EAEko irakasleak: ikasturteko hirugarren mahai negoziatzailea

191

Akordio arautzailea

Atzo, azaroak 20, irakasleen lan baldintzak arautzen dituen akordioaren inguruko ikasturteko hirugarren mahai negoziatzailea izan genuen.

Bertan, sindikatuek egindako ekarpenen gaineko bigarren zirriborroa aurkeztu ziguten. Nahiz eta proposamenean lehen 26 artikuluak jasotzen diren, soilik 18.artikulura arteko lanketa egin genuen, beraz, gainontzekoak hurrengo mahai negoziatzailean eztabaidatuko dira, lizentzia eta baimenekin batera.

LABek aurreko ikasturteko ekainaren 1ean sinatutako Akordio Laboralean jasotako hainbat eduki barnebilduta daude atzoko bigarren zirriborroan, besteak beste, interinitate tasari %5eko muga jartzea lanpostu estrukturalak direnak aitortuz eta historikoki eskatu izan dugun EPE deialdiak 3 urteko zikloetan egitea (maisu maistren kidegoa-bigarren hezkuntza/lanbide heziketa kidegoa-heziketa berezia eta sukalde eta garbitzailetako kidegoa). Beraz, kidego bakoitzean 3 urterik behin EPE deialdiak egongo dira. Gainera, EPE eredua aldatu bitarte, prestaketarako materiala euskalduntzeko eta baliabide pedagogiko eta praktikoak sortzeko konpromisoa adierazi zuten.

Bestetik, berebiziko garrantzia duten ordezkoen uztaileko kobraketak eta ordezkapenen kudeaketak eztabaida bizia sortu zuten. Alde sozialaren kontrakotasuna ikusita, administrazioak proposamen berri bat ekarriko du hurrengo negoziazio mahaira. Honen aurrean, LABek muturreraino eramango du negoziazioa ordezkoen lanaren aitortza bermatzeko.

Sindikatuak afiliazioarekin foroak antolatu ditu akordio arautzailearen edukien lanketa egiteko. Denon artean ahalik eta akordio onena lortzeko jardungo gara.