EAEko Heziketa Berezia: Hezkuntza Saila hitzarmena garatzeko luzapenetan ari da

401

2025eko uztailean lan hitzarmena sinatu genuen sindikatuon ordezkariok (LAB, STEILAS eta UGT) mahai parekidea izan genuen atzo administrazioarekin. LABetik Salatu nahi dugu Lan Hitzarmenean jaso bezala garatzeke dauden hainbat gai adosteko luzapenetan ari dela Hezkuntza saila.

Hainbatetan esan bezala, besteak beste, baliabideak esleitzeko irizpideak eta bakante erdiak osora pasatzeko planak urgentziaz landu behar dira, gainontzeko prozesuak behar bezala gauzatzeko; ikastetxera atxikipena, leku aldatze lehiaketa eta IKHA / COCUa, besteak beste. Atzoko mahaian honako gai hauek landu genituen:

> 2026ko Lekualdatze lehiaketa

Sailak aurreikusten du prozesu hau maiatzaren lehenengo hamabostaldian egingo dela. Lan Hitzarmenean jaso bezala, finkoen lekualdatzea urtero burutu behar da. Heziketa Bereziko kolektibo guztietako langile finko guztiek parte hartu ahal izatea eskatu du LABek. Hau berme guztiekin egin dadin, lekualdatzea jasotzen duen Lan Hitzarmeneko 18.artikulua zehazteko akordio proposamena helaraziko digute.

LAB sindikatutik aurreko mahaian eskatu genuen bezala, lekualdatzea baino lehen, 26/27 ikasturterako aurreikuspenak argitaratuko dituzte eta, hortaz, finkoek lekualdatzea baino lehenago lekualdatzea berme guztiekin gauzatu ahal izateko hurrengo urteko beharrak zeintzuk diren ezagutuko dituzte.

Gogoratuko duzuen bezala, 2025eko ekainaren 25ean sinatu genuen akordioari jarraituz, 2025eko IKHAn banatu ziren ekoizpenagatiko kontratuak 2026ko irailaren 1ean bakante bihurtuko dira. Beraz, hauek 2027ko lekualdatzean lehiaketan eskainiko dira.

Gainera akordioan zehaztu genuen bezala, salbuespenez, hamabi hilabeteko ekoizpenagatiko kontratu hauek dituzten langileei irailak 1eko datarekin kontratu aldaketa egingo zaie interinitate kontratua eginez. Gogoratu, ekoizpenagatiko kontratu bidez betetako lanpostu hauek, lanpostu hutsen izaera bera izango dutela ondorio guztietarako eta LEP eskaintzetarako 2025eko irailaren 1etik sortuta daudela ulertuko da.

Horretaz gain, administrazioak jakinarazi digu astelehenetik aurrera langile guztiok (finkoak eta bakantedunak) komunikazio bat jasoko dugula bakoitzak duen lanpostuari dagokion kode eta dotazioa zein den adieraziz.

> Euskalduntze-plana

Lan hitzarmenean zehazten den bezala, gaur egun heziketa bereziko zerrendetan sartzeko ezinbestekoa da gutxienez C1 hizkuntza eskakizuna izatea. Horrez gain, lanpostuak euskalduntzeko prozesua abiatuko dute, lanpostuak C1 hizkuntza eskakizunarekin perfilatuz. LABek administrazio publikoan lanpostu guztiak perfilatzearen alde dago, baina badakigu gaur gaurkoz badaudela zenbait langile hizkuntza eskakizun hori ez daukatenak.

Gaur egun C1 ez den hizkuntza eskakizunarekin lanean dauden langile horientzako euskalduntze-plan zehatz bat garatzea baloratu dezan eskatu diogu LABtik Hezkuntza Sailari. LABetik argi dugu euskara politiketan inbertsioa handitu behar dela eta langile horiek C1 lortzeko baliabideak jarri.

> Baliabideak esleitzeko irizpideak

Atzoko gai ordenean aurreikusita ez bazegoen ere, LABek gai hau mahaigaineratu zuen. Gai ordenari ekarpena egin genion idatziz eta atzo berriz azaldu genuen gure kezka eta egonezina. Aniztasun eta Inklusiorako departamentuko zuzendariak gai hau negoziatutzat ematen badu ere, berriro ere salatu nahi dugu alde sozialarekin ez dela eman inongo negoziaziorik. Gaia berrartzeko asmoa adierazi zitzaigun atzoko mahaian.

Jarrera hau oso larria da. LABetik urte bat baino gehiago daramagu proposamen zehatz eta osotuak egiten eta ez dugu erantzunik jaso, aldebakarreko erabakiak hartzen jarraitzen dute.

Halaber ezinbestean jardun erdiko bakanteak osora pasatzeko plana adostu behar dugula adierazi genuen.

Oroitu behar dugu, akordio hauek beharrezkoak direla etorriko diren prozesu guztiak, bai eta hurrengo LEP deialdia berme guztiekin gauzatu daitezen.

> Greba deialdietako gutxienek zerbitzuak salatu ditugu

LABek gutxiengo zerbitzuak ez dituela babesten adierazi dugu beste behin ere. Greba deialdi baten aurrean, langile guztiek greba egiteko eskubidea dutela argi utzi genuen atzoko mahaian.

Martxoaren 17ko greba orokorrerako Lan Sailak inposatutako gutxiengo zerbitzuen ebazpenak eta Hezkuntza Sailak honen gainean egin zuen interpretazioak heziketa bereziko kolektiboaren greba eskubidea argi eta garbi urratu zuela salatu genuen.

INFO-26-04-17