Euskara Lanbide Heziketan, 2021-2022an ere hutsaren hurrengoa Nafarroan

400

Joan den urtarrilaren 27an, LAB sindikatuak eskaera bat aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuan, euskarazko matrikulazio eta zikloei buruzko azterketa erraz baina sendo bat eginez. Bertan argi eta garbi adierazten zen Iruñerriko Lanbide Heziketako euskararen eskaintza ez zela nahikoa. Bertzeak bertze, Mariana Sanz I.I.n eta Nekazaritza-Basozaintzako I.I.n Goi Mailako zikloetako eskaintza zabaltzea eskatu genuen, Iruñerrian eskaintza urria baita, Goi Mailako lau ziklo baino ez baititu; beraz, D eredutik datozen ikasle eta aurreinskripzioek nabarmen gainditzen dute eskaintza hori eta, ondorioz, DBHko eta Batxilergoko ikasketetako D ereduko ikasle gehienek gaztelerazko ereduko ikasketak egin behar izaten dituzte.

Jakina, Hezkuntza Departamentuak ez du ikasle horien beharren eta eskariaren azterketarik egingo, ez zaie komeni. Hori bai, orain eredu elebiduna -irakas-hizkuntza (gaztelania edo euskara) eta atzerriko hizkuntza (oro har, ingelesa, nahiz eta frantsesa ere izan daitekeen)- atera du txisteratik LHko Goi Mailako zikloetan, aitzinetik inolako ikasketarik egin gabe eta jakinda ingeleseko moduluaren maila akademikoa, LHko Goi-Mailako ziklo guztietan nahitaezkoa, nahiko eskasa dela. Horrek asko eta askorentzat atzerapena dakar atzerriko hizkuntzaren ikaskuntzan, baina, aldi berean, Goi Mailako beste ikasle batzuk artatu behar dira, Erdi Mailatik datozenak eta hainbat faktorerengatik atzerriko hizkuntzaren ezagutzarik ez dutenak.

Nolanahi ere, LAB sindikatua ez dago ikaskuntza horren aurka, baina, gure ustez, ikasleek maila akademiko egokia izan behar dute atzerriko hizkuntzan ikasten jarraitzeko, beren zikloari dagokion maila teknikoa lortzea eragotzi gabe. LHko eredu elebidun berrian bi ordu emango dira atzerriko hizkuntzan lehen eta bigarren mailan eta horri gehitu ahal izango zaio hezigarri modulu bat ematea lehen eta bigarren mailan, baldin eta ikasleek B1 maila egiaztatzen badute; maila hori egiaztatzen ez badute, moduluak irakas-hizkuntzan emango dira. Bestetik, ikusi beharko da nola betetzen dituzten irakasleen lanpostuak modulu horiek atzerriko hizkuntzan emateko; izan ere, C1 maila ziurtatzeaz gain, irakasle horiek hizkuntza tekniko egokia erabili beharko baitute moduluak ematean.

Eskaintzaren azterketa

Goi Mailako zikloetan zazpi ziklo berri eskaintzen dira ele bitan eta horiei aldatutako bertze bederatzi ziklo gehitu zaizkie. Guztira hamasei ziklo eskaintzen dira eredu elebidunean. Horietako bi elebidunak dira, bat berria eta bertzea D eredutik datorrena elebidunera (frantsesera).

Nafarroa Garaian eskaintzen diren Goi Mailako zikloak 107 dira: 85 gaztelaniaz, 14 elebidun gaztelaniarekin, 6 euskaraz eta 2 elebidun euskararekin. Horrek erran nahi du euskarazko zikloen eskaintza ez dela % 6ra iristen.

Egoera antzekoa da Iruñerrian ere: 74 ziklotatik 59 gaztelaniazkoak dira, 10 elebidun gaztelaniarekin, lau euskarazkoak eta bat elebiduna euskararekin, euskara hizkuntzarekin eskainitako zikloak % 5,4 baino ez direlarik.

Datu anekdotiko gisa, honako ziklo hauetan -Administrazioa eta Finantzak (Mariana Sanz I.I.), Basogintzaren eta Natura Ingurunearen Kudeaketa (Nekazaritza eta Basogintzaren I.I.), Telekomunikazio eta Informatika Sistemak (Donapea I.I.P.), Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena (Mariana Sanz I.I.), Laborategi Klinikoa eta Biomedikoa (Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala I.I.)- gaztelaniazko eskaintza bikoiztu egiten da gaztelaniazko elebidunarekin. Gainera, Energia Berriztagarriak (Energia Berriztagarriak I.I.P.), Sistema Informatikoen Administrazioa Sarean (Mariana SanzI.I.), Mekatronika Industriala (Virgen del Camino I.I.P.) eta itunpeko bertze bi ikastetxetan, bikoiztutako zikloak gaztelaniaz bakarrik eskaintzen dira, hau guztia bertze behin ere euskararen kaltetan.

Erdi Mailako zikloetan, euskarazko eskaintzaren zifrak zertxobait hobetu badira ere, honek oso eskasa izaten jarraitzen du, guztizkoaren %10 inguru baino ez delarik. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, 2021-2022 ikasturterako euskarazko eskaintza bi ziklotan handitu da, gaztelaniazko bertze 10en aldean. Erdi Mailako D ereduko zikloak 14 dira, zazpi Iruñerrian eta bertze 7 eremu euskaldunean. Erdi Mailako zikloen eskaintza, Nafarroa Garaian, 123koa da eta horietatik 65 gaztelaniaz eskaintzen dira Iruñerrian.

Oinarrizko LHko zikloak konplexuagoak dira azterketa sakon bat egiteko orduan. Heziketa ziklo horietan sartzen diren ikasleek, batez ere, zailtasun handiak izan dituzte DBH ikastean. Nafarroako Foru Komunitateko eskaintza 50 ziklokoa da, horietatik hiru euskaraz, Iruñean bat izanda. Autokonplazienteak izan nahiko bagenu, D ereduko ikasleek maila akademiko altua dutela erran genezake eta, horregatik, ia ez dagoela Oinarrizko LHko ziklorik. Baina Goi Mailako graduetan irakurketa bera egiten badugu, ikasketak Nabarrako jatorrizko hizkuntzan egin ahal izateko eskubidearen bertze urraketa bat ikusten dugu.

Goi Mailako ikasketak amaitu dituzten ikasleei zuzendutako espezializazio-ikastaroetatik, hau da, lanbide-profila kualifikazio espezifiko baten bidez eguneratzeko eta hobetzeko aukera ematen dutenak, bortz eskaini dira eta bortzak gaztelaniaz.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetan, berriro ere, euskarazko eskaintza ez da existitzen. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako zikloetan zazpi ziklo daude, sei Iruñean eta bertze bat Corellan. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Maila Ertainean, eskaintza bortz ziklokoa da, hiru Iruñean eta bi Corellan. Iruñean bikoiztu egin da datorren ikasturterako Produktu Grafiko Interaktiboaren Laguntza zikloa, gaztelaniaz noski, espero zen bezala.

LANBIDE HEZIKETAKO ESKAINTZA Zikloka eta zonaldeka, aurten eta datorren ikasturterako

Azaroan, EAEn egin genuen azterketan ere agerian zegoen Lanbide Heziketan euskaraz eskaintzen diren ikasketak askoz urriagoak direla beste hezkuntza-mailetan baino: https://irakaskuntza.lab.eus/lanbide-heziketan-gaztelania-nagusi/