EAEko Hezkuntza Legean eragiteko langileon mobilizazio beharra azpimarratzen du LABek

478

EAErako Hezkuntza Akordioa dela eta, martxoaren 18an (Legebiltzarraren % 90 ordezkatzen duten) alderdi politikoen artean adostu duten testua ongi aztertzea egokitzen zaigu une honetan, astelehenean azaldu genuen bezala. Horretaz gainera, irakaskuntzaren kalitatea berma dadin, hezkuntza langileoi zuzenean eragiten dizkiguten gaiak garatu eta jaso behar direla aldarrikatzen jarraituko dugu.
EAEko Hezkuntzan greba deituta genuen lau sindikatuok aho batez greba bertan behera uztea erabaki genuen Martxoaren 21ean intersindikalaren bilera ostean. Alderdien artean lorturiko akordioak irekitzen zuen testuinguru berria aztertuta, LABk mobilizazioak berrezaugarritzeko proposamena egin zien beste sindikatuei, ostiralean ikastetxe guztietan mobilizaziorako deialdia luzatu zuelarik; tamalez, ezin izan genuen adostasunik lortu. Gure ustez, alderdi politikoen ekarpenek otsailaren 8an Legebiltzarrean aurkeztu zen zirriborroa hobetzen dute. Hala ere, testu horretan langileon ordezkari garenon parte-hartzea eskasa izan da, eta horrek idazkian ere isla izan du, gabeziak agerian utziz.
Horregatik guztiagatik, intersindikaleko dinamika mantentzea guretzat ezinbestekoa da. Horrelaxe proposatu genuen martxoaren 21eko bileran; baina, esan bezala, adostasun falta dela medio, deituta zeuden mobilizazioak bertan behera utzi behar izan dira. LABk etorkizuneko hezkuntza legea baldintzatzeko gainontzeko sindikatuekin adostasunak lantzen jarraituko du, mobilizazioaren bidea baita gure helburuak lortzeko biderik zuzenena.
Datozen egunetan akordioari buruz gure balorazioa publiko egingo dugu, eta afiliazioarekin, eta orohar hezkuntzako langileekin, hezkuntza legeak ezinbestez jaso beharreko aldarriei buruz erabakiak proposatuko ditugu. Hauxe izango da etorkizuneko mobilizazioetarako proposatu nahi dugun bide-orria, mobilizazio dinamika berri horretan beharrezkoa balitz greba baztertu gabe.