Berriz ere Prest Gara ikastaroak ukatzen zaizkigu Haurreskolak Partzuergoko langileoi

379

Urteak dira Haurreskolak Partzuergoko langileok Prest Gara ikastaroetan parte hartzeko eskaera egiten dugula. Baremo kontuengatik kanpoan gelditzen gara eta urtero egiten dugu salaketa bera.
Izan ere, LABek aldebakarrez sinatutako 2018ko akordioaren barruan jasotzen zen Prest-Garan parte-hartzea aztertzeko konpromisoa.
Hori dela eta, iaz gai honen ardura duen Hezkuntza Saileko Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari egin genion bilera eskaera eta baita proposamen multzo bat bidali ere, 0-3ari zuzendutako hainbat ikastarorekin. Bilera egingo genuela esan zigun baina urtebete pasa ondoren ez dugu bere deirik jaso.
Aurten eskainitako ikastaroetan ez dute Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileei zuzendutakorik eskaini eta beraz, parte hartzeko aukera ukatua izan zaigu. Haurreskolak Partzuergoko formakuntza zerbitzuak, gerentziak berak, eta gaur egun dugun zuzendari pedagogikoak egin beharko lukete harremana zuzenean departamentu honekin eta 0-3rako zuzendutako formazio proposamena.
Hezkuntza legearen aurreproiektuari LAB sindikatutik egindako ekarpenetan (haurreskoletan banatutako esku-orrian dituzue ikusgai) eskatu dugu Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea, eskaintza unibertsal, kalitatezko eta doakoa bermatuz.
Hezkuntza Sailak antolatutako formazio planetan gainontzeko irakaskuntzako langileek duten aukera berdinekin parte hartu nahi eta behar dugu. Integrazioaz eta homologazioaz ari garenean honetaz ere ari gara, ez soilik soldata edo egutegiaz; Haurreskolak Partzuergoko langileok Irakaskuntzako gainontzeko langileek dituzten betebehar eta eskubide berak izateaz baizik (Prest gara, Irale edo Hezkuntza Sailak antolatutako beste edozein).