Ordezkoen araudia

  • Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek, zeinek bere lurralde-esparruan, ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendak kudeatuko dituzte, ikastetxe publikoetan ikasturtean zehar sortzen diren Hezkuntza Bereziko lan-kontratudun hezitzaileen aldi baterako premiak estaliz joateko helburuarekin. Araudi honen plangintza orokorrak irizpide hauek ditu: a) Hezkuntza-sistema publikoaren eskaerei kalitatez eta eraginkortasunez erantzungo dien ordezkapen-zerbitzua eskaintzea. b) Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenda bakarra taxutuko da –kategorien arabera–, eta langileei buruzko apartatuan aipatutako kolektiboek osatuko dute. c) Ordezkapenetarako hautagaiei lehentasun-ordena ematea. Araudi honen bidez, batetik, zerrendaren kudeaketan zer elementuk parte hartzen duten (esparru pertsonala, sartzeko baldintza orokorrak, baremazio-irizpideak, prestatzeko prozedurak eta baldintza orokorrak, funtzionamendua…) zehaztu nahi da, eta, bestetik, zerrenda horiek modu eraginkor, bateratu eta eragingarriago batean kudeatzeko erraztasunak eman.

Langileak

Araudi hau Hezkuntza Bereziko lan-kontratudun langileei aplikatuko zaie. Hezkuntza Laguntzako espezialisten, fisioterapeuten, okupazio-terapeuten, gizarte-langileen, transkriptore eta material-egokitzaileen eta zeinu-hizkuntzako interpreteen zerrendak egingo dira.

Zerrendan sartzeko eskakizun orokorrak

1.– Ikasketa-tituluak:

Zerrendetan egoteko ezinbesteko eskakizuna da dagokion tituluaren jabe izatea:

Fisioterapeuta: Gradua Fisioterapian edota Diploma Fisioterapian

Okupazio-terapeuta: Gradua Okupazio-terapian edo Diploma Okupazio-terapian

Gizarte-langilea: Gradua Gizarte-lanean edo Diploma Gizarte-lanean edo Gizarte-laguntzan.

Hezkuntza Laguntzako espezialista: Gizarteratzeko edo Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikaria.

Transkriptorea/material-egokitzailea: Administrazio Kudeaketako teknikaria edo Administrazio eta finantzetako goi-mailako teknikaria edo baliokidea.

Zeinu-hizkuntzako interpretea: Zeinu-hizkuntzako Interpretazioko goi-mailako teknikaria edo Komunikazio-Bitartekaritzako goi-mailako teknikaria.

2.– Euskarako titulua:

a) Kategoria bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizuna izatea.

b) Hizkuntza-eskakizunarekin berdinetsitako hizkuntza-ziurtagiriren bat izatea. Euskarako titulua fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da.

Aurrez aipatu izan diren bi eskakizunak (ikasketa-titulua eta euskarako titulua) ezinbestean bete beharrekoak dituzte zerrendak irekitzeko orduan ordezkapenen zerrendetara sartu nahi duten hautagaiek.

Egun zerrendetan dauden langileek profilik ez badute derrigorrezkotasun atzeratuko lanpostuetan egin ahalko dituzte ordezkapenak.

3. Beste eskakizun batzuk:

3.1. Adingabeak Babesteko Lege Organikoaren 13.5 artikuluak adierazitako betekizunarekin lotutako ziurtagiri negatiboa izatea, adingabeekin harremana izatea dakarten lanbideak, lanak eta jarduerak egiteko eta horietarako hautagai izateko, edo Administrazioari baimena ematea Sexu Delitugileen Erregistro Zentrala kontsulta dezan.

3.2.- Aurreko horretaz gainera, fisioterapeutak elkargoan sartuta egon beharko du.

Barematzeko irizpideak

Laneko esperientzia.

– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendean dauden Hezkuntza Bereziko lan-kontratudun kolektiboen barruan, Hezkuntza Sailaren zentro publikoetan zerbitzuak eman izana: puntu 1 zerbitzuan egindako hilabeteko, puntuazio mugarik gabe.

– Zerbitzuak beste zentro publiko edo pribatu baimendu batzuetan: 0,5 puntu zerbitzuan egindako hilabeteko, puntuazio mugarik gabe. Apartatu honetan Hezkuntza Bereziaren eremuan emandako zerbitzuak soilik hartuko dira aintzat.

Zerrendetan sartuta dauden hautagaiek ez dute eskatu behar Euskal Autonomia Erkidego honetako ikastetxe publikoetan emandako zerbitzuak eguneratzeko, Administrazioak egingo baitu ofizioz.

Lanaldi partzialean emandako zerbitzuak lanaldi osoan emandakoen puntuazio berberarekin barematuko dira.

Ikastetxe publikoetan emandako zerbitzuak ez dira barematuko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean emandako zerbitzu bezala, esandako zerbitzuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila ez den beste erakunde batzuekin egindako kontratupean eman direnean.

Zerbitzu konputagarriak, kasu bakoitzean, zerrenda bakoitzean dagokion kategoriarekin ematen direnak izango dira.

Zerrendak egiteko prozedura eta baldintzak

Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendak taxutuko dira eta langileei buruzko apartatuan aipatutako kolektiboek osatuko dituzte. Urtero, zerbitzuak berriro barematuko dira.

Orotara egindako zerbitzu-egunak zenbatzean berdinketa gertatzen bada, Sailarentzat lanean noiz hasi ziren begiratuko da, eta lehenago hasi zenak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, eta berdinketa hausteko azken irizpide modura, abizenen eta izenaren ordena alfabetikoa erabiliko da; horretarako, zozketa bat egingo da, urtero, zer letratatik hasiko den zehazteko.

Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendan, datu hauek agertuko dira:

Izen-abizenak

Egunak/Zerbitzuak

Profila

Lurraldea/k

Hezitzaileentzat Lan Eskaintza Publikoa aurreikusten den ikasturtean, deitutako espezialitate eta kategoria guztietako zerrendak irekiko dira.

Langileak behar direlako ohiz kanpoko zerrenda-irekitzeak gertatzen direnean, zerrenda horiek irekita geratuko dira. Helburu horrekin, Langileriaren Kudeaketa zuzendariak deialdia egingo du dagokion zerrenda irekitzeko.

www.hezkuntza.eus web-orrian eta hezigune ingurunean argitaratuko dira deialdiak. Prentsan ere argitaratuko da iragarki bat, eta sektoreko langileen sindikatuetako ordezkariei ere jakinaraziko zaie.

Pertsona eskatzaileak eskari bakar bat egingo du, deialdiak ezartzen duen eran eta moduan. Paperean edo formatu elektronikoan aurkezteko aukera eman ahal izango du deialdiak, edo formatu elektronikoan soilik aurkez daitekeela adierazi; azken egoera horretan, horretarako bitartekoak jarri beharko dira pertsona interesdunen eskura.

Era berean, eskatzen diren betekizunak justifikatzen dituen dokumentazio guztia aurkeztuko dute, baita merezimenduena ere, eta integratuko diren hurrengo urteroko birbarematze-prozeduran barematuko dira.

Zerrenda osatzen duten hautagaiak hurrenkera alfabetikoaren arabera jarriko dira, abizenen eta izenaren arabera. Urtero zozketa bat egiten da zer letratatik hasiko den zehazteko, eta Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren Ebazpen bidez jakinarazten da hori. Esandako hurrenkera alfabetiko hori bera erabiliko da dagokion ikasturtean hautagaiak kudeatzeko prozesuan, bai eta ikasturtean zehar dei daitekeen beste edozein hautapen-prozesutan ere. Berdinketarik sortzen bada, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia hartuko da kontuan, zenbaki txikienetik handienera, horiek ebazteko.

