Aste honetako 3. greba egunak ere babes zabala izan du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

499

Gaurko Donostiako manifestazioan milaka langile batu direla adierazi ostean, Urriko hiru greba egun sorta arrakastatsutzat jo dute sindikatuek

Hurrengo grebak abenduaren 11 eta 15 bitarterako erregistratuta dituztela gogorarazi dute. Eta Patronalei hitzarmena adostea ahalbideratuko duten edukiak lantzeko eta proposatzeko deia luzatu diete

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileriak Lan Hitzarmena berritzeko helburuarekin egin duen laugarren greba eguna da gaurkoa. Lehenengoa apirilaren 25ean egin zuten. Aste honetan hiru greba egun egin dituzte, urriaren 17,18 eta 19an. Eta beste bost greba egun daude erregistratuta abenduaren 11 eta 15 bitarterako. Gaur Donostiako manifestaziora milaka langile gerturatu dira.

Gaurko grebarekin urriko aste honetarako deitutako hiru greba egun sorta amaitzen da. Sindikatuek hiru greba egun hauen balorazio oso positiboa egin dute. Grebek jarraipen zabala izan dute, langileriaren %70 ingururena eta egindako manifestazioetan 4.000 eta 5.000 langile bitarte batu dira egunero.

Egun hauetan sektoreko Kristau Eskola patronal nagusiak adierazi du elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egiten duela. Azken negoziazio mahaia otsailaren 2an izan genuenetaik ordea, patronalak ez dira sindikatuekin harremanetan jarri ere egin.

Ikasturte hasieran, sindikatuek, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera berri bat ere helarazi diete; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dute ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Sindikatuon helburua 2021etik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Ez genuke aurreko hitzarmena lortzeko beharrezkoak izan ziren 29 greba egun luze barnebildu zituen dinamika errepikatu nahi.

Aurreko hitzarmenaren negoziaketan argi geratu zen edukiak daudenean adostasunak lortzen direla. Sindikatu nagusi eta patronal nagusi berdinen artean posible izan zen orduan.

Horrela, gaurko manifestazioaren amaieran, sindikatuek Kristau Eskolako egoitzan gutun bat aurkeztu dute. Kriatu Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziazio erreala ahalbidetuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatu diete. Hitzarmena berritzea posible egingo duten proposamenak landu eta mahai gaineratzeko ere bai. Abenduaren 11 bitarte nahikoa denbora dute honetarako.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan dituzte.

Euskal Herrian 2023ko urriaren 19an

PDF Embedder requires a url attribute