EAEko irakasleon aldarrikapenak entzun eta negoziazio bideak zabaldu ditzan eskatu diogu Bildarratzi

260

Gaur BEC-en EAEko Hezkuntza Publikoko zuzendariekin bildu den Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari honako mezu hau helarazi dio LABek: Ikasturtea hasi denetik bi hilabete eskas pasa diren arren, langileok eta LAB sindikatuak haserrerako hamaika arrazoi baditugu honezkero.

Irailean, irakasleon kolektiboan, negoziatu ez zen Merezimendu Lehiaketaren deialdia ezagutu genuen. Denbora daramagu langileen egonkortasuna aldarrikatzen, eta berriz ere diogu: LEP deialdiak langileokin negoziatu! Bertan lanean ari garen irakasleak egonkortzeko neurri adostuak behar ditugu!

Iazko ikasturtea amaitu orduko, urte eta erdi generaman irakasleon Lan Hitzarmena negoziatzen. Bi hilabete hauetan, berririk ez honi buruz, eta eskaera eginda ere, ez omen dute orain horretarako denborarik. Zer gertatzen da orduan urte eta erdiko lanarekin, eta noizko lan baldintza hobeak? Urte eta erdi baino gehiago da Lanbide Heziketako gaiak lantzeko mahai propioa eskatzen dugula, zenbat gehiago itxaron behar dugu negoziazio mahai propiorako?

Negoziazio-mahairik gabeko testuinguru honetan jakin izan dugu honezkero administrazioak aldebakarrez definitu dituela, adibidez, Berrikuntza Arduradunaren funtzioak. Baliabide hau LABen proposamena izan zen eta negoziazio eta adostasunen ondoren iritsi da ikastetxeetara, eta hara non, administrazioak ez digun aukerarik eman sinatutako hura nola garatuko den adosteko. Jarraipen Batzordeetan funtzioak adosteko lan egingo du LABek.

Modu berean jaso dugu Curriculum eta Digitalizaziorako 40 eta 50 orduko formakuntzaren berri. Berrikuntza Arduradunak tarteko, ordutegia gaindituz eta ohiko inprobisazio eta zehaztasun faltarekin. Formakuntza? Bai noski, baina ez ordutegia gainditu edo langileon zama handitzea ekarriko duenik!

Eta zer esan urriko nominan egin den abuztuko ordainketaren doiketari buruz? Nolatan ez zitzaigun uztaileko mahaietan horrelakorik aipatu? Langileengan eragin zuzena duten neurriak aurrez gurekin partekatu eta negoziatzea eskatzen dugu!

Bi hilabete baino ez ikasturtea hasi denetik, baina luze dira ez delako soilik sindikatuekiko harremana etenda dagoena. Hezkuntza Sailak berak aitortu digu langile eta zuzendaritzei ematen zaien arreta ez dela egokia, eta neurriak hartuko zirela, noiz ordea?

Beraz, hauek eta beste hainbat korapilo adostasun bidez askatzen joan gaitezen, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu langileon aldarrikapenak entzun eta negoziazio errealerako bideak ireki ditzala orain!