Baldin eta, zerrendak irekitzeko deialdia amaitu eta gero, uste izatekoa bada lanpostuak estaltzeko dauden beharrizanak ezingo direla estali amaitu berri den prozeduraren emaitzen bidez, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak xeda dezake zerrendak irekita uztea, mugarik gabe edo beharrezkotzat jotzen den denbora-tartean, hauteman diren beharrizanen arabera. Kasu horretan, sarrera-hurrenkeraren arabera onartuko dira eskabideak eta aurkezpen-data eta -orduaren arabera ordenatuko dira, ikasturtean ordezkapen-beharrak sortzen direnean haietara jotzeko.

Bi kasuetan aurkeztutako eskabideak, baldin eta zerrendara sartzeko baldintzak betetzen badituzte, urtero egiten diren birbarematze-prozesuetan barematuko dira, aurkeztutako merezimenduekin bat etorririk, eta emaitza gisa geratzen diren zerrendetan integratuko dira, dagokien tokian, lortutako puntuazioaren arabera. Sarrera-hurrenkeraren araberako zerrenda irekien kasuan, urteroko birbarematze-prozesua hasten denean, prozesuari hasiera ematen dion Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenak zehaztuko bertara gehituko diren eskabideen muga-data. Egun hori baino geroago aurkeztutakoak hurrengo ikasturteko birbarematze-prozesuan sartuko dira.

Prozesu horretan bertan, zerrendetan aldaketak sartzeko aukera eskainiko zaie hautagaiei, eta hautatu ahal izango dute lanaldi partzialeko eta/edo osoko zerbitzuak egitea, lurralde batean edo gehiagotan.

Urtero, zerbitzuak berriro barematzen direnean, ordezkapenetarako hautagaiei zerrendetan aldaketak sartzeko aukera emango zaie; horretarako, dagozkion agiriekin batera eskabidea aurkeztu beharko dute Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetan. Honela, lurralde batean baino gehiagotan eskaini ahal izango dituzte zerbitzuak lanaldi partzialean eta/edo osoan.

Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenden funtzionamendua

1.– Funtzionamendu orokorra.

Ordezkapen bat estali behar denean, dagokion zerrendara joko da, eta eskura dagoen zerrendako lehenengo pertsonari eskainiko zaio ordezkapena.

Ordezkapena egiteko deia jasotzen duenak eskaintzari uko egiten badio arrazoirik gabe, zerrenda horretatik kanpo geldituko da. Ordezkapena ez onartzeak ez du ekarriko zerrendatik kanporatzea, baldin eta justifikazioa badago eta behar bezala dokumentatzen bada. Kausa justifikatu gisa hartuko dira aplikatzekoa den Hitzarmen Kolektiboan aurreikusten direnen artean lizentzia eta baimen eskubidea ematen duten guztiak.

Gainera, zerrendatik erori gabe uko egiteko motiboen artean onartuko dira hurrengo hauek:

a) Askatasuna kentzea, kondena-epaia ematen ez den arte.

b) Hezkuntza Sailak edo HAEEk antolatutako ikastaroetan parte hartzea.

c) Zeinahi motatako ikasketak eta/edo praktikak egiten egotea. Ikasten arituz gero, ikasturte osoan aplikatu ahalko da ordezkapenari uko egitea eta matrikula aurkeztearen bitartez egiaztatu beharko da. Praktikak egiten ari bada, berriz, praktikek dirauten bitartean onartuko da ordezkapenari uko egitea eta aurkezten den justifikazio-ziurtagirian zehaztu beharko da praktiken iraupena.

d) Hezkuntza-sistemarekin zuzeneko harremana duten bekak edo laguntzak jasotzea.

