Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke, edota seme-alaba nahiz ahaideak zaintzeko.
1.– Nahitaezko eszedentziak lanpostua gordetzeko eta antzinatasuna zenbatzeko eskubidea emango du. Honako kasu hauetan emango da, Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeari idatziz eskatu ondoren:
a) Kargu publikoren bat betetzeko izendatua edo hautatua izateagatik, langileak lanera joatea ezinezkoa badu.
b) Langileak probintziako edota lurralde esparru handiagoko eginkizun sindikalak bete behar baditu, ordezkaritza karguak irauten duen bitartean.
c) Langileak askatasuna galdu duenean –prebentziozko atxilotzea eta behin-behineko espetxeratzea barne hartuta–, zigortzeko epai irmorik jasotzen ez duen bitartean. Eszedentzia nahitaez hartzen duen langileak lanera itzultzea eskatu beharko du, zegokion zerbitzu, kargu edo zeregina utzi eta hogeita hamar egutegi egun igaro baino lehen. Eszedentzia egoera bukatu eta ezarritako epe barruan lanera itzultzeko eskaera egiten ez badu, behin betiko baja emango zaio langileari.
2.– Haurreskolak Partzuergoan urtebeteko antzinatasuna bete duten langileek borondatezko eszedentzia eska dezakete, idatziz. Gutxienez lau hilabetekoa eta gehienez bost urtekoa izango den eszedentzia har dezakete, baldin eta lau urte igaro badira azkeneko eszedentzia amaitu zitzaienetik.
3.– Bestelako mugarik gabe, langileek eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute, hiru urtetik beherako eperako, seme-alaba bakoitza zaintzeko. Eszedentzia hori haur naturalak, adopziozkoak, adopzio aurretik hartuak edota harrera iraunkorrean hartuak diren haurrak zaintzeko izango da, eta harrera behin-behinekoa den kasuetan ere har daiteke. Epea, betiere, haurraren jaiotegunetik edo ebazpen judizial edo administratiboaren datatik aurrera kontatuko da. Denboraldi horretan, langileak lanpostua gordetzeko eskubidea izango du, eta epe hori ere kontuan hartuko zaio antzinatasunaren ondorioetarako. Hurrengo seme edo alaba bakoitzak beste eszedentzia baterako eskubidea emango du; hala gertatuz gero, une horretan burutzen ari zen eszedentzia bertan bukatuko da.
4.– Langileek gehienez bi urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute odol ahaidetasuneko edo ezkontza ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideak zaintzeko, senideren bat, adinagatik, istripuren bat izateagatik edo gaitzak jota egoteagatik, ezin bada bere kabuz moldatu eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badu. Denboraldi horretan, langileak lanpostua gordetzeko eskubidea izango du, eta epe hori ere kontuan hartuko zaio antzinatasunaren ondorioetarako. Era berean, prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko eskubidea izango du. Bestalde, beste subjektu batek beste eszedentzia bat hartzeko eskubidea sortzen badu, eszedentziako denboraldi hori hasten denean langileak lehendik zeukan eszedentzia bukatuko da.
5.– Borondatezko eszedentzia hartu duen langileak berriz lanera itzultzea eskatzen duenean, bere kategorian hutsik geratzen den lehen lanpostua betetzeko eskubidea izango du, edo, bestela, hutsen bat gelditu arte itxaron beharko du.