EAEko Heziketa Berezia: IRALEren euskalduntze ikastaroetan administrazioak aldebakarrez ezarritako aldaketak salatzen ditugu LABetik

24

Dakizuenez, 2025eko uztailean sinatutako lan hitzarmen berrian jasotzen den bezala, heziketa bereziko ordezkapen-zerrendetan sartzeko ezinbestekoa da C1 hizkuntza eskakizuna egiaztatzea.

> Euskalduntze-plana

Testuinguru horretan, LABetik hasieratik eskatu diogu Hezkuntza Sailari gaur egun zerrendetan lanean ari diren baina C1 profila ez duten langileentzat benetako euskalduntze-plan bat adostea lan hitzarmeneko 75. artikuluan jasotzen den “euskalduntze-plana” garatuz.

Martxoan jakinarazi genizuen moduan, LABek lehenbailehen Euskalduntze Batzorde Teknikoa eratzea eskatu zuen eta gai honen inguruko bilera eskaera egin zuen. Ordutik, administrazioari behin eta berriz eskatu diogu IRALEren aldaketen inguruko informazioa eta langileen euskalduntzerako neurri zehatzak mahai gainean jartzea. Hala ere, gaur gaurkoz, ez da inolako bilerarik egin, eta hainbatetan eskatu badugu ere, ez digute euskalduntze-planaren inguruko proposamenik aurkeztu.

Gainera, orain ireki den IRALE deialdian jasotzen den bezala, administrazioak alde bakarrez erabaki du orain arte eskuragarri genituen hainbat ikastaro kentzea. Zehazki, aurrerantzean B2 eta C1 hizkuntza eskakizunak eskuratzera bideratutako ikastaroak baino ez dituzte eskainiko, orain arte eskura izan ditugun murgiltze ikastaroak kendu dituztelarik.

Erabaki honek zuzenean eragiten die heziketa bereziko langileei eta bereziki larritzat jotzen dugu C1 hizkuntza eskakizuna ezarri den une honetan baliabideak murriztea. Horregatik, LABetik berriro exijitzen diogu Hezkuntza Sailari hitzarmenean jasotakoa bete dezala, hizkuntza politiketan sakonduz eta alde sozialarekin langile guztientzako benetako euskalduntze-plan bat adostu dezala.

Era berean, C1 hizkuntza eskakizuna oraindik ez duzuen langileoi dei egiten dizuegu IRALEko ikastaroetan izena eman eta euskalduntze prozesuan aurrera egiteko baliabide honetaz baliatzera.

Gogoratu izen ematea 2026ko maiatzaren 19tik ekainaren 8ra (biak barne) izango dela. Hezkuntzako atarian aurkituko duzue informazio guztia.

LABetik Administrazioak beharrezko baliabide guztiak bermatu behar dituela aldarrikatzen jarraituko dugu, baita langileen euskalduntzean ere.

Gai honen jarraipen zorrotza egiten jarraituko dugu eta edozein berritasunen berri emango dizuegu.

INFO-2026-05-21