e) Era berean, aldi baterako kontratu batekin zerbitzuak ematen ibiltzea ere uko egiteko nahikoa arrazoi izango da, nornahi dela ere kontratua egin diona. Horretarako, prestazioa benetan eman dela egiaztatu beharko da, bai eta zein motatakoa izan den ere, gizarte-segurantzan alta eman izanaren (nahitaez) ziurtagiriaren bidez edota lan-kontratua bera aurkeztearen bitartez.

f) Badago eskainitako ordezkapenari uko egitea seme-alabaren bat hiru urte bete arte zaindu beharra izanez gero. Horrela bada, etenaldi iragankorreko kasu hauetakoren batean daudenek deitua izateko eskubideari eutsiko diote, halako egoeran ez baleude bezalaxe, eta eskaini zaien estaldura-denbora egindako zerbitzuen denbora bezala zenbatuko zaie, zerrenda birbarematzeko eragin soiletarako. Ondorio berorietarako, postua hautatu ahal izango dute ikasturtearen hasieran lanpostuak esleitzen direnean.

g) Orokorrean, lanaldi murriztuko ordezkapenei uko egitea ere bidezko arrazoitzat joko da.

Ondorio horietarako, urtero zerbitzuak berriz barematzean, hautagaiek lanaldi murriztuko zerbitzuak hartzeko prest daudela idatziz adieraz dezakete. Hori dela eta, dagokion Lurralde Ordezkaritzak prest daudela adierazten dutenei soilik eskainiko dizkie ordezkapen horiek. Pertsona horiek, aurrerantzean (ikasturte horretan behintzat), eskaintzen zaizkien lanaldi murriztuko ordezkapenak onartu beharko dituzte nahitaez –baztertzeko bestelako arrazoiak salbu–.

Alabaina, salbuespena ezarri da ondoren aipatzen diren kasu hauetarako: lanbide-gaixotasun edo laneko istripu baten ondoriozko aldi baterako ezintasun egoera, amatasuna, aitatasuna, arriskua haurdunaldian eta arriskuko haurdunaldia, edota aldi baterako bajarekin egotea haur baten adopzioagatik edo etxean hartzeagatik. Horiei ordezkapenak egiteko deitzen jarraituko zaie, uko egin izan ez balute bezala, eta eskaini zaien ordezkapen-denbora egindako zerbitzuen denbora bezala zenbatuko zaie, ordezkapenerako hautagaien zerrendak barematzeko eragin soiletarako.

Baremorako kontuan hartutako zerbitzaldi horrek ez du eraginik izango «antzinatasuna» izeneko ordainsari osagarrian, ez eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako ere, ez delako benetako zerbitzurik eman.

Ikasturte-hasierako esleipenean ere lanpostua hauta dezakete, eta ordezkapen-aldia zerbitzu-alditzat zenbatuko zaie, baina zerrendak birbarematzeko soilik.

h) Kargu publiko baterako izendatuak edo hautatuak izan direlako, lanera joatea eragozten duen nahitaezko eszedentzia hartu beharrean gertatzen diren hautagaiei dagokienez, deitzen jarraituko zaie, egoera horretan ez baleude bezalaxe, eta eskaintzen zaien estaldura-denbora egindako zerbitzu-denbora gisa zenbatuko zaie, zerrenda birbarematzearen ondorioetarako.

Baremorako kontuan hartutako zerbitzaldi horrek ez du eraginik izango «antzinatasuna» izeneko ordainsari osagarrian, ez eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako ere, ez delako benetako zerbitzurik eman.

Ikasturte-hasierako esleipenean ere lanpostua hauta dezakete, eta ordezkapen-aldia zerbitzu-alditzat zenbatuko zaie, baina zerrendak birbarematzeko soilik.

i) Borondatez onartzekoak izango dira honako eskaintza hauek: Terapia Zentroetako premien aldi baterako estaldura (espezifikotasun funtzionala aintzat harturik), errelebo-kontratu bidezko estaldurak (lanaldi osora iristen ez diren denbora-luzerakoak), eta, ohiko bizilekutik 50 km baino urrutiago dauden lanaldi partzialekoak.

