EAEko irakasleak: ekainak 21eko mahai sektoriala eta jarraipen batzordea

247

Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoei eta edoskitze metatuari buruzko proposamenak, eta 2022ko maiatzeko akordioa.

Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoei buruzko akordio proposamena

Lanbide Heziketako irakasle teknikoen egoeraren azterketa egin ondoren, eta jakinda 2026ko urtarrilaren 19an kidegoa desagertuko dela, Hezkuntza Sailak langile hauek lan-poltsetan babesteko akordio proposamen bat ekarri zuen.

Atzoko mahai sektorialean, Irakasle Teknikoek lan-poltsetan duten egoera blindatu eta hauen antzinatasuna babestearen aldeko apustua egin zuen LABek. Izan ere, lan-poltsak blindatzeko akordioa egin ezean, gradua dutenak desagertuko den kidego honen aurretik jarri litezke edozein errekurtso juridiko baliatuta. LABen ustez gehiengo sindikalak babestuko lukeen akordio sindikalak lan-poltsa hori eta irakasle teknikoen egoera blindatu lezake. Zoritxarrez, akordioa aurrera eraman ahal izateko gehiengo sindikalaren bozka eskatu genuen arren, ez zen sintoniarik egon, sindikatu batzuek ez sinatzearen alde egin zutelako.

Arduragabekeriaz jokatzea dela uste dugu eta hala salatu genuen mahaian, Irakasle Teknikoek, hainbeste urtetan lanean egon ostean, babesik gabe uzten baititu.

Antzinatasuna errespetatzen duen akordio partzial horren alde egitearekin batera irakasle tekniko bakoitzaren egoerari irtenbideak emateko bideak eta proposamenak jorratzen jarraituko du LABek, aurreko mahai negoziatzailean adierazi genuen bezala. Hezkuntza Sailak aurreko mahaian bide hori egiteko konpromisoa adierazi zuen, egonkortze prozesuak bukatuta langile bakoitzaren egoera aztertu eta denei irtenbideak aurkitzekoa.

Jardunaldi partzialetan ari direnentzatko edoskitze metatuaren kalkulurako akordioa proposamena

Hezkuntza sailak eginiko proposamenarekin LABek bere desadostasuna adierazi du mahaian. Proposamen honek gutxitu egiten ditu LABek egin dituen kalkuluak jardunaldi partzialetan ari direnentzako edoskitze metatuaren egunei dagokienez.

LABek lanketa sakonagoa egitea eskatu du, sententzia murriztailerik aplikatu ez dadin eta negoziazioaren bitartez akordio hobea lortzeko. Administrazioa prest azaldu da irailetik aurrera lan-akordioaren negoziazioaren baitan proposamenari berriz ere heltzeko.

Bigarren Hezkuntza-Batxilergo eta Lanbide Heziketako Jarraipen Batzordea, maiatzaren 26ko akordioari dagokionez

Hezkuntza Sailak matrikulazioarekiko datu orokor batzuk ekarri ditu jarraipen batzordera, non, matrikulazioan soilik 2.800 ikasleren gehikuntza ikusten den. Datu hauen gainean, 2022ko maiatzaren 26ko akordioak giza baliabideen dotazioan gehikuntza suposatzen du zuzeneko irakaskuntzan, kudeaketa lanetan eta aniztasunarekiko arretan ari diren irakasleetan. Hurrengo asteetan gai honen inguruko beste jarraipen mahai bat aurreikusten da. Beraz, hurrengo asteetan, balorazio berri bat egin eta datu zehatzak emango ditugu.

Bestalde, Berrikuntza pedagogikoko figuraren inguruko balorazio sakon bat eskatu dugu. LABek balorazioa, afiliazioarekin batera, egin du eta Administrazioarekin partekatzea eskatu du.

Edozein zalantza izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

Animo ikasturte bukaerarekin!