Bat egiten dugu Harro Topaguneak plazaratutako aldarrikapenekin

614

LABek bat egiten du gaur goizean Harro Topaguneak Hezkuntza Akordioari begira plazaratutako aldarrikapenekin, hala nola, eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzea, kontzertazio unibertsalaren politikarekin amaitzea, segregazioa gainditzeko neurri tinko eta eraginkorrak ezartzea edota euskalduntzen ez duen hizkuntza- ereduak finantzatzeari uztea.

Hala izanda ere, Hezkuntza Akordioari dagokionez, LABek badauka bere proposamena: urtarrilaren 24an aurkeztutako Dekalogoa, non hezkuntza sistema antolatzeko proposamen integrala eta eremu laboralari loturikoak biltzen dituen. LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa sortzea proposatzen du, titularitate publikoko eta hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritutako hezkuntza sare bakar eta burujabea.

Norabide horretan, egungo eredu dualetik sare bakarrerako konfluentziarako proposamena egiten dugu. Eta horretarako, Harrok plazaratutako aldarrikapenez gain, bestelako eskaera batzuk ere jasotzen ditugu; hala nola, tokian tokiko hezkuntza antolaketa publikoa, non planifikazio eta eskolaratze batzorde bateratuek matrikulazioaren eta diru publikoaren kontrola egingo duten, edota diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen titularitatean parte hartze publikoa bermatzea.

Gauzak honela, Hezkuntza Akordioari begira LABek Dekalogoan bildutako bere proposamena landuko badu ere, gaur Harro Topaguneak azaldutako aldarrikapenekin bat egiten du eta Harro Topagunean parte hartzen jarraituko du.