Ikasturtean zehar egiten diren deietan, lanaldi partzialeko behar bat onartzeari uko egin dakioke bizilekutik 50 km baino gehiagora baldin badago. Kasu horretan, ikasturtean zehar berriro deituko zaio lanaldi partzialeko behar berriak eskaintzeko.

j) Gizarte Segurantzan autonomo gisa altan egotea. Autonomoen ziurtagiria eta lan-bizitza aurkeztu beharko da. Uko justifikatu horrek ez du meritatuko.

k) Administrazio batean izendapena izatea. Gizarte-segurantzan alta eman izanaren ziurtagiriaren bidez (ezinbestekoa) edota izendapena beraren bidez frogatu beharko da. Uko justifikatu horrek ez du meritatuko.

l) Haurdunaldiko seigarren hilabetetik erditu arte. Egitate hori egiaztatzeko txostena aurkeztu beharko da. Uko justifikatu horrek ez du meritatuko.

m) 1. maila arteko odolkidetasuneko edo ahaidetasuneko senideak zaintzeko eta 2. maila arteko odolkidetasuneko edo ahaidetasuneko senideak zaintzeko, edota, elkarrekin biziz gero, maila urrunagoko senideak zaintzeko, hautagaiak eskubidea izango du deitua ez izateko gutxienez 15 egunetan eta gehienez 2 urtetan. Deietan etete hori eskatzeko frogatu behar da gaixotasun larria edo ospitaleratzea. Uko justifikatu horrek ez du meritatuko. Gaixotasunaren larritasuna mediku-ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, eta ziurtagiri horretan argi eta garbi adierazi beharko da gaixotasunaren data. Bi urte horiek igaro ondoren, berriro deitzeko eskatu beharko dute. Bi urte horiek igaro ondoren ez badute berriro deitzeko eskatzen, zerrenda guztietatik kanpo geratuko dira. Gutxienez 15 eguneko epea igarotakoan, eta bi urte igaro arte, edozein unetan eskatu ahal izango dute zerrendetatik berriz deitzea. Bakarrik eskatu ahal izango da ikasturtean birritan kausa eta pertsonako (bi urteko muga zenbatuko da uko justifikatu hau alegatzen den lehenengo alditik kausa eta pertsonako). Berriro deitzeko eskatzen duenean, behin bi urteko igarota edo lehenago, egiaztatu beharko du ordura arte egon dela deietan etenaldi hori ematea eragin zuen gaixotasun larria edo ospitaleratzea. Egiaztatzen ez badute, zerrenda guztietatik kanpo geratuko dira. Bateraezina izango da ordaindutako edozein jarduerarekin. Halaber, egoera hori lan-bizitzaren bidez justifikatu beharko da.

n) Ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo semearen edo alabaren gaixotasun larriagatik edo ospitaleratzeagatik uko egitea era mugagabean justifikatuta egongo da. Uko justifikatu horrek ez du meritatuko.

Gaixotasunaren larritasuna mediku-ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, eta ziurtagiri horretan argi eta garbi adierazi beharko da gaixotasunaren data.

Gaixorik dauden pertsonak ezkontidea, izatezko bikotekidea edo semea edo alaba badira, horren amaiera jakinarazi beharko da, hau da, lan-eskaintzari uko egiteko arrazoia ospitaleko edo medikuaren altarekin amaituko da.

Egiaztatzen ez badu, zerrenda guztietatik kanpo geratuko dira.

Bateraezina izango da ordaindutako edozein jarduerarekin. Halaber, egoera hori lan-bizitzaren bidez justifikatu beharko da.

Edozein unetan eskatu ahal izango dute zerrendetatik berriz deitzea. Bakarrik eskatu ahal izango da ikasturtean birritan kausa eta pertsonako.

