Benetako kontsolidazioaren eta hezkuntzako langileak babestearen alde mobilizatu gara gaur Barakaldoko BECen

614

EAEko Hezkuntza Saila Ikastetxe Publikoetako zuzendaritzekin bilduko da gaur Barakaldoko BECen. Horren aurrean, LABeko irakaskuntzako ordezkariok elkarretaratzea egin dugu bertan “Benetako kontsolidazioa orain!
Hezkuntzako langileak babestu!” lemapean, abenduaren 28ko 20/2021 legeari lotuta egin beharreko egonkortze prozesuen inguruko negoziazioa amaitutzat eman eta kontsolidatuko diren lanpostuen kopuru ez-nahikoa eskaini baitu EAEko Hezkuntza Sailak.
Izan ere, aste honetan, hitz egiten jarraitzeko oraindik hilabeteko epea dagoelarik, negoziazioak itxi ditu Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak, aldebakarrez, eta aukera galdu du, Madrilek ezarritakoaren mugatik haratago, EAEko Hezkuntza Publikoak dituen beharrei erantzuteko. Berriz ere argi geratu da hemen erabaki beharrean, Madrilgo aginduetara egokitzeko mugatu dela Jaurlaritza.
Hori dela eta, gure ustez egiturazkoak diren lanpostu asko —aurrekontu zuzkidura dutenak— eta ezkutuan daudenak ez ditu aterako LEPera Administrazioak, ezta iruzurrean dituen eta ikasturtero errepikatzen diren sukaldari eta garbitzaileen lan metaketa kontratuak, heziketa berezian jardun erdian egiten dituen obra eta zerbitzu kontratuak edo irakasleen zerbitzu-eginkizunak betetzekoak direnak ere.
Argi dago emandako kopuruak ez direla nahikoak, eta ez diola irakaskuntza publikoan dagoen behin behinekotasunaren abusuaren arazoari soluziorik emango. Eskolek ezegonkortasuna kudeatzen jarraitu beharko dute.
LABek eskatzen du maiatzak 31 arte dagoen eskaintzak egiteko epea negoziatzeko baliatzea.