EHUn dagoen prekarietatea amaitzeko finantziazio gehiago exijitu dugu ikasturte-hasierako ekitaldian

386

2021/22 ikasturteari hasiera emateko EHUko Donostiako campusean egindako ekitaldiaren atarian kontzentrazio bat egin dugu EAEko unibertsitate publikoan langile batzuek pairatzen dituzten egonkortasun eza, prekarietatea eta diskriminazioa salatzeko, eta egiturazko gaitz askori aurre egiteko beharreko finantziazioa eskatzeko Urkulluk zuzentzen duen gobernuari.

Irakasle askok lanaldi partzialeko kontratuekin jarraitzen dute EHUn, 400-700 euro hileko soldatak kobratuz. Jardun partzialeko irakasle askori egiten duten lana baino gutxiago ordaintzen zaie; izan ere irakaskuntza- eta tutoretza-orduak baino ez zaizkie ordaintzen, nahiz eta kasu gehienetan beste ezinbesteko jardunak ere egin (formazio-ikastaroak jaso, eskolak prestatu, kudeaketa, ikerketa…). Praktika oker batzuk aldatzeaz gain ezinbestekoa da hain soldata baxuak ezartzen dituen 41/2008 dekretua aldatzea, eta horretan Jaurlaritzak du ardura.

Doktoretza aurreko ikertzaile askori EHUk oraindik ez die ordaindu zor dizkien atzerapenak, Ikertzaileen Estatutu berriak jasotzen duen bezala. Ikertzaile berrien soldatak murritzak dira eta ikerketa egiten hasten direnentzat lan-baldintzak, prekarioak.

Salbuespen batzuk kenduta (hutsik dagoen lanpostu iraunkor bat okupatzen duten aldi baterako irakasleak), iraunkorrak ez diren irakasle eta ikertzaileei ukatzen zaie ikerketa seiurtekoak eskatzeko aukera, osagarri hauek jasotzeko meritu nahikoak izan arren eta haien ikerketa-kide iraunkorrei ebaluatzen zaien bitartean. Espainiar Estatuko beste unibertsitate batzuetan eskatu ahal den arren, EHUko Zuzendaritza taldeak ez du egiteko borondaterik.

Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) kasuan, urte luzez lanean ari diren ehun bat langileren lanpostuek kontsolidatu gabe jarraitzen dute. Aurrekontu-eza argudiatuta, Zuzendaritzak, aldiz, ez du Jaurlaritza presionatzen beharrezko finantziazioa lortzeko.

Bestalde, EHUren zenbait zerbitzutan, langile falta nabaria da, eta kontratuak urtero berriztatzen dira, langile publikoen etorkizuneko lan-harremana eta bizitza nahierara moldatuz, ezinegonean.

Hala ere, urte luzetan, Lanpostuen Zerrendako plaza gehienak ez dira LEPetan eskaini, eta aldi baterako langileek bete dituzte, lege-iruzurrean. Orain iragartzen eta negoziatzen ari den enplegu eskaintzetan, zuzendaritzak ez du inolako borondaterik erakutsi eskainiko diren lanpostu horietako langileei inolako egonkortasun akordiorik eskaintzeko, ezta kontsolidazio proposamenik mahai gainean jarri eta negoziatzeko.

Hauxe da EHUko Zuzendaritza erakusten ari den arduragabekeria AZPko plantillarekiko. Hauxe ere, EHUko sindikatu gehienak, antza, onartzeko prest daudena.

Aurrekoa gutxi ez balitz, EHUko Zuzendaritza prest dago 2020ko aurrekontuan izandako 3 miloiko defizita 2021ekoan “orekatzeko”, zehazteke dauden murrizketak eraginez, Urkullu buru duen Jaurlaritza Euneiz unibertsitate pribatu elitistari bide eman eta 12,5 miloi euroko dirulaguntza zuzena bideratzeko prest dagoen une berean.

Hori dela eta, EHU barruan mantentzen diren prekarietate eta diskriminazio egoera horiek eta beste batzuk salatu eta haiekin bukatzeko exijitu dugu kontzentrazio baten,  horixe baita euskal gizarteak behar eta exijitzen duen unibertsitate publiko bikaina erdiesteko ezinbesteko baldintza. LAB sindikatua tinko mantenduko da aldarrikapen hauetan, orain arte egin duen bezala.

Jatorrizko albistea: HEMEN