ñ) 12 urtetik beherako seme-alaben kontsulta medikoetara joatea. Familia-liburuaren eta bertaratzeziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da. Uko justifikatu horrek ez du meritatuko.

o) Genero-indarkeriaren biktima izatearen kausa. Baldintza hori egiaztatu egin beharko da. Uko justifikatu horrek ez du meritatuko.

Kanporatzeko arrazoiak:

-Justifikatutako arrazoirik gabe lanaldi oso bateko eskaintzari uko egiten dioten izangaiei, hiru lurraldetan kategoria horretako zerrenda guztietan baja emango zaie bai lanaldi osoetan bai partzialetan; eta, justifikatutako arrazoirik gabe lanaldi partzial bateko eskaintzari uko egiten dioten izangaiei, hiru lurraldetan kategoria horretako zerrenda guztietan baja emango zaie lanaldi partzialetan.

– Egindako deia onartzen duten izangaiek, lanera joan behar diren lehenengo egunean ez badoaz, onartutako lanpostuaren kategoriako zerrenda guztietatik kanporatuak izango dira, hau da, hiru lurraldetatik kanporatuak izango dira bai lanaldi osoetan bai partzialetan aplikagarria den Hitzarmen Kolektiboan jartzen duen bezala.

– Indarrean kontratua duten izangaiek kontratu horri uko egiten badiote, indarrean dagoen kontratu horren kategoriako zerrenda guztietatik kanporatuak izango dira, hau da, hiru lurraldetatik bai lanaldi osoetan bai partzialetan nahiz eta lanaldi partzialeko edo osoko kontratu bati uko egin. Hala ere, jardunaldi erdiko kontratua duten izangaiek, haien kontratua hereneko jardunaldira aldatzen bada, kontratu horri uko ahal izango diote eta justifikatutzat hartuko da.

– Uko egiteko arrazoiak ez alegatzea eta egiaztatzea Hitzarmen Kolektiboan ezarritako epe eta baldintzetan.

Zerrendetatik kanporatzearen ondorioak:

Zerrendetatik kanporatuak izan diren pertsonek (bai lanaldi osoetatik eta partzialetatik kanporatuak izan direnek, bai partzialetatik bakarrik kanporatuak izan direnek) Hitzarmen Kolektiboan xedatutakoari jarraiki zerbitzuak emateko deituak izanda eskaintzari uko egin dietelako, uko egiteko arrazoiak ez dituztelako alegatzen eta egiaztatzen Hitzarmen Kolektiboan ezarritako epe eta baldintzetan, edo esleitutako lanpostuaz ez direlako jabetu, zerbitzuak emateari uzten dietelako edo kontratuari borondatez uko egiten dietelako, ezin izango dute parte hartu ikasturte horretako zerrenda-irekitzeetan (ezta prozesu horretatik eratortzen den zerrenda irekita mantentzean). Aurrekoaz gain, eta zerrenda guztietan lanaldi partzialetan kanporatua izan direnei dagokionez, haiek ezin izango dute gehitu lanaldi partzialeko aukera kanporatuak izan diren ikasturtean egiten den birbaremazio prozesuan.

Uko egitearen justifikazioa:

Uko egite justifikatuko arrazoiren bat alegatzen duenak, 5 laneguneko epea izango du dagozkion egiaztagiriak aurkezteko arrazoia egiaztatzeko. 5 lanegun horiek igarotzen badira, hautagaiek uko egiteko arrazoia egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu gabe, Lurralde Ordezkaritzak zuzenean kanporatuko die. Halaber, uko egitera bultzatu zuen arrazoia amaitzen denean, halaxe frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko da ordezkaritzan.

Lanpostu huts bat estali behar denean bitartekotasun-kontratu baten bidez, harik eta lanpostua erregelamenduz estali arte, zerrendako hurrenkera zorrotz errespetatuz egingo da kontratua, eta, horretarako, lehen tokian dagoenari deituko zaio. Baldin eta bitartekotasun-kontratu bat indarrean balu, ordezkapen bat egiteko, lan edo zerbitzu jakin baterako edo zeregin-metaketakoa, horri uko egin eta lanpostua estaltzeko eskaintzen zaion bitartekotasun-kontratua har lezake. Indarrean dagoen kontratu bati uko egiteak, kasu honetan, ez du ekarriko zerrendetatik kanpo geratzea.

