Eskola segregazioari aurre egiteko neurrien dekalogoa aurkeztu du LABek

404

Gaurkoan, eskolan ematen den segregazioari aurre egiteko hainbat neurri aurkeztu nahi ditugu, LABen dekalogoa. Segregaziorako faktore bat baina gehiago daude, baina nagusiki arrazoi sozioekonomikoengatik ematen den segregazioaz ari gara; gainera, sarritan jatorriarekin gurutzatua egoten da inklusioa sustatu beharko luketen politika publikoen faltagatik. Gauza jakina baita, Atzerritar Legearen eraginez hainbat oztopori aurre egin behar diotela eta bizi baldintza duinak ziurtatuak izateko zailtasun handiagoak dituztela.

Segregazioaren gaia, hezkuntza sistemaren arazo nagusienetakoa bilakatu da. Egungo sistemak, heteropatriarkala, koloniala eta ekozida denak, eragiten dituen gerra, gosete eta larrialdi klimatikoak, migrazioaren areagotzea dakar; ondorioz, gure herrian azken urteetan jatorri geografiko ezberdinetako herritarren kopuruaren gorakada nabarmena izan da.

Langile migratu horien zein bertan jaiotako langileen seme alabak eskolaratzeko orduan, ikastetxeen artean desoreka handiak daude. Egun indarrean dagoen hezkuntza sistemak eragin nabarmena izan du desoreka horretan. Haurren eskolaratze orekatua eta euskalduntzea bultzatuko duen hizkuntza politikarik ez dago. Gurera etortzen diren gurasoei ez zaie behar bezalako informaziorik ematen euskalduntzearen garrantziaz eta euskalduntzeko dituzten aukerez, haurrak D ereduan matrikulatzera ez dituzte animatzen.

Kuoten kobrantzak ere eragina du. Doako ikasketak eskaintzen ditu eskola publikoak – hezkuntza sistemaren % 50,8- eta oraindik kuotak kobratzen dituzte sare itunduan Gizarte Ekimeneko ikastetxeek – % 39,5- eta Ikastolek -% 9. Ikastoletako batzuk, ordea, utzi diote kuotak kobratzeari.

Honek hainbat ondorio ditu eta desberdintasun sozioekonomikoak iraunarazi ez ezik, areagotu ere egiten ditu; eskola publikoaren azpifinantzazioa bultzatu du eta haren kalitatean eragiten du. Horrez gain, euskararen ezagutza eta honen bermerako euskarazko murgiltze ereduaren hedapena zailtzen du.

Bestalde, klase ikuspegitik testuinguru orokorrari erreparatzen badiogu, langileon kontrako oldarraldi giroa bistakoa da. Langileen artean arrakalak sortzen ditu, klasismoa, matxismoa, arrazismoa sistemikoak dira. Olatu erreakzionarioa gero eta gehiago indartzen ari da, neomatxismoa, homofobia, xenofobia eta migratuen kontrako jazarpen giroa.

Testuinguru horretan ulertu behar ditugu ere eraso euskarafoboak. Euskara, oso momentu zaurgarrian dago, larritasun egoeran dago. Eskola segregazioa gainditzeko borrokak euskarari arnas emateko borroka ere izan behar du.

Hortaz, eskola mapan ematen diren desorekak gainditu egin behar dira, desoreka horiek, goian aipaturiko ondorioez gain, klasismorako eta arrazismorako joerak indartu baititzake. Horregatik, LABetik gizarte-kohesioaren alde egiten dugu eta hor, euskarak inklusio- sozialerako tresna garrantzitsua izan behar du.

Honengatik guztiagatik, premiazkoa da eskola eremuan ematen den segregazioari aurre egitea. Eskola mapak planifikazio berri bat behar du, D ereduko sare publikoa ardatz hartuta. Hori ezinbestez, herriz herri, auzoz auzo, tokiko errealitatea aintzat hartuz egin behar da, egun dagoen ikaspostuen gain-eskaintzari heldu behar zaio, eta erantzun egokia eman, murriztekotan, D eredukoak ez diren eta laikoak ez diren plazak murriztetik abiatuz.

Erronkari aurre egiteko, segregazioaren kontrako Itun Sozial baten beharra aldarrikatu izan dugu behin baino gehiagotan. EAEko Hezkuntza Sailak mahaia sortu du eta Osasun Mahaian erabilitako metodologia bera erabili nahi dutela dirudi. Hau da, argitasun gutxi, adostasunak eraikitzeko borondate handirik ez eta itxurakeria asko.

LABen aburuz, langileen ordezkarien gehiengoarekin adostu behar da segregazioari loturiko edozein erabaki, eta abian jarri den mahaiak ez du hori ziurtatzen. Gure ustetan, irakaskuntzako mahai sektorialetan ere landu eta adostu behar dira segregazioaren kontrako neurriak. LABentzat ezinbestekoa da horretarako aukerarik izango den ala ez argitzea, mahaian gure parte-hartzearen nondik norakoak baloratzeko. Hau da, joko-arau argiak nahi ditugu. Ez dago segregazioaren kontrako itunik langileen gehiengorik gabe.

Jarraian aurkeztuko dugu LABen DEKALOGOA eskola segregazioari aurre egiteko neurriekin:

1- Gizarte-kohesioa oinarri: gizarte-kohesioa, eta, ondorioz, ikasleen aukera berdintasuna erabakigarria izan behar da hezkuntza sistemaren planifikaziorako.

2- Ikasleen eskolaratzea eta ikaspostuen planifikazio deszentralizatua, udalerrietatik abiatuta. Matrikulazioa eta ikaspostuen planifikazioa herrika garatzea eskatzen dugu, kudeaketa bulego bakar eta loteslearen bitartez egin behar da.

3- Bizitoki-segregazioaren aurrean auzo barrutia zabaldu: egoera sozio-ekonomiko ezberdinak dituzten auzoak barne hartzeko eta bizitoki-segregazioa eskolan ez erreproduzitzeko.

4- Matrikulazio baremo bateratua hezkuntza-sistemako ikastetxe guztietarako: neurri gehigarriak ezarri behar dira eta baremazioa homolagatua izan behar da sare eta ikastetxe guztietarako.

5- Laikotasunaren bermea: Eragin eremu guztietan eskaintza laikoa bermatu behar da, izaera erlijiosoa segregaziorako iturri bihurtu ez dadin.

6- Euskaraz ikasteko eskaintza bermatu: Euskara segregaziorako elementu bihur ez dezaten, eta inklusiorako elementu izateko, neurriak behar ditugu. Hizkuntza ereduen sistemarekin ikasle askori euskaraz ikasi eta bizitzeko eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatu egiten zaie, horregatik, eragin eremu bakoitzean D ereduan ikasteko eskaintza nahikoa egon behar da.

7- D ereduko ikaspostu publikoak hedatu: Eskola publikoen arteko fusioak gertatuz gero, D ereduko ikaspostuen galerarik ezin da egon. D ereduko ikaspostu publikoak hedatzeko planifikazioa behar da.

8- Konfluentziaren norabidean urratsak ematea: Euskal eskola publiko komunitario baten alde borrokan jarraitzea. Euskal Curriculumean, doakotasunean, laikotasunean, inklusioan, ekitatean, euskararen murgiltze ereduan eta pedagogia feministan oinarrituko den sare publiko bakar, berri, propio, burujabe, euskaldun eta deszentralizaturen alde.

9- Auditoretza-unitatea, ikastetxe guztietako diru-kontuak gardentasunez publiko egitea eta hauen kontrol publikoa.

10- Segregazioari aurre egiteko neurriak edota ikasleen eskolatze eta planifikazioari loturiko araubideak langileokin negoziatu eta adostu behar dira.

> Argazki galeria:

2025-10-17_LAB_Segregazioa_EU