EAEko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan izandako azken lan-istripua salatzen du LABek

478

LAB sindikatuak salatu nahi du EAEko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan egondako azken lan-istripu larria, baita larri dagoen langileari elkartasuna eta babesa adierazi ere. Atzo jakin genuen ostiralean Laudioko ikastetxe publikoan sukaldeko langile bati bihotzekoak eman ziola. Ez zaigu ahaztu behar, besteak bete, asteburuan beste lan-istripua egon dela Derioko GUFEko egoitza batean, non langilea bihotzekoak jota hil egin den.
LAB aspalditik salatzen ari da kolektibo honen egoera, non langileen %68 behin-behinekoa den (administrazioko kopururik altuena): langileek ez dituzte funtzioak zehaztuta, ordezkapenak ez dira betetzen, ratioak kontuan izanda laguntza kontratuak ez dira izendatzen eta covid-19ko errefortzuak ez dira kontratatzen hainbat ikastetxetan… Ondorioz lan-zama gero eta handiagoa da.
Azken urteetan, sukalde eta jangeletako kolektibo honetan ari diren langileen kasuan hainbat gaixotasun profesional suertatzen ari dira eta baita, lan-istripuak ere. Arrisku handiko lanpostuak direla esan dezakegu.
Hori dela eta, LABek kolektibo honen lanpostu guztien balorazioa eskatzen du, arriskuak ezagutu eta aztertu daitezen eta langileen osasun zaintza berma dezaten exijitzen du. Negoziazio kolektibo zintzo baten bidez arazoa ondo bideratu daiteke, langile guztientzako irtenbide egokia bilatuz. Kontsolidazio prozesuak behar dira eta horretarako lege propioa behar da, salbuespen egoera bati salbuespeneko neurriekin erantzunez.