1- Hezkuntza alorreko pertsonalaren lan denbora (20.2 artikulua)
Hezkuntza alorreko pertsonalaren urteko lanaldi normalizatua 1470 ordukoa izango da.
a) 1212 ordu haurrei arreta zuzena emateko, eta gainontzekoak prestakuntza eta formaziorako.
b) Profesionaltasuna mantentzeko prestakuntza denbora haurrei arreta ez zuzeneko 178 ordukoa izango da, iraileko lehenengo 3 lan egunak eta uztaileko haurreskolako azkenengo lan eguna partzialak izan daitekeelarik.
c) Profesionaltasuna mantentzeko urteko 80 formazio ordu egingo dira, horietatik 50 ordu kreditatu beharko dituzte haur-hezitzaileek, hitzarmen honetako 70. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Haurreskola bakoitzeko koordinatzaile izendaturiko pertsonak diseinatuko du lan denboraren banaketa, Patzuergoko Zuzendaritzak haurreskolentzat ezarritako baldintzen arabera, eta lanaldi homogeneoak edo aldakorrak zehaztu ahal izango dituzte. Koordinatzaileak zehaztu behar du, hezkuntza alorreko gainerako langileekin batera, hezitzaileen eta haurreskolaren ordutegia eta hezitzaileen egutegia; betiere, Partzuergoak ematen duen zerbitzua behar bezala betetzeko dauden premiei eta haurren ordezkarien eskaerei erreparatuz.
Partzuergoak onartu beharko ditu ordutegi eta egutegi horiek. Finkatutako lan denbora hori aldatu ahal izango da, haur kopurua edo horien ezaugarriak aldatzen badira. Partzuergoak ezarritako zentroen irekieraren eskaintzaren mugen barnean, ez da hezitzaileen lan baldintzen funtsezko aldaketa bezala hartuko hezitzaileen ordutegien aldaketa edota txanda aldaketa salbu kurtsoan zehar jardunaldi murrizketa bat suposatzen badu.
Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina eta Euskal Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren gaineko erabakiak onartzen dituen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 48. k) artikuluan zehazten dena kontuan hartuz, norberaren zereginetarako sei egunetako baimenak, haurreskolako ikasturteko egutegian txertatuta egongo dira, Haurreskolak Partzuergoak ikasturtero egutegiak egiteko erizpideak kontutan hartuz.
Zuzendaritza batzordeak jai egun hauek egutegian txertatzeko irizpidea markatuko du. Aurreko ikasturteko mahai parekidean hurrengo ikasturteko egutegia aztertuko da. Ondoren, zuzendaritza batzordeak zehaztu behar diren jai egunen kopuruaren erdia zehaztuko du eta haurreskolei autonomia emanez, gainontzeko jai egunak txertatzeko eskaera egingo dio zentro bakoitzari.
2- Hezkuntza alorreko pertsonalaren eguneko lanaldia (21. artikulua)
1. Lanaldi osoko kontratua duen hezkuntza alorreko pertsonalaren eguneko lanaldia 6 ordu eta 45 minutukoa izango da. Horietatik 6 ordu haurrei zuzeneko arreta emateko izango dira, eta gainerako 45 minutuak prestakuntza lanetarako, lan denbora presentziala izango da haurrei arreta ematen zaien 196 egunetan. Ondorengo zereginetarako erabiliko da: ikasgela prestatzeko, eguneko jarduerak antolatzeko, ikastetxeko gainerako profesionalekin koordinatzeko familiekiko komunikaziorako, formakuntzarako edo beste edozein jarduera osagarritarako; eta zentroan bete beharko da nahitaez, profesionalen formakuntza-saioek beste leku batera joatea eskatzen dutenean izan ezik. Denbora hori astean zehar metatu ahal izango da haurreskolako bilerak egin ahal izateko. Lanaldi oso eta jarraituko kontratua duten langileek egunean 30 minutu izango dituzte bazkaltzeko, presentziazko lan orduan barruan, eta denbora hori zeharkako arretatzat joko da. Hiru pertsona edo gehiago kontratatuta dauden zentroetan, hezkuntza alorreko pertsonalaren % 33 gutxienez haurrei zuzeneko arreta ematen ari dela bermatu beharko da. Zeharkako arretako denbora hori haurren siestarako eta atsedenerako denboran hartu beharko da, beti ere beraien arreta eta zaintza ziurtatuz.
2.- Profesionaltasuna mantentzean 50 ordu kreditatu beharko dituzte haur-hezitzaileek, hitzarmen honetako 70. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Lan jardunarekin proportzionala izango dira formazio-orduak, bai ziurtagiri ofizialeko formakuntza orduak bai eta erregistro pertsonaleko orduak ere, jakinik 50 ordu kreditatzen ez badira ezin izango dela eskuratu formakuntzaren ziurtagiri ofizialik. Hala ere, lanaldi murriztuak diharduten langileek aukera izango dute formazioa bere osotasunean egiteko espresuki hala eskatuz gero.