Hezkuntzan ez dago eraldaketarik langilerik gabe. Mahai Sindikal baten beharra azpimarratu izan dugu. Prozesuaren hasieran ez da egon horretarako aukerarik. Greba eta mobilizazioek Hezkuntza Saila mugiarazi dute, harremanak izan dira sindikatuak eta Hezkuntza Sailaren artean. LABek lan eskerga egin du. Proposamen zehatzak egin ditu aldebiko horietan eta lan horrek emaitzak eman ditu.
NeSindikatu guztion eskaera izan da Hezkuntza Legea langileokin eraikitzea eta Hezkuntza Sailak heldu behar izan dio eskaerari horri. Lan baldintzez nahiz hezkuntza ereduaz adostasunak erdiesteko Mahai Sindikala deitzea lortu genuen. Mahai horren bileraren gai zerrendak ez zuen zalantzarako tarte handirik uzten: langileentzat garrantzitsuak diren gaiak zeuden bertan. Baita ereduari loturiko gaiak ere, euskalduntzea, segregazioa edo doakotasuna esaterako.
LABek ez du zalantzarik izan bileran egoteko. Ulergaitza da parte hartu ez duten sindikatuen jarrera. Ulergaitza da gai horiei buruz hitz egiteko esertzeari uko egitea. Adierazi dugu harridura sortu digula sindikatu batzuen jarrerak eta arduragabekeria iruditzen zaigula aukera hori baliatu nahi ez izatea. Langileen aurrean eman beharko dituzte azalpenak.
Atzo jaso genuen proposamen idatzia eta LABen ustez, langileen lan baldintzei dagokienean eduki oso garrantzitsuak daude, oinarri egoki bat jartzea lortzen da. Eta beste gai batzuetan ere badaude aurrerapenak.
Eta zer egingo dugu hemendik aurrera?
- Langileei azalduko diegu zer lortu den.
- Eduki hauek, negoziazio eremu bakoitzeko aldarrikapen zehatzagoekin batera, mahai sektorialetan garatuko ditugu hemendik aurrera. LAB bada nor horretarako, negoziazio mahai bakoitzean gehiengoak beharko dira, baina gogoratu LAB lehen indarra dela sektore publikoan eta baita ikastoletan ere. Eta noski, beharrezkoa denean ekintza sindikala aktibatu eta mobilizazioak deituko ditugu.
- Langileek azken urteetan eros ahalmena galdu dute. Soldaten gaia ez dago akordioan. Funtzio publiko osoko langileei eragiten dien afera da eta eremu osoan landu beharrekoa, gure ustez.
- Ekainaren 7an Legebiltzarrera joango gara, hezkuntza legea hobetzeko proposamenak eramatera, besteak beste, hurrengo puntuetan eragiteko:
- Zioetan Euskal Autonomia Erkidegoak bere hezkuntza-sistema propioa izateko eskubidea eta gainerako lurraldeekin harremana jasotzeko.
- Euskal Curriculumak Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat har dadin eta berau hezkuntza-sistemaren egiturazko bide-lerroa izateko.
- Eskola publikoa erdigunean jartzeko neurriak zehazteko.
- Inklusioaren aldeko neurrien eta segregazioaren kontrako neurrien inplementazioa zehaztu eta araubideak berrikusteko, kohesio sozialaren printzipioaren arabera.
- Euskalgintzarekin elkarlana sustatuko dugu B2 maila ikasle guztiek eskuratu dezaten bermeak borrokatzeko.
AKORDIOA LABURREAN
LAN-BALDINTZEI LOTURIKOAK
ARLO PUBLIKOAN
Sektore guztietan PLANTILAK MANTENTZEA
- Hurrengo urteetan jaiotze-tasaren beherakadak sortu dezakeen egoerari aurrea hartu.
- Eskola publikoa indartu, gela itxieren aurrean enpleguari eutsiz.
- Etorkizuneko Giza Baliabideak bermatu eta zeregin berrietarako baliatu: hizkuntza-proiektuak, euskararen irakaskuntza indartzeko, hezkidetza proiektuak garatzeko edota aniztasunaren trataerarako.
Sektore guztietan PLANTILAK ESLEITZEKO IRIZPIDEAK ADOSTEA
- Irakasleak: 2022an lortutako berrikuntza pedagogikoko figuraz gain, euskararen irakaskuntzarako programetarako, hezkidetzarako eta aniztasunaren trataerarako. Formazio eta laguntza-programa gehigarriak.
- Heziketa Berezia: aniztasun eta inklusiorako irizpideak, funtzioak zehaztea, ratioak adostea eta formazio- programak.
- Sukaldari eta Garbitzaileak: egungo beharrak eta etorkizunekoak aztertuz esleipen irizpideak negoziatu eta enplegu plana egin.
- Haurreskolak: egungo beharrak eta etorkizunekoak aztertuz esleipen irizpideak negoziatu.
Azpisektore guztietan BEHIN-BEHINEKOTASUNA %5era MUGATZEA
- EPE prozesuak hiru urtero egitea eta bertan 3 urtez dotazioa izan duten lanpostu guztiak ateratzea (ezingo dituzte estrukturalak diren lanpostuak ezkutuan izan).
- Irakasleen EPE ereduaren aldaketa negoziatzea.
- Behin-behineko irakasleen egoeraren azterketa langilearen adina eta antzinatasuna kontuan hartuz soluziobideak aztertzeko.
Hezkuntza Laguntzaile Espezialistaren soldata Haur Hezitzaileekin PAREKATZEA
- Antzeko funtzio eta ardurak dituztenekin parekatu 2004an, 2025ean eta 2026an.
- % 10,4ko igoera.
