna) eta horiek betearazteko kontrolmekanismoak zehazten, ez eta betebeharrak betetzen ez dituztenei zein neurri ezarriko zaizkien.
Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzea -bertako parte diren ikastetxeei eskubide berdinak emanez eta betebehar berberak eskatuz-, eta ikastetxeei eskumen gehiago ematea, urrats bat izan liteke Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren norabidean, hau da, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizaturako bidean, baldin eta trantsizio gisa ulertzen bada, eta ez amaierako eskenatoki gisa. Aldiz, legearen zirriborroa aztertuta, argi ikusten dugu EAJk ez duela inolako asmorik horrelako trantsizio bat ahalbidetzeko, hots, hezkuntza sistema duala betikotu nahian dabilela, zerbitzu publikoen gainean duen ikuspegi neoliberalean oinarrituta. Ildo horretan, Hezkuntza Akordioan azaltzen ez zen “Publiko” abizena jarri dio Hezkuntza Zerbitzu horri.
LABen iritziz, eredu berri baterako trantsizioa egiteko tresna izan beharko luke Hezkuntza Legeak: hezkuntza eskumen mugatuetatik, hezkuntza sistema burujabera; euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik, euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze sistemara; bi saretan oinarritutako hezkuntza eredu dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berri batera.
Esan bezala, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege zirriborroak ez du halakorik aurreikusten. Arrazoi honengatik, LABek eskola publikoaren alde mobilizaziorako deia egiten die hezkuntza nahiz hezkuntzaz gaindiko langileei, besteak beste azaroaren 5eko manifestazioan parte hartuz.

Urriaren 6an Gasteizen LABek Euskal Eskola Publiko Komunitariorantz lelopean egindako manifestazioa