Euneiz unibertsitateari diru publikoaz finantzatzea ahalbidetzen duen legea salatu dugu Legebiltzarraren aurrean

32

EAEko Legebiltzarrearen aurrean kontzentratu gara UPV/EHUko beste eragileekin batera Euneiz unibertsitate publikoaren proiektua gaur onartu baitute; lege honek Euneiz unibertsitate egitasmo pribatuari finantziazio publikoa eskura jarri dio.

“2017an zalaparta handiz Querejeta, Ramiro Gonzalez, Gorka Urtaran eta EUSES eta ENTI ikerketa-zentroen zuzendariek Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua aurkeztu zutenean, etorriko zenaren kontziente izan ginen. Argi dago Querejetak hariak ondo mugitu dituela agintari politiko batzuekin, zeren eta irabazi-asmoko unibertsitate honek hasiera-hasieratik jaso baitu erakundeen bultzada agerikoa, diru publikoaren injekzioen iragarpenarekin batera.

Behin baino gehiagotan salatu dugunez, unibertsitate honen izaera elitistari (neurri handi batean atzerriko familia dirudunen ikasleei zuzenduta egongo dena) hemen jada eskaintzen diren ikasketa batzuk bikoiztea gehitu behar diogu. Izan ere, Euneizek eskainiko dituen bi gradu eskaintzen dira jada EHUn (horietako bat Deustuko unibertsitate pribatuan ere), eta beste hiruren antzeko ikasketak unibertsitarioak ez diren hezkuntza-zentro batzuetan badaude ere. Era berean, Euneizek eskainiko lituzkeen bi masterren edukiak jasotzen dituen bi master eskaintzen ditu EHUk. Euskal jendartearen eskaerak ez du beraz justifikatzen ikasketa berri hauen eskaintza. Edozein kasutan, ikasketa berrien eskaera antzematen bada, unibertsitate publikoaren bidez eskaintzea dago, beharrezkoa den finantzaketa emanez. Euneizen inguruan egindako txosten ofizialek erakutsitako gabeziaz gain, kezka handia daukagu euskarari emango zaion tratamenduagatik (ikasketetan zein presentzia izango duen ez dago zehaztuta) baita langileen lan-baldintzengatik ere (arduraldi-erregimena, aukeraketa-prozedurak eta beste alderdi asko ez dira publiko…).

Diru publikoa zein ikasleak lortzeko UPV/EHUrako Euneizek suposatzen zuen lehiaz ohartuta, EHUko zuzendaritza taldeari jarrera irmoa eskatu genion egitasmo honen aurrean, ondoriorik gabeko epeltasunean geratu dena. Era berean, sindikatuok zein ikasleen antolakundeok martxan jarri ginen proiektu hau salatzeko eta bertan behera geratzeko eskatzeko, bereziki funts publikoak ez jasotzeko exijentziarekin. Gaia EHUko Gobernu kontseilura eraman genuen, erakundetik lortu ez genuen adierazpen baten bila. Euneiz oinarri duen Innovaraba egitasmoaren aurkezpena egin zenean elkarretaratzea burutu genuen Gasteizko Europa Jauregiaren aurrean, baita EHUko 2021-22 ikasturtearen hasiera-ekitaldian, Lehendakaria eta Hezkuntza sailburua han egon zirela. Komunikatuak eta iritzi artikuluak zabaldu ditugu ere, arrisku honetaz jendartea ohartaraziz, nahiz eta hedabide batzuetan Euneizen aurkako ekimen hauek guztiak isilarazita izan diren.

Gaur, beste elkarretaratzea egin dugu, oraingoan Legebiltzarraren aurrean, interes pribatuek euskal jendarte osoari sartu dioten gol erabakigarria salatzeko. Izan ere, EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta Vox-ek Euneiz Euskal Unibertsitate Sisteman sartu dute, UPV/EHUrekin zein Mondragon Unibertsitatea eta Deustoko unibertsitate pribatuekin batera. Irabazi-asmoko eragile berri honek diru publikoak eskatu eta jaso ahal izango ditu hemendik aurrera, aipatutako alderdien eta Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritzaren erabateko sostenguarekin. Beste lehiakide bat guztion diru publikoak bereganatzeko lehian. Hori bai, gutxi batzuen onerako, batez besteko 8.000 euroko matrikula urteko ordaindu ahal dutenen onerako. Hori guztia, unibertsitate publikoak EAEko aurrekontuetatik urtero jasotzen duen finantzazioa kalitateko hezkuntza-unibertsitarioa eta langile guztien lan-baldintza duinak bermatzeko nahikoa ez den bitartean. Gaurko erabakiak argi uzten du hezkuntza unibertsitarioari dagokionez, EAJ/PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta Vox-en lehentasunak hezkuntza pribatuan daudela.

Ikuspegi juridikotik egin duten mugimendu bakarra 2021eko abuztuan indarrean sartu zen unibertsitateak sortzeko Errege Dekretuak ezarritako baldintzak musu-huts uzteko izan dira. Izan ere, legeak gutxienez 10 gradu, 6 master eta 2 doktorego-programa eskatzen ditu, gutxienez 3 jakintza arlotan. Euneizek hau betetzetik urrun dagoenez EAJ-PNV eta PSE-k emendakinak aurkeztu zituzten legearen aurreproiektuan aipatzen ziren ikasketa zehatzak kentzeko, modu honetan oztopo legalik ez egoten saiatzeko. Aipatzen dute 2022ko udazkenean hasiko direla klaseak Euneizen, baina argi dago momentu horretan ez duela beteko legeak ezarritakoa. Presa handia eta direnak eta ez direnak egin dituzte ekimen elitista hau ahalik eta azkarren martxan jartzeko.

Euskal unibertsitate publiko zein diru-kutxa publikoen kontrako eraso larri bat gauzatu dute gaur“.

LAB – STEILAS – CCOO – ELA – CGT/LKN – ESK – UPV/EHUko Ikasle Kontseilua-Ernai