Zerbitzuetako langileen hurrengo Mahai Negoziatzailea datorren astelehenean izango da. Bertan sinatzeko Lan Hitzarmenaren testu proposamena bidali dute eta horrekin batera, hitzarmenean jaso zen ordezkoen zerrenden irekiera. Sukaldeko ratioak kalkulatzeko 7 orduko koefizientea txertatzea lortu dugu. Atzo bidali genituen aurreakordioan sinatutako guztia behar bezala jasotzeko ekarpenak eta berme klausulari lotutakoak. Guztiak behar bezala txertatzen badira, LABen sinadura izango du testuak.
Zerbitzuetako langileen hurrengo mahai negoziatzailea urtarrilaren 19an izango da, bertan Lan Hitzarmenaren testu proposamena sinatzeko ekarriko dute eta horrekin batera hitzarmenean jaso zen ordezkoen zerrenden irekiera. Gogoratu nahi dugu, 2025eko martxoaren 21ean, greba eta mobilizazioei amaiera emanez Lan Hitzarmen berriaren aurreakordioa sinatu genuela. Halaber, maiatzaren 22an jatorrizko testuaren gaineko hainbat zuzenketa sinatu genituen.
Hilabete guzti hauetan LABetik, kolektibo honetan lehen indarra izatearen arduragatik, akordioaren defentsa egin dugu, bai eta honen jarraipen zorrotza ere. Administrazioaren moteltasuna eta behin eta berriz egiten zituen interpretazio okerrak salatu ditugu publikoki zein idatzi formalen bitartez hainbatetan. Bitartean, lanean aritu gara buru belarri, adostutako guztia jasoko duen behin betiko testua lehenbailehen sinatzeko, hau EHAAn argitaratzea dugulako helburu, garatzeko eta hobetzeko dauden araudi eta prozesu guztien lanketa eta negoziazioei ekiteko.
Ikasturte hasieratik, sukaldeko ratioen inguruan Hezkuntza sailaren interpretazio okerrak eta garbiketako metraje jaitsiera inplementatzeko egin duen aurreikuspen faltak bete-betean eragin negatiboa izan du langileen egunerokotasunean, haien lan karga izugarri areagotuz.
LABetik tokian tokiko eskaerak egin ditugu etengabe, egoerari irtenbidea emateko.
Hau gutxi balitz, Hezkuntza Sailak aurreakordioan sukaldeko ratioen kalkulurako 7 orduko koefizientea interpretazio okerra egiten ibili da eta hitzarmenaren azken testu proposamenetik kendu zuen.
Esan genuen, ordea, hitzarmenak LABen sinadura izateko greba amaierako aurreakordioan eta zuzenketen dokumentuan jasotako guztia egoteaz gain, irakasleen hitzarmenean eta gerora heziketa berezian sinatu ditugun lizentzia eta baimenetan txertatutako hobekuntzak egon behar zirela. Ez genuela atzera pausurik onartuko, ezta birnegozioatuko ere. Horretarako langileok ditugun tresna guztiak erabiltzeko prest gaude: ekintza sindikala, negoziazio kolektiboa eta bide judiziala.
Bestalde adinagatiko murrizketarekin egon den arazoa konpontzea eta jasota zegoen bezala aplikatzen jarraitzea lortu dugu.
Gauzak horrela, astelehenerako jaso dugun azken proposamenean, ezinbestean txertatu beharreko sukaldeko ratioak kalkulatzeko 7 orduko koefizientea jasotzea lortu dugu eta atzo bertan bidali genituen aurreakordioan jasotako guztia behar bezala jasotzeko ekarpenak. Guztia behar bezala txertatzen bada, LABen sinadura izango du testuak.
Zerbitzuetako langileentzako mugarri garrantzitsu bat izango da hau eta jakitun gara oraindik ere bide luzea dugula aurretik, hitzarmenean garatu behar diren hainbat puntu baitaude. Langileen lan baldintzak hobetzea helmugarik gabeko iraupen-lasterketa da baina lanak eta borrokak merezi dute!
INFO-2026-01-16-1


