Hasi berri dugu ikasturtea eta Hezkuntza Saila, tamalez, aurreko ikasturteetako norabide berdinean jarraitzen du. Ikasturte osoa igaro genuen Sailaren noraeza, aldebakarkeria eta arduragabekeria salatzen. Hilez hile Mahai Negoziatzaileak deitu bazituen ere, agerian gelditu zen hauek edukiz betetzeko administrazioaren ezgaitasuna.
Gauzak horrela, greba eta borroka ziklo indartsuari bukaera eman zion Lan Hitzarmen berria oraindik ez da garatu bere osotasunean. Eta LABentzat lehentasunezkoa da adostutakoa osotasunean betetzea eta hori exijitzen diogu sailari. Horren adibide dira besteak beste, sukaldari buru eta garbitzaile buru kategoriak oraindik sortu ez izana, eta funtzio eta maiztasunak zehaztu gabe jarraitzea, nahiz eta LABetik proposamen zehatzak helarazi ditugun. Hori gutxi balitz, beste behin ere, beharren azterketa oso berandu egiten dela salatzen dugu eta horrek egunerokotasunean lan kargak handitzen dituela, ez baita behar besteko kontratazioa ikasturte hasieratik egiten. Garbiketako langileen kasuan gainera, oraindik ez da Lan Hitzarmen berrian jasotzen den metraje jaitsiera gauzatu, Hezkuntza Sailak ez baitu zentroen metroen gaineko azterketa behar bezala egin.
Sare eta Sistema informatikoen kategoriako langileei dagokionez, ordezkapen zerrendak ireki eta irekita mantentzeko eta Ordezkabidean txertatzeko hainbat aldiz eskatu diogu Hezkuntza Sailari. Horrez gain, beste behin ere, lagile hauek kalitatezko formakuntza jaso dezaten eskatzen dugu LABetik.
Irailaren batean, alde sozialari inolako jakinarazpenik egin gabe, sukaldeko eta garbiketako lan-kategorietarako LEP deialdia arautzen duen agindua argitaratu zuela salatzen dugu. Berriz ere, Hezkuntza sailaren inprobisazioa eta alde bakarrez aritzeko duen joera argia berretsi du. Aurreko ikasturteko hirugarren hiruhilabetean deialdiaren zirriborroa aurkeztu zitzaigun. LABetik hainbat eta hainbat ekarpen egin bagenizkion ere administrazioak negoziazioa bukatutzat eman eta inolako aurreabisurik gabe eta azken zirriborroa helarazi gabe deialdia argitaratu du. Guretzat onartezina da jokabide hau, gobernu honetan ohikoa dena. Eskaera formala helarazi diogu administrazioari, hainbat zuzenketa eskatuz eta udaberrian egindako hainbat ekarpenetan berretsiz, besteak beste, oposizio fasea prestatzeko galdera sortak ematea eskatu dugu. Horrez gain, deialdiaren eranskinetan lan kategoria bakoitzaren gaitegia zehazten bada ere ez da bibliografia zein informazio iturririk aipatzen. Sailari eskatzen diogu arduraz jokatu eta langileen eskutan behar beste baliabide jarri dezan. LABetik lanean jarraituko dugu LEP ereduetan eragiteko.
Begoña Pedrosa buru duen Hezkuntza Sailari eskatzen diogu itxurakeria, inprobisazioa eta alde bakarrez aritzeko joera alde batera utzi, adostutakoa osotasunean bete eta negoziazio kolektiboari merezi duen tokia eta garrantzia ematea. Guretzat ezinbestekoa da hau, bestelan bide mobilizatzailea indartuko dugu.
LABetik lanean jarraituko dugu, Hezkuntza Saileko zerbitzuetako langileen eskubideak borrokatzen. Ikasturte berri honetan ere bidelagun izango gaituzue.
INFO-2026-09-16_EUS


