EAEko Hezkuntza Sailak sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan iragarri zituen errefortzu gehigarriak ez ditu bete

559

(EAE, Hezkuntza, Sukaldaritza eta Garbiketa)

Ikasturte hasiera honetan gainerako sindikatuekin aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua exijitzeko egindako mobilizazio dinamikaren ostean, gaurkoan sukaldari eta garbitzaileen mahai espezifikoa izan dugu. Mahai honetara Hezkuntza Sail berria edukirik gabe etortzeaz gainera, pandemia egoerari lotuta iragarritako langileen kontratu errefortzu guztiak ez daudela beteta esan digute. Garbiketan 96 kontratutik 57 bete dira soilik, eta sukaldarietan 109tik, 52. Hezkuntza Sailaren hitzetan kontratu hauek ez dira bete zentroetatik eskaerarik ez delako egin eta kasu batzuetan langileen horniketarekin arazoak dituztelako.

Gure kolektiboan ere, Hezkuntza Saila utzikeriaz jokatzen ari da eta kudeaketa negargarria egiten ari da; batetik, NBEen kudeaketari dagokionean, eta, bestetik, feminizaturiko kolektibo honen lan baldintzen prekarizazioan sakontzeko kontratazioa egiten ari delako. Gainera, eskoletako garbiketa eta aireztatze protokoloak ez daudenez eskolaz eskola definiturik, kontigentzia planak nekez bete daitezke.

Horretaz gainera, gaurko mahaia bertan behera geratu da Administrazioak itzulpen zerbitzua ez duelako bermatu. LABek premiaz biltzeko eskaera egin du, protokoloen gainean gure ekarpenak jasotzea nahi dugulako. Halaber, LABek 2018ko akordioan oinarritutako  lan hitzarmenaren negoziazioaren hasiera aldarrikatu du. Gure lan baldintzak hobetu eta aurrez aurreko kalitatezko hezkuntza eta jangela guztiak zabaltzeko bermea lortzeko, irribarrez eutsiko ditugun pankartekin hasitakoa bidearekin jarraitu behar dugu. Langileok dagokiguna elkarrekin defenda dezagun!