EAEko Hezkuntza Saila, txapuzaz txapuza

567
INFO-txapuzeroak

Ikasturte hasierak ez dira berez errazak izaten, zer esanik ez ordezko eta interinoen kasuan, eta hara non, EAEko Hezkuntza Sailak bidea erraztu beharrean, urduritasuna eta ezjakintasuna areagotzea besterik ez du eragin udako prozesu desberdinetan behin eta berriz egindako akatsen bidez.
Aspaldi salatu genituen Egonkortasun Aginduak bere baitan dituen hutsuneak eta langileongan dituen ondorio larriak. Zer esanik ez prozesua bera eman den baldintzei buruz:
• Egonkortzeko baldintzak betetzen ez zituzten lanpostuak argitaratu dira (zerbitzu eginkizunak, adinagatiko murrizketak…), langileen artean nahasmena sortuz.
• Behin behineko zerrendan automatikoki egonkortutako langileak, behin betiko zerrendan desagertu egin dira, eta lanpostu horiek puntuazio gutxiagoko langileei esleitu zaizkie.
• Lanpostua ezabatua izan den puntuazio handiko langile askok esleipenetan parte hartu behar izan dute, beraien ikastetxean lanpostu gehiago egon badira ere, ezin izan dutelako borondatezko prozesuan parte hartu. Egonkortasun Aginduak egoera hauek ahalbidetzen ditu, antzinatasuna urratuz.
• Egonkortzeko prozesuan lanposturik lortu ez duten langile askok, ez dute aukerarik izan esleipenetan parte hartzeko.
Abuztuko esleipen prozesua etorri zen gero, eta bertan ere, akats bat bestearen atzetik:
• Hezkuntza Sailak ez ditu eskoletako lanpostu guztiak esleipenetara atera, beraz egonkortzeko prozesuan lanposturik lortu ez zuten langile askok ezin izan dute jardunaldi osoko bakanterik eskuratu.
• Urtero bezala, lanpostu bera langile bati baino gehiagori esleitu zaio, hainbat langile
lanposturik gabe utziz eta iraileko esleipenetan parte hartzeko aukerarik gabe utziz.
• Ohikoa da baita ere, plazaren deskribapena eta lanpostua bat ez etortzea.
Hau guztia administrazioarekin harremanetan jartzeko aukerarik gabe. Lanpostuen eta langileen zerrendak administrazioaren lan-ordutegitik kanpo argitaratu dira, eta bestela ere, inor ez telefonoaren eta e-posta helbideen beste aldean. Zer esanik ez aurrez-aurreko hitzorduei buruz, ikasturtea hasi bada ere, ez dugu oraindik horretarako aukerarik.
Zuzenketa zuzenketaren gainean, nahitaez eskaera eta erreklamazio epeak luzatu beharra, horrela igaro dugu uda eta horrela hasi dugu ikasturtea, gauzak behar besteko seriotasunez egin ez izanaren ondorioz langileon artean ziurgabetasuna eta elkarren arteko talka eta lehia eraginez.
Eta nola konpondu anabasa hau? Gardena behar lukeena are ilunago bihurtuz, kaltetuei telefonoz jardunaldi osoko lanpostuak eskainiz, haserrea baretu asmoz.
Nahikoa da, ez dugu onartzen gure lanpostuei dagokionez honelako arinkeriaz jardutea, lanpostuak banatzeko prozedurek gardenak, serioak eta zuzendaritza eta langileekin konpartituak izan behar dute!
Langileon eskubideen alde borrokan jarraituko dugu!