EAEko Hezkuntzako sindikatuok aurrez aurreko itzulera seguru eta adostua exijitzeko mobilizatzeko deia egiten dugu

403
EAE, Hezkuntza

Eskoletara aurrez aurre itzultzeko Hezkuntza Sailaren kudeaketak onartezina eta arduragabea izaten jarraitzen du; aldebakarrekoa eta adostu gabekoa, berantiarra eta langile, ikasle zein familiengan etengabeko ziurgabetasun egoera sortzen ari dena.

Pasa den ikasturteko maiatzean Hezkuntza Sailak ikastetxeetara aurrez aurre itzultzeko asmoa aurkeztu zuenean, agerikoa zen une horretan ez zirela osasuna bermatuz eskoletara aurrez aurre itzultzeko baldintzak ematen. Hau horrela, hezkuntzan ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok, eskoletara itzulera seguru eta adostu baten aldeko dinamika jarri genuen abian, eta dinamika horren baitan hainbat mobilizazioa, idatzi eta ekimen gauzatu.

Besteak beste, Ekainean erregistratu genuen idatzi baten bidez, 2020/2021 ikasturtera begira,  oinarrizko aldarrikapen komunak betetzea  exijitu genion Sailari: kurtso hasierarako plangintza eta irizpide orokorrak eragileokin eta sindikatuokin negoziatzea; gertatu litezkeen 3 eszenatoki ezberdinei egokituriko osasuna eta segurtasuna bermatzeko protokoloak langileon ordezkariokin negoziatu, adostu eta betetzea; eta pandemiak sorturiko egoerari aurre egiteko beharrezko diren baliabide, ratio jaitsiera eta langileen gehikuntza arautzea, dagokion kasuan baliabide  ekonomiko, pedagogiko, formatibo eta pertsonalez hornitzeaz batera.

Ekimen, eskaera eta idatzi haiek ordea, ez zuten erantzunik izan, eta ikasturte berriaren atarian, Hezkuntza Sailak jarrera berberarekin jarraitzen du:

  • Sailak ez du argitu aurreikusitako zein eszenatokitan gaudela ulertzen duen ere.
  • Sindikatuokin interlokuziorik ez dago. Neurriak aurrera eraman beharko dituzten langileen ordezkariekin ez da bilera bakar bat egon, aldebakarrez prestatu dituen protokoloen berri komunikabideen bitartez izan dugu. Langileon ordezkariak eta ondorioz langileak mespretxatzen ditu etengabe, itunpeko patronalekin bildu den bitartean gurekin bildu gabe ere jarraitzen du eta.
  • 2020-2021 ikasturterako aurkeztutako protokoloak oso berandu datoz,hilabeteak izan ditu protokoloa elkarlanean jorratzeko eta azkena langileak ikastetxera bueltatu baina hiru egun lehenago jakinarazi du. Eta, hezkuntza sare guztietarako irizpide komun eta argirik ez dute ezartzen.
  • Protokolo hauetan agerian geratzen denez, Sailak osasuna bermatzeko neurrien inguruan berari dagokion ardura ikastetxe eta zuzendaritzen gain uzten du, hauek gerta daitekeen egoerarekiko babes gabe gelditzen direlarik.
  • Inprobisazioa da nagusi. Horretaz gain, osasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak zein hauek aurrera eraman ahal izateko baliabideetan ez dago zehaztasunik. Ez dio diagnostiko eta plangintza orokor bati erantzuten.
  • Abuztuak 28ko prentsaurrekoan, 1.000 irakasleren kontratazioa aukera iragarri zuen sailburuak. Oso kopuru eskasa izateaz gain, berri hau abuztuak 28an presaka emateak, kontratazio prozesuak jada itxita daudenean, ratio jaitsierarik aurreikusi gabe, eta zein irizpideri erantzuten dioten ere argitu gabe, propaganda ariketa huts baten aurrean gaudela ondorioztatzera garamatza. Ez dakigu zein irizpideren baitan egingo diren, noiz egingo diren, ez eta egingo diren ere. Aukera hau gainera irakasleetara soilik mugatzen da, gainerako kolektiboetan ere plantila gehikuntzak erabat beharrezkoak liratekeenean.
  • Arrakala sozioekonomiko edo teknologikorik handiena titulartasun publikoko ikastetxeetan egon denean, ez dago ikastetxe hauetarako inolako inbertsio gehigarririk, soilik tablet batzuk.

Sindikatuok behar pedagogikoei erantzungo dion aurrez aurreko ikasturte baten aldekoak gara zalantzarik gabe, bereziki zaurgarriak diren ikasleak babesteko. Hezkuntza gizarterako kohesio tresna bat delako. Argi dago ordea, egoera epidemiologiko kezkagarri batean gaudela, eta horregatik ezinbestekoa da aurrez aurreko itzulera segurua bermatzeko neurri eraginkorrak planifikatu eta hori posible izateko baliabideak jartzea.

Gure eskaerak beraz, ondorengoak dira:

  • Hezkuntza Sailak eta baita Patronalek interlokuzioa eta negoziazioa aktibatzea langileon ordezkariokin itzulerari begirako plangintza elkarbanatu, negoziatu eta adosteko, sektorez sektore, kolektiboz kolektibo.
  • Ordezkapenak betetzea lehenengo egunetik lanpostu guztietan
  • Ikasleen ratioak jaistea:
    • Ikasgeletan pertsonako 3m2 izatea, 1,5m-ko segurtasun distantzia eta espazio okupazio egokia bermatzeko; beti ere ikasgeletan 10-15 ikasleko gehienekoarekin.
  • Garbiketako ratioak egokitu eta metrajea zehaztea. Langile propio gehiago kontratatu, azpikontratazioari mugak jarriz.
  • Jantoki zerbitzua ikasle guztientzat bermatzea; distantziak mantentzeko beharrezko neurriak hartuz eta berrantolatuz, ratioak egokituz eta lanpostu guztiak mantenduz.
  • Eskola garraioan ere segurtasun eta garbitasun neurriak
  • Arrakalak bideratzeko neurriak ezartzea: arrakala pedagogiko, sozial, teknologiko, eta bereziki euskarari dagokionari erantzuteko bitartekoak.
  • Curriculumaren egokitzapen eta murriztea, ikasgelan landu beharreko errealitateei arreta jarriz: doluaren tratamendua, irakaskuntza telematikoak sortu duena, etab.
  • Zaurgarrienak diren eta osasun arazoak dituzten langileak babesteko neurriak ezartzea, baita egoera honen aurrean kontziliatzeko arazoak izango dituzten langileentzat ere.
  • Langileen plantila gehikuntza:
    • Irakasle zein hezitzaile plantila gehitzea aipatutako ratioak betetzeko beharrezko kopuruan.
    • Jarduera osagarrietan beharrezko plantila gehikuntzak: langile propioen kontratazio gehigarriak gauzatzea. Garbiketan garbiketa jarraia bermatzeko, jantokian distantziak bermatu eta arreta egokia emateko, garraio zerbitzuan berdin.

Egoera honen aurrean, EAEko Hezkuntza Sailari ziurgabetasun honekin bukatu eta itzulera segurua, aurrez aurrekoa eta adostua bermatzeko neurri eta irizpide komunak jar ditzaten exijitzen diogu.

Mobilizazioen egutegia: