Apirilaren 25ean EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak grebara joango dira sindikatuek deituta

298

Hala berretsi dute gaur sektoreko patronal nagusia den Kristau Eskolak Donostian duen egoitza aurrean egin duten elkarretaratzean Martxoaren 21ean ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek prentsaurreko bat eman zuten. Lan Hitzarmenaren negoziaketak blokeatuta daudela salatu zuten, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako egiten. Hori dela eta mobilizazioetara jotzeko erabakia egin zuten publiko. Martxoaren 23an elkarretaratzea egin zuten Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Eta egun osoko greba dute deituta apirilaren 25erako.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuek. Prentsaurrekoa baino bizpahiru egun lehenago, negoziaketa mahaian ordezkaritza daukaten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei idatzi bat aurkeztu zieten. Bertan, negoziaketarako sindikatuen borondatea agertu eta edukiz betetako Lan Hitzarmen baten inguruko proposamena mahai gaineratzeko eskatu zieten.

Gaur gaurkoz ez dute patronalen aldetik inolako erantzunik edo berririk izan. Ezta proposamenik jaso ere. Patronalen inmobilismo eta balizko proposamenik ezaren aurrean, apirilaren 25ean, datorren asteartean, grebaren beharrean berretsi dira sindikatuak.

Sindikatuek sektoreko langileak greba jarraitzera eta egun horretarako Bilbon antolatuko duten manifestazioan parte hartzera deitu dituzte gaurkoan. Manifestazioa goizeko 11.00etan Jesusen bihotzetik aterako da eta Arriaga plazan amaituko da.

Lan Hitzarmenaren negoziaketarako sindikatuon aldarrikapen nagusiak:

Iraupena
2022-2024 (2021eko soldatak barne).

Lan-zamak arintzeko neurriak
◦ Irakasleak: eskola orduen murrizketa esanguratsua. Murrizten diren eskola orduak ordu osagarri bihurtzea eta ordu osagarri horiek lan pertsonalerako izatea.
◦ Irakasle ez diren langile tituludunak: Irakasleen urteko lanaldi berdina.
◦ Kolektibo guztietan ordezkapenen erregimena hobetzea.

Sektore feminizatu eta prekarioentzako hobekuntzak
• HH Lehen zikloko langileak HH bigarren zikloko langileekiko homologazioan pausu garrantzitsuak.
• Hezkuntza Laguntza Espezialistak (EAE) lanaldi osoak bermatzea eta ordu osagarriak gehitzea arreta zuzenekoak murriztuz.
• AZP urteko lanaldi murrizketa esanguratsua, lan zamak neurtzeko eta mugatzeko neurriak ezarriz.

Soldatak
• KPIaren bermea
• Aurrez galdutako eros ahalmena berreskuratzen joatea.
• DBH 1 eta DBH 2ko irakasleen soldata parekatzea.

Enplegua. Lanpostuak mantentzeko
• Birkokapen prozedurari buruzko erreglamendua Hitzarmenean jasotzea eta betearazteko bermeak ezartzea.
• Birkokapen akordio mugagabea bermatzea.

Lanbide Heziketa
– Lanaldi irregularra arautzea: Asteko ohiko eskola orduak gainditzeko baldintzak negoziatu eta hitzarmenean txertatu:
Ordu lektibo eta osagarrien proportzioa mantendu beharko da. Konpentsazioa egon beharko da.
– FCTs: 6 ordu astean ikasturte osoan; ez bakarrik praktika garaian.
– Tailerretan bikoizketa arautu.
– Lanbide Heziketako lege berriak ekar ditzaken aldaketen aplikazioa negoziatzea.

Behin behineko kontratazioa eta aldizkako kontratazio finkoa
• Lanaldi osoko kontratu mugagabeen nagusitasuna jasotzea
• Aldizkako kontratu finkoen erabilpenik ez dela egongo jasotzea arau orokor bezala.

Lan Osasuna
– Behin behineko ez gaitasun osagarria baja-denbora efektibo osoan.
– Arrisku psikosozialak, bai prebentzioan baita identifikatutako gabeziak konpontzeko planak ezarri ikastetxe guztietan, jazarpen-protokolak barne.

Euskara Planak
– Plantilla osoarentzat, irakasleak ez direnak barne.

Berdintasun Planak
• Hitzarmeneko zentro guztietan.