EAEko Irakasleak: Hezkuntza Sailak alde bakarrez erabakiak hartzen jarraitzen du

196

Fusioen azken berriak eta LPZko datuak helarazi zizkigun Hezkuntza Sailak atzoko Plangintza Batzordean.

> Fusioak

Hezkuntza Sailak bere jarrera berretsi zuen atzoko bileran: negoziazioari ateak ixten jarraitzen du, eta prozesu guztiak itxitzat eman ondoren soilik ematen dio alde sozialari hartutako erabakien berri.

LABek hainbatetan adierazi bezala, ondorengo neurriak eskatzen ditu:

  • D ereduko ikaspostuak ez murriztea. Eskola maparen bestelako antolaketa bat sustatu behar da, eta ikaspostuen galerak D eredukoak ez diren itunpeko ikaspostuei eragin behar die.
  • Fusioak behar bezala gauzatzeko, bi aurre-baldintza gertatu behar dira LABen ustez: batetik, eskola bateko zein besteko hezkuntza komunitateek adostasuna izatea prozesuarekiko zein hezkuntza proiektuarekiko; eta bestetik, langileen kaleratzerik edota amortizaziorik ez egotea.
  • Eskola bateko zein besteko eraikinen inguruko planak eta azpiegiturak hobetzeko proiektuak ere barnebildu behar ditu halabeharrez fusioak.
  • Makro eskolak ekidin behar dira.
  • Hezkuntza Sailak baliabide gehigarriak jarri behar ditu; besteak beste, euskalduntzea eta hizkuntza proiektua sendotzeko, hezkuntza proiektu berriaren garapenerako zein elkartze prozesuak eskatzen dituen gainerako lanetarako.

LABek administrazioari exijitzen dio fusio prozesu guztiak alde sozialarekin negoziatzea. Era berean, langileekin eta hezkuntza komunitatea osatzen duten familiekin batera lanean jarraituko du.

> Lanpostu Zerrenda (LPZ)

Plantillak esleitzeko irizpideei dagokienez, Sailak adierazi bezala Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan 177 ikastalde gutxiago egon arren 107,3 irakasle gehiago izango dira 2026-2027 ikasturtean, esaterako. Hala ere, Sailak alde bakarreko irakurketa interesatuak egiten dihardu. Ondorioz, akordioan jasotakoa urratu, eta ikastetxeei dagozkien baliabideak ukatzen dizkie.

LABek hainbat alegazio aurkeztu ditu hiru lurraldeetan, baina Sailak jarrera guztiz itxia izaten jarraitzen du. Horregatik, LABek beste behin ere exijitu dio akordioa bere osotasunean bete dezala. Horretarako, besteak beste, honako neurri hauek eskatu ditu:

  • EHI langileen ratioa eskola osoko taldeak zenbatuta aplikatzea.
  • IKT orduak ematea langileak jarri bitartean.
  • Ratioen jeitsiera Lehen Hezkuntzako maila guztietan aplikatzea.
  • Ordu jeitsieragatiko konpentsazio osoa ematea.
  • Lanpostu hutsek bigarren hizkuntza eskakizuna izatea.

2025eko Akordioak hobekuntza garrantzitsuak ekarri dizkie langileei eta ikastetxeei. Hori bere osotasunean betetzeak Hezkuntza Publikoa indartzea dakar, haren zerbitzura baliabide gehiago jarriko liratekeelako. Administrazioa oraindik garaiz dago irailean ikastetxe guztiek Akordioan jasotako baliabide guztiak izan ditzaten. Horretarako, ordea, Hezkuntza Sailaren borondatea eta konpromiso politikoa ezinbestekoak dira, eta, gaur-gaurkoz, horien gabezia salatu du LABek.

Horregatik, orain arte bezala, lanean eta borrokan jarraituko dugu, Akordioa bere osotasunean betetzen dela bermatu arte.

INFO-2026-07-14