EAEko Heziketa Berezia: Hezkuntza Saila berriz ere inprobisatuz eta etxeko lanak egin gabe etorri da mahaietara

321

Gaur, abenduak 16, Lan Legepeko irakasle eta Hezitzaileen mahai parekidea eta negoziatzailea izan ditugu. Hainbat gaietaz aritu bagara ere, ezin izan ditugu sakonki landu, informazioa berandu eta osatu gabe heldu baitzaigu. Administrazioa berriz ere inprobisatuz eta etxeko lanak egin gabe etorri da mahaira.

Gainera, aipatu behar dugu, LABetik Lan Hitzarmenaren 8. artikuluari jarraituz, azaroaren 28an Mahai Parekidea deitzeko eskatu genuela idatziz, afiliatu eta langileen aldetik hainbat gairen inguruan jasotako ezinegona bideratu eta argitu asmoz. Izan ere, Sailak behin eta berriz aldebakarreko interpretazioak egiten aritu da Lan Hitzarmenaren hainbat artikuluren inguruan, aldez aurretik Mahai Parekidera ekarri gabe. Landutako gaiak:

> Atxikipena eta lekualdatzea

Bi gai hauen irizpideak lantzen hasi gara mahaian baina LABek argi du ezinezkoa da ezer adostea ez baldin badaude aldez aurretik baliabideak esleitzeko irizpideak finkatuta, irizpide horiek baitira beste gai guztiak landu eta adostasunak lortzeko oinarria.

Hortaz, urtarrilaren lehenengo hamabostaldian aniztasun eta Inklusiorako arduradunarekin mahaia deituko duela esan digu Sailak. Bertan, baliabideak esleitzeko irizpideak landuko ditugu. Dakizuenez, baliabideak esleitzeko irizpide horietan ezartzen dira ratioak, intentsitateak eta eskola bakoitzaren beharrizanen arabera erabaki ahal izango da zenbat langile egongo diren atxikituta. Irizpide horiek ondo ezarrita egotea ezinbestekoa da atxikipena, lekualdatzerako irizpideak, LEPa eta bestelako prozesuak zehazteko.

> Ordezkapen arazoak

Ikasturte hasieratik ordezkapenekin dagoen arazoari irtenbidea emateko LABetik hainbat proposamen egin ditugu.Besteak beste, behin eta berriz eskatu dugu ordezkapenak metatzeko aukera zabaltzea.

Gaur mahai parekidean adierazi diguten moduan, urtarriletik aurrera baldintza bereko kontratuak pilatzen hasiko dira eta, hortaz, eskola berean ordezkapen bat egiten dagoen langile batek, beste baten ordezkapena egin dezake (beti ere bi ordezkapenek lanaldiaren %100 gainditzen ez badute).

  • Adi egon: Ordezkagunean 2025eko azken plaza-eskaintza abenduaren 19an egingo da, abenduaren 22an hasiko diren ordezkapenak betetzeko.
  • 2026ko lehen eskaintza urtarrilaren 5ean egingo da, urtarrilaren 7an hasiko diren ordezkapenak betetzeko.
  • Nobedadea: Zerrenda irekietan sartzea eskatzen duten hautagaiek plazen eskaintzan parte hartu ahal izango dute eskabidea onartu eta hurrengo egunetik aurrera. Ez da beharrezkoa, beraz, 30 eguneko itxaronaldia betetzea, eskaera egiten denetik zenbatzen hasita.

> Adinagatiko murrizketa metatzea

Bestalde, Hezkuntzak berriro ere mahaigaineratu du hizkuntza eskakizuna jeistea HLE zerrendetako sarbidea errezte aldera; berriro ere berretsi gara ordezkapenekin dauden arazoei irtenbidea emateko beste bide guztiak agortu behar direla; honekin lotuta, beste titulazio batzuekin HLEko zerrendetan sartzeko aukera proposatu digu Hezkuntzak eta Sailak proposatzen dituen titulazioak baloratuko ditugula esan dugu.

Gaurko bileran Administrazioak berretsi digu adinagatiko murrizketa metatua 2026/27 ikasturtean indarrean jarriko dutela nahiz eta guk aurten ezartzearen garrantzia behin eta berriro adierazi. Gure ustez aurten murrizketaz baliotu daitezkeen langileak kontuan hartuak izan beharko lirateke eta neurri hau aurten inplementatzeko saiaketa egin.

> Kalteordainak

Hezkuntza Sailak gaurkoan ere adierazi du meritu lehiaketan parte hartu, plaza lortu ez eta, gainera, bakantea (3 urteko bakantea gutxienez) galdu duten langileei kalteordaina ofizioz ordainduko dietela.

LABetik beharrezkoak diren ekarpen guztiak egingo ditugu aurrera urratsak ematen jarraitzeko.

INFO-25-12-16