Kolektibo feminizatu eta prekarioenen AITORTZARAKO NEURRIAK ADOSTEA
SUKALDE ETA GARBIKETAKO langileen lanaren balio politiko, sozial eta ekonomikorako.
ENPLEGUARI LOTURIKO beste neurri batzuk ADOSTEA
- Gazteberritze planak aztertu eta adostea 60 urtetik gorako langileentzat.
- Langileen ordezkapenak era arin eta egokian kudeatzeko sindikatuekin negoziatu eta adostea.
Jangela ereduaren inguruko AZTERKETA egitea 2024-2025ean, langileen izaera barne
- Orain azpikontratatua, etorkizunean?
- Langileen kudeaketa publikorako ereduak aztergai
Langile kolektibo guztiak EUSKALDUNTZEA
- Lanpostu zerrendetan hizkuntza-eskakizunak zehaztu.
- Etengabeko euskalduntzea bultzatu eta plan berezituak euskaldunak ez diren kolektiboetan: lanbide heziketa eta sukalde eta garbiketako langileak.
ITUNDUTAKO ARLOAN: IKASTOLAK ETA GIZARTE EKIMENA
Arlo publikoko langileekin SOLDATA PAREKATZEA
- 2023 eta 2024an zehar azterketa.
- 2025-2026 / 2026-2027 kurtsoetan gauzatzea.
Langileen kontratazioa egiterakoan GARDENA DEN EREDUA EZARTZEA
- Berdintasun, Meritu eta Gaitasun printzipioetan oinarrituta eta eskaintzen publizitatea.
- Itundutako eskola bakoitzak Lanpostu Zerrenda 2 urtero egiteko betebeharra.
Arlo publikoko langileen lan baldintzekin homologatzeko AZTERKETA abiatzea
- 2023 eta 2024an zehar azterketa.
- Soldata ez den beste lan baldintzak. Prozesua zein baldintzetan burutuko den adostuko da ikastetxeen proiektua, koordinazioa eta formazioa bermatuz.
Adostasunezko publifikazio prozesuetarako araudia negoziatzea, langileak SUBROGATUZ
- Langile kolektibo bakoitzaren subrogazio-baldintzak adostu.
- Langile bakoitzaren egoerari erantzuteko irtenbide adostuak: titulazioa eskuratzeko moratoriak, euskalduntze planak, antzinatasuna bermatzea, lan-legepeko kontratazioa, etab.
AZPIKONTRATAK
Azpikontratatuta dauden eremuen AZTERKETA eta EREDUA eztabaidatu
- Azterketa burutzeko prozedura, oinarrizko aztergaian eta irizpidea 2023an adostu.
- Emaitzarik onenak dituzten ereduak lehenetsi eta gauzatzeko plangintza garatu, garbitzaile, jangelako hezitzaile zein autobusetako langileak lehenetsiz.
EREDUARI LOTURIKOAK
DOAKOTASUNA
- Baliabide publikoak jasotzen dituen edozein erakunderi exijitzen zaio kontuak argitzea eta halaxe da euskal hezkuntzan ere. Hori dela eta, ikastetxe guztiek urteroko kontuak modu gardenean publiko egingo dituzte administrazioak horretarako ahalbidetuko duen eran.
- Hezkuntza administrazioak berariazko administrazio-unitate baten bidez ezarriko ditu kontrol mekanismoak, hezkuntza zerbitzua benetan doakoa izango dela bermatzeko. Administrazio-unitatea berehala sortuko da eta sortze-momentu berean hezkuntza sistemako ikastetxe guztien auditoretza planifikatuko du, 2025 ikasturterako ikastetxe guztien auditoretzak izateko.
EUSKARA
- Hezkuntza sailak euskalduntzea bermatzeko hizkuntza-proiektuak garatzeko planifikazioa egingo du.
- Hezkuntza Sailak hurrengoak bermatuko ditu:
- Ikastetxe bakoitzak bere Hizkuntza Proiektua izateko baliabide-pertsonal eta material nahikoak; hezkuntza sailaren ardura izanik hizkuntza-proiektuak gauzatzeko aholkularitza, gidaritza, jarraipena eta ebaluazioa.
- Hezitzaile orok hizkuntza-gaitasun nahikoa, goi-mailakoa, bere disziplinan jariotasunez eta aberastasunez bestelakoa dela bermatzeko dagozkion etengabeko prestakuntza-lerroak eskura izatea.
- Ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen parte diren familiei begirako euskalduntze programak, ikastetxeetan “euskara harrera hizkuntza izatea” izanik helburu.
SEGREGAZIOA
- Eskola eskaintzaren plangintzak eta ikasleen onarpena arautzen duten mekanismoek ekitatea gauzatzeko ikasleen banaketa orekatua izango dute helburu funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste izaera batekoengatik bereizi ez daitezen. Hori dela-eta, bata zein bestea arautzen duten erreglamenduak etengabeko ebaluazio eta hobekuntza prozesuan egongo dira; gizarte kohesioa izango delarik eskola erabakitze eskubidearen gainetik egongo den printzipio gorena.
- Eskola-plazen eskaintza benetako eskolatze-premietara egokituko da, ez dadin egon ez azpieskaintzarik, ez gaineskaintzarik.
- Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak elkarrizketa aktiboko prozesu bat abiaraziko du hezkuntza-komunitatearekin, eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko. Akordio sozial horren oinarrizko partaide izango dira hezkuntza arloan ari diren profesionalak ordezkatzen dituzten sindikatuak baita ere.
AKORDIOAREN JARRAIPENA
Akordio honetan adierazitako konpromisoak dagozkion negoziazio-mahaietara eramango dira, bertan berretsiak izan daitezen, dagozkien gehiengoak lortu ezkero, indarrean jartzeko.
AkordioarenEdukiak