LABen iritziz, Hezkuntza Akordiorako Ponentzia Batzordeak aurkezturiko zirriborroak azaleko irakurketak egiten ditu, idazkerak zalantzak sortzen ditu eta ez dio hezkuntza-sistemaren gabezien muinari heltzen. Hain da horrela, aurkeztutako zirriborroak diagnostikorik ere ez duela eta ikuspegi kritikorik ezean, nekez lortu daiteke egungo hezkuntza-sistema herri bezala ditugun beharretara egokitzea.
Interpretazio oso ezberdin eta zabalak izan ditzakeen testua da. LABek uste du hitzarmenaren helburuetako bat ituntze-sistema unibertsalarekin amaitzea izan beharko litzatekeela. Are gehiago, konfluentziatik abiatuta titularitate publikoko sare bakarreranzko trantsizioa egin beharko litzatekeela, eskola publikoa sistemaren ardatza izanik eta deszentralizazioan nahiz hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarrituriko publikotasun berria eraikiz. Egungo egoeran, administrazioak eskola publikoa erdigunean jarri eta baliabidez hornitu behar du.
Trantsizio honetan, diru-publikoa jasotzeko baldintzak ezartzearekin batera, -euskaren murgiltze eredua, hezkidetza, laikotasuna, inklusioa, doakotasuna eta euskal curriculuma-, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan parte hartze publikoa bermatu beharko litzateke, titularitate partekatuko formulak erabiliz. Alegia, trantsizio aldian, hezkuntza zerbitzu publikoan bi titularitate mota leudeke, publikoa bata eta partekatua bestea.
LABen ustez zirriborroak ez dio herri gisa dugun euskalduntze erronkari behar bezala erantzuten. Euskararen murgiltze eta mantentze eredua definitu eta ezarri behar da hezkuntza komunitate osoarentzat 0 urtetatik Lanbide Heziketa bitarte.
Era berean, 0-18 urte bitarteko hezkuntza sistema ez-unibertsitarioaren eredu eta antolaketari erantzun beharko lioke hitzarmenak, zirriborroan aipatu ere egiten ez den Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3) hezkuntza sistemaren barruan eta eskola mapetan integratuz. Administrazioak diru-laguntzen txeke politikarekin amaitu eman beharko luke, hori egin ezean haurrekin eskolek duten matrikulazio lehia betikotuko baita. Bide horretan, ezinbestekoa da Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna bermatzea.
LABek proposaturiko herri mailako eskolaratze eta planifikazio batzorde bateratuak aipatzen ditu testuak. Hala ere, gaiaren garrantziak sakontasun gehiago eskatzen du. Matrikulazio guztiaren planifikazioa egiteko Hezkuntza Sailaren eta udalen arteko ko-gobernantza formulak garatu ahal izateko sortu beharreko batzordeek baliabideak, eskuduntzak eta izaera loteslea behar dituzte ezinbestean. Soilik horrela lortu daitekeelako tokian tokiko beharrei erantzunez segregazioa gainditzeko proposamen integralak garatzea.
LABek bere dekalogoan jaso zuen ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak %100 finantzatuko direla, eta ez besterik. Haur eta ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak, eremu sozialari, ongizate fisiko eta psikikoari eta akademikoari erantzuten dietenak dira eta hauei lotuta, garapeneko autonomia, jolasa, emozioak, segurtasun afektiboa, natura, esperimentazioa, hizkuntza, jakintza, elikadura, gorputza, harremanak eta pentsamendu kritikoa. Hortaz, bertatik kanpo leudeke orain hilabete ezagutu ditugun praktikak, igerilekuak edo bestelako azpiegiturak finantzatzea alegia.
Akordio proposamenak hutsune larria du kontrol publikoari dagokionez. Izan ere, ez da nahikoa doakotasun erreala edota euskalduntzea bezalako gurariak aurkeztea gero ez badira hauen ebaluazioak garatuko. Sistemaren eta finantziazioaren kontrola gauzatzeko instituzioen auditoriak eta ikuskaritza propioak beharko dira.
Programa-kontratuekin kontu handia izan behar da. Ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Sailarekin hezkuntza egitasmoa burutzeko beharrezko dituen baliabideak adostu ditzakeen arren, hezkuntza-sistemak egiturazko curriculuma izan behar du, hezkidetza, aniztasunaren trataera eta inklusioa, laikotasuna eta euskara eta euskal kultura ikastetxe guztien hezkuntza egitasmoaren oinarri izan behar dira. Klase-sozialen, sexu-generoaren edo/eta arrazializazioan oinarrituriko zapalkuntzei hezkuntzak era integral eta kritikoan erantzun behar die, ezin da hautazkoa izan. Aipatutakoaz gain, mekanismoak ezarri beharko dira programa-kontratuak ikastetxeen arteko lehia sustatu ez dezaten eta segregazio-iturri bilakatu ez daitezen.
Afera laboralari dagokionez, irakasleei buruz bakarrik ari da zirriborroa, eta gainontzeko hezkuntza langileak alboratzen ditu. Irakasleen prestakuntzaz aritu behar dela aitortuta ere, ikastetxeko hezkuntza egitasmoaren eta horren helburuen ardura langile guztiona da. Publiko bilakatu behar diren azpikontrataturikoena ere. Langile guztion aitortza ezinbestekoa da, hezkuntza bere adierarik zabalenean ulertu eta eraldatzeko asmoa badago, behintzat.
Langileen sarbideari buruzko adostasunak jaso beharko lituzke zirriborroak, sarbide sistema bakarrerantz urratsak emanez eta, hautagaien aukera berdintasun, gaitasun eta merituetan oinarrituriko prozesu gardenak ezarriz. Era berean, irakasle-ikasle zein hezitzaile-ikasle ratioen jaitsiera adostasunak jaso beharko lituzke testuak, ikasle bakoitzari eskainitako arreta eta hezkuntza kalitatea hobetzeko eta jaiotze kopuruaren beherakadaren aurrean enpleguari eusteko neurri gisa. Langileen lan-baldintzen, egonkortasunaren eta homologazioaren inguruan sakondu beharra dago.
Bukatzeko, LABek adierazten du, plazaratu berri duen dekalogoa oinarri hartuta zirriborroari ekarpenak egingo dizkiola. Egun, oso interpretazio ezberdin eta zabalak izan ditzakeen testua dela baloratuta, eztabaidagai batzuk argitu, definitu eta itxi beharra azpimarratzen du. Egungo ituntze-sistema betikotu edo berau mugatu eta trantsizio bidean jartzea bi gauza oso ezberdin baitira. LABek Hezkuntza Akordioan eragin nahi du eta eragingo du.