Ikasturte-hasierako lanpostuen esleipenean hautatutako lanpostua ikasturte osorako baldin bada, eranskin honen 1. zenbakiko f) apartatuan, g) apartatuaren laugarren paragrafoan eta h) apartatuan jasotako egoeretan dauden hautagaiak esleitutako lanpostuan has daitezke egoera hori eragin duen gertaera amaitutakoan.

2.– Funtzionamendu orokorraren salbuespenak.

Hautagai batek ordezkapen bat burutu badu eta 5 eskola-egun igaro aurretik irakasle bera ordezkatzeko beharra sortzen bada, nahiz eta beste hautagai batzuek puntu gehiago izan, ordura arte lan hori egiten jardun duen hautagaiak izango du lehentasuna ordezkapen hori egiteko.

Pertsona batek ordezkapen bat egiten badu lanaldi osokoa eta plaza horren titularra lanaldi murriztuarekin itzultzen bada, ordezkoak jarraitu ahalko du plaza horretan lanaldi murriztuarekin. «Kontrako zentzuan», norbait lanaldi murriztuko ordezkapen bat estaltzen ari dela, edozein arrazoi dela medio, lanaldi osokoa izatera igaro beharra sortzen bada, lanaldi murriztuan ordezkapena egiten zuen berberari eskainiko zaio lanpostua estaltzea, nahiz eta ez izan puntuaziorik onena.

Zerrendatik kanpo uzteko arrazoi izango da langileak hutsegite oso larriak egin izana; dagokion zehapen-espedientea egingo da horretarako, eta bertan entzun egingo zaio langileari eta honek egoki iruditzen zaizkion frogak proposatu ahal izango ditu deskargua egiteko.

3. Lanaldi partzialeko ordezkapenak egiteko bitartekotasun-kontratuei uko egitea.

Pertsona batek lanaldi partzialeko ordezkapenak egiteko bitarteko kontratu bat gutxienez urte betean etenik gabeko aldian badu, izango du borondatez kontratu horri uko egiteko aukera, ikasturtearen lanpostuak esleitzeko prozesuan parte hartzeko eta lanaldi osoko kontratuak aukeratu ahal izateko. Prest gisa egon beharko da lanaldi osoko ordezkapenak egiteko ordezkogaien zerrendetan.

Uko egiteak idatziz aurkeztu beharko dira, Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenak ezarritako epearen barruan.

4. Indarrean dagoen kontratu bati uko egiten dionak unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-sektore publikoan beharrizan bati erantzuteko, izendatua izan aurretik, etenaldi bat eskatu beharko du Hezkuntza Bereziko aldi baterako premietarako deialdietan. Etenaldi iragankor hori eskola-ikasturtea amaitu arte luzatuko da.

Etenaldi horretara heldu ahal izateko beharrezkoa izango da, gutxienez, hiru urteko lan-zerbitzuak egiaztatzea, Saileko zentro publikoetan HPBko ikasleekin lanean.

5.– Gutxienez hiru urteko zerbitzu-denbora egiaztatuta dutenek hurrengo ikasturte osoari uko egiteko aukera izango dute, eta kasu horretan ez dute inolako eskaintza/deialdirik jasoko ikasturte horretan zehar; horretarako, ixa (x) batekin markatu beharko dute baremazio-orriaren apartatu espezifikoan agertzen den laukitxoa. Bi urte gehiagoz egon ahal izango da egoera horretan, eta jada egiaztatuta zeukan zerbitzu-denbora berreskuratuko du baldin eta hurrengo bi birbarematzeetan zerrendetan alta ematea eskatzen badu.