EAEko Lanbide Heziketa: LABek egindako lanari esker Lanbide Heziketan mahai negoziatzaile propioa izatea lortu da

57

Gaur, abenduaren 10ean, Lanbide Heziketako mahai teknikoa izan dugu. LABek urte luzez egindako eskaera izan da Lanbide Heziketako gaiak lantzeko mahai propioak izatea, eta gaurkoan, urrats handia eman dugu zentzu horretan. Izan ere, urtarrilaren 20an mahai negoziatzaile propioa izatea lortu da, LABentzat eskaera historikoa izan dena.

Horrez gain, bestelako konpromezuak ere hartu ditu Hezkuntza Sailak, besteak beste, metodologia zehaztea (dokumentazioa aurrez jaso eta ekarpenak egiteko epea izateaz gain sindikatu guztiok ere ikusi ahal izatea) eta landuko diren edukiak sindikatuokin adostea. Hala ere, mahai negoziatzaileak edukiz bete behar ditu Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako sailburuordetzak, baita eduki horiek negoziatzeko metodologia egoki bat izatea ere.

Gaurko mahaiari dagokionez, bi gai jorratu ditugu: alde batetik ikasturte hasierako ebazpena; bestetik, Oinarrizko Lanbide Heziketa.

Lehenengo gaiari lotuta, LABek irailaren 12an egindako ekarpenen inguruan ez dugu idatzizko erantzunik jaso oraindik; ahoz soilik erantzun dituzte. LABen eskariz, urtarrilaren 20an mahai negoziatzailea izango da, puntuz puntu landu eta ikastetxeek jasotako ebazpena negoziatu eta adosteko, maiatzaren 9an sinatutako akordioan jasotzen den bezala.

Bigarrenari dagokionez, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeetako langileekin egindako bileretan jasotako kezkak plazaratu ditu LABek; besteak beste, orientatzaile espezifikoa izatea, laguntzak izatea tailerrean %100ean zein laguntza klase teorikoetan, kotutoretzak aplikatzea, formakuntzak jasotzea, euskara errefortzuak txertatzea edota irizpide zuzenak izatea plazak sortzerako garaian.

Horregatik guztiagatik, LABek lanean jarraituko du Lanbide Heziketak bere mahai propioak izan ditzan eta eraginkorrak izan daitezen; era berean, ekarpenak egiten jarraituko du edukietan.

2025-12-10-INFO-Lanbide-Heziketa