Enplegu-sorkuntzari laguntzeko, alderdi biek ahalik eta aparteko ordu gutxien (ohiko lanalditik kanpoko orduak) lan egitea erabaki dute; horretarako, irizpide hauek izan dira kontuan:
a) Ohiko aparteko orduak: denak eta guztiz kentzea.
b) Beharrezko aparteko orduak lan egitea, honako hauek gertatzen direnean: aurreikusi gabeko beharrak, lanera ez agertzea, lan-etenaldiak, langile-txanden aldaketak, bai eta jarduerak edo lanak eragindako beste zenbait egitura-egoera ere. Aparteko ordu horiek sartuko dira, baldin eta aldi baterako edo lanaldi partzialeko legezko kontrataziorik egin ezin bada. Dena dela, aparteko orduen kopurua ezingo da langile bakoitzeko urteko 80 ordukoa baino handiagoa izan.
Aparteko orduak, oro har, atsedena hartzearekin konpentsatuko dira.
Aparteko ordu bakoitzak ordu eta erdiko konpentsazio-atsedena hartzeko eskubidea emango du lanegunean egiten bada, eta 2 orduko konpentsazio-atsedena, salbuespeneko kasuetan, gauez, igandean edo jai-egunetan egiten bada.
Formazio, jardunaldi edo hezitzaileei zuzendutako saioak edo bilerak, aldez aurretik antolatuak daudenak, gutxienez 5 lanegun aurrerapenarekin, ez dira aparteko orduak kontsideratuko. Ordu hauek ordu malgu gisa hartuko dira eta egunean bertan edo hurrengo egunetan hartuko dira, ahal dela hilabeteko epean, beti ere Partzuergoa eta langileen artean adostasun batera iritsita.