Norbera edo senideak ezkontzeagatik hartutako lizentzia

1.– Langileak 20 egutegi eguneko lizentzia izango du ezkontzeagatik. Ezkontza ospatu baino lehen edo ospatu ondoren hartu ahal izango da lizentzia, baina, edonola ere, ezkontzaren eguna epealdiaren barruan geratuko da, eta lizentzia egun guztiak jarraian hartuko dira. Lizentzia hori oporraldiari gehitu ahal zaio aurretik zein atzetik; horrela eginez gero, Partzuergoari adierazi behar zaio, gutxienez 15 egun lehenago.

2.– Era berean, bikoteko bizikidetza egonkorrean (ezkontzaz kanpoko elkarketetan) hasten den langileak lizentzia honetaz baliatzeko eskubidea izango du, betiere bikoteko bizikidetza frogatzen badu, bizi diren tokiko udalaren bizikidetzako ziurtagiria edo, Elkarketa Zibilen Udal Erregistroa balego, horrek emandako egiaztagiria aurkeztuz. Ezkontza edo bizikidetza egonkorra dela-eta, ezin izango da beste lizentzia bat hartu 6 urte igaro arte eta inolaz ere ez bikoteko kideak berberak badira. Lizentzia egunak jarraian hartuko dira, eta egun horietan izango da, nahitaez, lizentzia hartzeko eskubidea ematen duen gertakaria (bizikidetzaren hasiera, elkarketa zibilaren erregistro-data).

3.– Ezkontza langilearen gurasoena, aita-amaginarrebena, neba-arrebena, suhi-errainena, seme-alabena, ilobena edo aitona-amonena bada, langileak ezkontza egunerako izango du lizentzia, baina, ospakizuna langilearen bizilekutik 150 km baino urrutiago egiten bada, lizentzia egutegiko hiru egunekoa izango da.