EAEko Irakasleak: Ikasgeletan kamerarik ez! Ez instalatu! Ez konektatu!

91

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan diharduten irakasleen artean haserrea areagotu egin da, Hezkuntza Saila ikasgeletan kamerak jartzeko bidali dituen azken jarraibideen ondorioz.

Kameren auziarekin Sailak aurrera eramandako prozedura salatu nahi du LABek. Izan ere, langile zein hezkuntza komunitateko kideen iritzia kontuan hartu gabe hartu ditu uneoro erabakiak, baita ikastetxeek behar dituzten baliabideak aintzat hartu gabe. Hori gutxi ez balitz, kamerak jarri ez dituzten zenbait zuzendaritzek espedientea jasotzeko mehatxua jaso dute, kamerak derrigorrez instalatu behar direla exijituz batera; horrek guztiak ezinegon handia sortu dute hezkuntza-komunitatearengan. Beste behin ere, Sailaren aldebakartasunaren ondorioz, ikastetxeetako zuzendaritzak zurrunbiloaren erdian geratu dira; LABek babesa helarazten die zuzendaritzei.

LABek urrian eta azaroan adierazi zuen bezala, Sailak aldebakarrez hartu ditu erabakiak, eta helburu pedagogikorik gabeko tresnak izateaz gain, aipatutako gailuak Next Generation Europako funts publikoetatik jasotako 159,03 milioi euroren bitartez finantzatuak izan dira, azken hiru ikasturteetan irakasleek jasotako “CurriDigi” formakuntzen truk. Horrez gain, Teknologiek ikasleengan pedagogikoki duten eraginaz hausnartzeko beharra mahaigaineratu zuen orduan LABek, eta horretan berresten gara.

Azken honi lotuta, Mundu digitalarekiko geroz eta menpekotasun handiagoa dagoen gizarte honetan, eskolak arnasgune izan behar direla uste du LABek. Horrek ez dugu esan nahi teknologia berrien erabilera errotik moztu behar denik, erabilera egoki batekin lagungarriak baitira eguneroko lanerako. Aitzitik, Hezkuntza Saila teknologia digitalak neurrigabe bultzatzen ari da, digitalizazioaren inguruko hausnarketa egin gabe; laburbilduz, teknologia pedagogiara moldatu beharrean, pedagogia teknologiara moldatzera behartzen ari da.

Bestalde, Kamerak konektatuta ez egotea edo estalita egotea dira sailak erabilitako argudiotako batzuk horien derrigortasuna babesteko. LABen ustez, ikasgelan kamera bat instalatuta egoteak berak gaizkiegona, urduritasuna eta kontrol sentipena sor dezake, bai langileengan zein ikasleengan.

Baliabideen gaiari helduz, LABek uste du aproposagoa dela inbertsioa hezkuntza kalitatea hobetuko duten bestelako baliabide pertsonaletan edo azpiegituretan egitea, eta ez kameretan. Besteak beste, 2025eko maiatzean sinatutako lan hitzarmena osotasunean betetzeko baliabide gehigarriak ikastetxeetara iristeko dirua inbertitu behar da, eta LABek horri ematen dio lehentasuna. Argi dago kameretan eginiko gastuak ez diela langile, ikasle eta hezkuntza zerbitzuaren beharrei erantzuten. Beraz, nori begira egiten da kamerak erosteko gastua? Baieztatu dezakeguna da Israelgo estatuarekin lotura zuzena duen Bechtle Direct enpresak 2 milioi eurotik gorako fakturazioa lortu duela.

Honen aurrean, honakoa eskatzen diogu Hezkuntza Sailari:

Batetik, pedagogia oinarri hartuz digitalizazioaren inguruan hausnarketa egin dezala, hezkuntza-komunitatea aintzat hartuz.

Bestetik, baliabideak beharrezkoak diren beharretara bidera ditzala, bai zaharkitutako gailuak edota azpiegiturak berrizteko, bai akordio arautzailean adostutako baliabide pertsonalak guztiak esleitzeko.

Azkenik, kamerak ikastetxeetan derrigorrez jartzeko agindua bertan behera utz dezala, behar izatekotan klaustroek erabaki ditzaten noiz eta nola erabili aparatu horiek etengabe instalatuta egon beharrik gabe.

Bukatzeko, LABek irakasleei dei egiten die ikasgeletan kamerak derrigorrez jartzearen inguruko desadostasuna ikasturte amaierako klaustroan adieraz dezaten. Era berean, hezkuntza-komunitatea osatzen duten bestelako eragileei ere bide horretan presio egitera gonbidatzen ditu LABek.

> Klaustroetarako gutun eredua:

Kamerak_Klaustroetsrako-gutun-eredua

> Irakurketa:

INFO-2026-06-01